2007/12/19

I LOVE SNOW


Duela aste batzuk, Oier Mees-en dei bat jaso nuen, non, elurretara joateko eskaintza egiten zidan. 54 euroren truke, Astún-eko (Aragoi) estazioan 3 egunez (abenduaren 27, 28 eta 29) gozatu ahalko genuen. Behin baldintzak jakin nituenean (3 egunetarako Forfait-a, otordu guztiak barneratuta, 2 gauetarako estalpea...) anaiari, gestioa egin ziezadan eta nire izena eman zezan eskatu nion. Honek, eskatutakoa egin zuen. Materiala neure kontu geratzen zen, baina hori ez zen arazo Joel-i esker.

Hala ere, kontu honek, bi gai gatazkatsu ditu. Lehena zera da, Zarauzko Gaztelekuak antolaturiko irteera dela, erakunde arrotza nire hurbileneko lagunentzat (niretzat barne). Bigarrena berriz, abenduaren 29, San Mames futbol zelaian, Euskal Herria - Catalunya norgehiagoka ospatuko dela, selekzio nazionalen ofizialtasunaren aldeko jaialdian. Ospakizun berari lotuta, Gozategi (David Gorosperen taldea) eta Betagarri talde famatuak arituko dira. Sekulako amorrua eta pena ematen dizkit azken ekitaldi hauetara (partida eta bi kontzertuak) ezin joan izanak. Hori gutxi balitz, zenbait lagunek gaua luzatu eta parranda ederra bota ostean Komando Bizkaiaren etxean geratzea erabaki dute.

Guzti honekin ere, ikaragarria da, urtebete eta gero, elurretara joateko dudan gogoa. 3 edo 4 aldiz izan naiz aipatutako estazioan eta oso handia ez denez (40 kilometro eskiagarri inguru) nahiko ondo ezagutzen dut. Orain, kondizio metorologikoak onak izan daitezen esperotzea bakarrik geratzen zait. Dena ondo bidean, pistetan behera arituko gara hurrengo asteko osteguneko lehen orduan.

Besterik gabe, Bilbora joango diren lagunei ondo pasa dezatela aholkatu eta etxea zaindu dezatela eskatu nahi diet.


P.D: Uste dut, ez dela esan ere egin behar egingo dudan kirola Snow(boarding)-a dela.

Errorea Kontagailuan

Egun batzuk atzera, kontagailua begiratu nuenean, nire blogak bisitarik jaso ez balu bezalako zenbakia adierazten zuen, hau da, "...0000". Jarraian, ondorio metafisiko batera heldu nintzen; ezin gerta zitekeen behin egindako bisitak atzera "des-bisitatzea", beraz, argi geratu zitzaidan errore informatiko baten ondorioa izan behar zuela. Nahiko zapuztu ninduen hartaz konturatzeak, zenbakia zerora jeisteaz gain, bertan finkatu baitzen, blogak bisitak jasotzen jarraitzen zuen arren. Ahalik eta bizkorren akatsaren iturria bilatu eta berau konpontzea espero dut, jendeak irakurtzen dituela ikusteak bultzatzen bainau sarrerak argitaratzera. 800-etik gora ziren akatsaren momentuan, ikaragarria (niretzat behintzat), beraz, zenbaki hartatik zenba dezan aginduko diot konpontzea lortzen dudanean. Eskerrikasko jarraitzaileei.

2007/12/11

Kaiola Berria

Nahikoa ez eta... beste buruhauste bat. Handia gainera. Hala ere Bilbon egonik txikiagoa da nigan duen eragina.
Gauza zera da, nire gurasoen bizi-plangintzen barruan aldaketa bat nabari eta gauzatu zela. Etxebizitza aldaketa hain zuzen. Duela hilabete batzuk, amak, etxea bere izenpean utziko zuen kontratua sinatu zuen. Hortik gutxira obrak hasi ziren (etxea ez baitzegoen bizitzeko moduan), eta hauekin batera, "kaosa". Azken hilabete erdian, gremio guztiak (guzti-guztiak) pasa dira etxetik. Tarte honetan lan ugari izan dut etxearekin lotuta, izan ere, denok lagundu behar
genuen, "proiektuak" arrakasta izango bazuen. Azken aste honetan lana areagotu da, fase nekagarrienera heldu baikara, behin betiko "mudantza"-ra. Armairu, bestelako altzari, arropa eta etxe guztietan aurki daitezkeen trasteak garraiatu genituen. Pasa den larunbateko gaua (edo zati bat, nire kasuan) izan zen etxe berrian igarotako lehena. Igandean, etxea utzi behar izan nuen Bilbora etortzeko eta, egia esan, nahiko itxura ona zuen etxeak, utzi nuen momentuan. Ostiral honetan, kostako bazait ere (ohitura faltagatik diot), etxe berrira joan beharko dut zuzenean. Ea are itxura hobea duen.
Aipatu naiko nukeen beste gai bat, honen kokapena da. Beharbada batzuentzat txorakeria bat izango da, baina, ez dakizue pisua Azken Portun egoteak niretzako duen garrantzia zenbaterainokoa den. Sentimental jartzen uzten badidazue; jaio, hazi, ikasi, jolastu, lagunak egin, bihurrikeriak egin, amestu, jaietaz gozatu, jaiak antolatu, negar egin, maitatu... egin dut auzo (eo herri, komisiyoko guztiyantzat biotzez, jeje!) honetan. Horrela izanik, non hobe, Azken Portun baino?
Besterik gabe, hau amaitzera doa eta laister finkaturik nagoelako aipamena egin ahal izatea espero dut.
LAXTE ARTE! IZAN UNTSA!
P.D: Oraingoan, izenburua, Ituren eskutik datorkigu.

2007/12/03

"Ametsa ote? Erantzuna behar dut!" Erantzuna; ez... ez da ametsa!!!

"[2007-11-30]
AZKEN BERRI BERRIAK!!!!!ABESLARIA AURKITU DU TALDEAK!!Hemendik aurrera taldea sendotu eta berriz ere kontzertuei ekingo diote!Laister informazio gehiago..."
Hauxe irakur daiteke IPAR HAIZEA-ren webgunean sartzean. Egia izango da beraz. Taldean hitz egin zuten nonbait, eta Dabitxinek bozeramaile lana egin zuen, niri eskaintza eginez. Ez nuen pentsatu beharrik izan ere, taldeak hala nahi bazuen ez nintzen ni izango trabak jarriko zituena. Taldeak badaki nire nondik norakoa, eta badaki, baita ere, nire ezagutzak eskasak direla musikaren arloan. Horrekin guztiarekin ere aukera bat ematea erabaki du. Hemendik aurrera, lana da geratzen den bakarra. Lehen pausoa, taldera moldatzea izango da, bigarrena, kanta berriak atera, grabatu eta kontzertuak ematea. Hori bai, ez dut inongo presarik, lan handia baitago (baitut) egiteko. Beno, blog honi dagokionez ere... "laister informazioa gehiago..."