Badirurdi, Bilboko bizitzak, errutinarantz jotzen duela pixkanaka. Goizean esnatu (07:00), gosaldu, dutxatu, jantzi, motxila prestatu eta kalerantz abiatzen naiz oraindik ilun dagoenean. Igogailuaren zain, eguneko lehen gogoeta egiten dut, beharrezko guztia hartu ote dudanaren inguruan. Ezkaratzetik irtetean, lanean egon ohi den garbitzaileari "Egun on!" bat eskaini eta autobus geltokiraino dudan distantzia egiten dut, beherantz begira normalean. Iristean, Ane Bombin agurtu eta autobusari itxaroteko jarrera egokia hartzen dut. Leioako Campusera iristean, autobusetik jaitsi eta fakultaterantz abiatzen naiz. Garaiz heltzen naiz beti, beraz, pasilloko eserlekuetan jezarri ohi naiz. Atezainak atea irekitzean, guztiak batera sartzen gara eta norbere lekuetan eseri ostean klaseak hasten dira, irakaslea heldu bada behintzat.
Hala ere, gaur aipagarria deritzodan zerbait gertatu da: Kimikako klasean ginen, Oscar Castillorekin, eta bat batean, irakasleari, mugikorrak jo dio. Isiltasun osoa gauzatu da momentu horietan eta guztiok (begiak geure apunteetan genituenok barne) begiratu diogu. Orduan, maisuak, lasaitasun osoz, mugikorra poltsikotik atera eta egin beharrekoa egin du, honek jotzeari utz ziezaion. Jarraian, "zuek ez zarete bakarrak", esan du, irrabartsu, bere tolerantzia agerian utziz. Zurrumurrua sortu da orduan, gelan. Hala ere, irakasleak azalpena emateari berrekin dio eta segituan bueltatu da, giroa, bere ohiko egoerara. Guztira 20 segundo, gehienez.
Klasearen bukaeran, tabloira hurbildu naiz, ikaskide guztien antzera, Oscarrek iadanik jarriak zituen Kimikako kontroleko kalifikazioak ikustera: [5.0] Espero nuen, kontrola egin eta minutu batera ohartu banintzen nire akats larriaz, eta guztia, galdera ondo ez irakurtzeagatik. Zapuztu beharrean, gogoz bete nau emaitza honek eta motibazioa igo dit, aurrerantzean datorrenarekiko. Ikusten duzuenez, hori da nire egun batek duen gertaerarik aipagarriena. Beno, hori eta Markel ez dela azaldu klasera, baina azken honi buruz idatziko dut aurrerago.
Orain, zuen baimenaz, korrika saio bat egitera aterako naiz, Ituk aholkatu zidan leku batera. Ordu bete egiteko asmoz noa. Ikusiko dugu.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario