2013/11/05

Animaliakrazia

“Antxus, zuri ez zaizkizu animaliak gustatzen?” To, galdera! Ez nuke jakingo erantzuten. Eta, batez ere, ez dudalako jakiten galdetzen didanak zein zentzutan galdetzen didan.  Ez dakit nire kabuz pentsatutako erantzun pasional bat ematen, “bai, ikaragarri” kasu. Beti pentsatzen dut bost urtez Biologia delako gaietan lizentzia ofiziala eskuratzeko ahaleginetan ibili izanak arrastoa utzi beharko lukeela nire erantzunean. Eta, beharbada, ez luke zertan; baina ezin dut ekidin. “Ez bereziki” erantzun ohi dut, solaskideak nire “lizentziaren” berri baduela uste badut. Ze, hala bada, neurriko erantzuna nahiko du; eta, hausnarketa eragitea maite dudanez: hartzank!

“Biologia ikastera sartu huen, animaliak ‘bereziki’ gustuko izan gabe.” Ideia horrekin gelditzea aukera bat izan ohi da solaskidearentzat, eta ez da gutxi! Hala ere, 10 puxtarri izango lituzke “zergatik egin zian, orduan, aukera hori?” pentsatzera iritsiko litzatekeenak.

Azal nadin: hasteko, animaliak ez zaizkit niri gustatu behar, ez daude horretarako. Hor daude, besterik gabe. Drogak bezala. Eta euren jatorriaz eztabaida luzea izan genezake. Baina ez da hori kontua. Zientzialariek eta zientziafiloek A esango dute eta erlijiolariek eta erlijiofiloek B. Bidenabar derradan, A eta B ez direla beti aurkakoak eta elkarren baztertzaile. Baina, tira, jatorriak jatorri, hor (hemen) daude eta kitto.

Jarraitzeko: animaliak bezalako talde taxonomiko (bizidunen taldekapen zeintifikoak taxonomia izena du) handia horrelako erraztasunarekin definitzeko ahalmenak harrituta uzten nau (uler “definitu” zentzu hertsian; hots, “mugatu”-ren baliokide gisa) . Eta, “kiskilloso” bat naizela pentsa dezake norbaitek; baina ulertu bost urtek askorako ematen dutela. Animalia kontzeptuaren definizio zurruna dutenen aurka, biologiaren (zientzia dinamiko gisa) erronka nagusietakoa da, gaur egun ere, definizio hori fintzen joatea. Eta hala izango da, mundu hau konpartitzen dugun izakion zerrenda osotik gero eta zati handiagoa ezagutzen dugun heinean.

Ikerketek diote, animalien erreinuko indibiduo lurtar guztien artean zoriz bat aukeratuko bagenu, intsektua izango litzatekeela %99.99ko probabilitatearekin. Eta, pentsa (ehunekotan nahi baduzue), munduko zoologo guztien artean zenbat dira entomologoak? Gutxi. Izatez, ni biologo gisa lizentziatu naiz Entomologia ikasgaian matrikulatu ere egin gabe. Hautazkoa zen. Animaliak gustatzen zaizkit?

Mota guztietakoak ikusi ditut, liburuetan bada ere: handiak, txikiak, luzeak, meheak, oso txikiak, indartsuak, ziztatzaileak, hilgarriak, pozoitsuak, azkarrak, oldarkorrak, isilak, marrukariak, itsaskorrak, estrangulatzaileak, hegalariak, beroak, hotzak, gautarrak, mimetikoak, animaliak ere ez diruditenak.... eta animaliak gustatzen zaizkidan galdetzen didazu?

Animaliek beldurra eragiten didate, lasaitasuna, alaitasuna, tentsioa, enpatiaz jokatzea, ihes egitea, salto egitea, jolastea, oldarkorra izatea, apala izatea, kantatzea, laztantzea, besarkatzea, borrokatzea... eta hori da gustatzen zaidana. Animaliekin dudan harremana egunero hobetzen saiatuz, gizakiarentzat bakarrik ez den mundu honetako ikuspegi antropozentrikoaren kontra dihardut.

Agian, galdetzen didanak, “abereak” gustatzen ote zaizkidan galdetu nahi dit berez, eta arazoa lexiko-semantikoa da soilik. Kasu horretan, hobe ulertzen dut galdera, ze abereak, etxabereak, behinik behin, gizakiak sortu ditu; batzuen gainean hein handiagoan eragin du, beste batzuen gainean, berriz, txikiagoan. Alegia, ugalketa bideratuen bidez (gurutzaketak), gizakiak bere interesak asebetetzeko izakiak sortu ditu Hautespen Antropiko deitu genezakeen presio “ebolutibo” (ez dakit eboluzio terminoak kabidarik baduen esaldi honetan) baten baitan. Beraz, testuinguru horretan, hobe kokatzen dut galdera, ze gizakiaren eskuhartzea balora nezake; gizakiak jarraitutako metodologia, hartutako erabaki jakinak, gaiaren kudeaketa eta sortutako abereen gaitasunen inguruko iritzia eman nezake eta, horrek, nolabaiteko eragina izan lezake etorkizunean (oso txikia bada ere).

Ez zaizkit animaliak gustatzen. Animaliek (eta bizidunek oro har) mundu honetara ekarri duten aberastasun morfo-funtzionala gustatzen zait. Eta guztiaren gainetik, aberastasunaren konplexutasuna. -->