2013/03/04

Izenbururik gabe


Ez dut ezer berezirik egingo, eskuak teklen gainean paratu eta burura etortzen zaidanari atea irekitzea besterik. Aspaldiko telesail bat telebistan. Nerabezaroan jarraitzen nuen talde batek diska berria aterako du, aurki; enegarrena. Ez dut uste ezer berria egingo dutenik. Euren txokoa aurkitu dute, eta gustora daude bertan. Enpresa sortu dute. Garai zailetan enpresa sortzera ez da jende asko animatzen. Beharbada, ez dute jakingo besterik egiten, musika baino. Musika eta bizi. Jaio.Musika.Hil,  baten batek zioen bezala. Hark ere enpresa egin zuen, baina ez du zerikusirik.

Pozik nago bihar Bilbora joango naizelako. Pozik nago bihar nire lagunak ikusiko ditudalako. Gogo handia dut nire lagunekin elkartzeko, Bibon. Nostalgia apur bat ere ematen dit hiriak. Izan ere 5 urtez bizi izan nau, eta bada zerbait. Bost urte inoiz ez ahaztekoak, ziur. 17 urte nituela joan nintzen Euskal Herriko hiririk handienera, eta, ez dakit nola, ez nintzen galdu. Hala ere, ez nion hiriari behar besteko zukua atera. Orain, bertara bizitzera joango banintz, askoz gehiago biziko nuke Bilbo. Baina, tira, San Inazio auzoko pixu hartan bizitakoa ez dut berehalakoan ahaztuko. Bertan egin nintzen gazte.

Gogorra ari da izaten berriz gurasoekin bizitzera ohitzea. Lan bat nahiko nuke, independente izan, gurasoekin ordu gutxiago igaro, horrek erlazioa hobetuko lukeelakoan. Enieken gurasoei euren espazioa jan nahi. Eta badakit nazkatuta daudela, beste hainbat eta hainbat guraso bezala. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, baina ez ditut nire gurasoenak hemen idatziko. Ezingo nuke amaren samina azaldu. Ondo dagoela ematen duenean, pattal jartzen da, bat batean. Behin eta berriz. Karga handia du, nonbait, eta enuke, nik, karga horren parte izan nahi.

Ez digute irakatsi aske izaten. Kontrara, lotu egin gaituzte. Jasangaitza den erregimen batean jarraitzeko prest gaude, kosta hala kosta. Ezagutzen ez dugunaren beldurrak gainditu egiten gaitu. Bada, aske izaten ikasi egiten da, irakatsi. Ni ez naiz aske gurasoenean. Nik baditut mila ezinengon, gurasoen etxean egonda asetu ezin ditudanak. Eta gurasoek dena ematen didate. Atera kontuak.

Ez dakit zein helbururekin jarri naizen hau idazten, eta, idazten dudan heinean galdera nire buruari egitean, sentsazio arraroa dut gorputzean. Arraroa, baina ez ezezaguna. Terapia. Bihar, Bilbon pasako dut gaua. Terapia.

Eskutitz baten itxura har lezake gutun honek, destinatarioa zehaztuta balu. Baina ez dut erabaki, oraindik, zeini bidaliko diodan. Pare bat izen darabilzkit buruan. Hiru. Baina ez dakit bidali ere gingo dudan, sikiera.

Konturatu naiz parrafoak gero eta laburragoak direla. Ez dut ezagutzen horren arrazoia. Pantailaren dimentsioek ez didate uzten irakurtzen “Ez digute irakatsi aske izaten” esaldiarekin hasten den parrafotik gora jartzen duena. Lehenengo zuzenketa egin dut, aurreko esaldian, aditza aurreratzeko. Aditza aurreratuta hobe ulertzen omen dira esaldiak. Nola deituko genioke joera horri? Proposamenik? Ez. Ez digute irakatsi aske izaten, baina aditza aurreratzen bai, aditza aurreratzen irakatsi digute. Eta ongi ikasi ere. Baina... aditza aurreratzeak nire askatasunaren aurka egiten badu? Irakatsi eta erakutsi ez dira gauza bera. Proposamen bat: saiatu erdal hitzak/definizioak ez erabiltzen euskarazko gaizkiulertuei irtenbidea emateko. Hitzekin jolas egiten irakatsi al digu, bada, inork? Eta poesia egin nahi badut? Eta besterik egiten ez badakit? Eta nire herriak, behingoz, hizkuntzarekin dudan harreman berezi hau haintzat hartu eta errespetatuko balu? Eta zer da norberaren obra? Argitaratzen dena? Aske izate hutsa sentitu nahiko nuke, arren, hau idaztean sentitzen dudana baino hobea bada.

Baina ez dut bukatu nahi. Hatzak ordenagailutik altxa eta tristurak hartzen du nire gorputza. “Lo eginarazi behar diok!” diotsa nire buruak nire buruari. Lo egin behar du gorputzak, bihar preso izan dadin, berriz ere. Sar dadin aurretik sortu duten profilean. Nik neuk erabakitzen al dut nire proiekzioa? Hein batean bai, zeren eta nik erabakitzen dut nire estetika. Baina ikerketek diote (eta egia da) denak sentitzen garela berezi besteekiko. Zentzu onean edo txarrean, ez dakit. Baina denok diogu nolabaiteko aprezio extra geure buruari. Baina nondik dator hori? Zein izen du filosofian? Beherrezkoa al da bizirauteko? Eta lehen, basatiak ginenean? Zenbateraino agintzen dute geuregan, gizakiarengan, gainontzeko animalien gainean agintzen duten lege naturalek? Ehuneko ehunean? Ziur? Zer dio Darwinek?

Aurreko batean, intsektuen iherarkiari buruzko lan bat egin nuen. Eta justifikatu egin nuen, nolabait, sistema eraginkorrena zela esanda. Hori al da kapitalista sutsuek erabiltzen duten argudio bera? “Zertan, soziologikoki, bereizten gara intsektuetatik, orduan?” pentsatu dut orain. Merkatu librearen jarraitzaileek intsektutzat dute euren burua? Orduan? Zeintzuk dira? Non daude? Zenbat dira? Ni horietakoa al naiz? ...

Noizko iraultza bat Espainian? Hainbeste jende dagoela-eta gaixki pasatzen ari dena, inoiz ikusi gabeko korrupzio-indizeak, inoiz ikusi gabeko aginte-boterea... Metodoek bereizten dute Espainia Erdi Arotik; erroan, gizarte bera da. Zenbateraino eragiten dio horrek Euskal Herriari? Zergatik esan dio Euskal Patronalak nahikoa dela Espainiakoari? Euskal enpresa zintzoagoa al da? Garbiagoa? Sozialagoa? Herritik hurbilago dago?

Maiz izan dut buruan honako galdera: ze leku izango luke arlo pribatuak nire Estatu utopikoan? Utopikoan ez luke kabidarik izango, jakina, baina utopikotik gertueneko proiektu egingarrian? Ez dakit erantzuten; baina izango luke, ziurrenik. Gehiengoaren diktadura ez da, beti, justuena. Noizko...? Zer paper jokatu beharko luke Euskal Herriko gazteriak? Post scriptum: zer da hau?

P.D: ez ditut paragrafook justifikatuko.