Barrena jaten dit. Jendeak gorrotoa die
etorkinei. Are gehiago esango dut: gero eta jende gehiagok sentitzen du gorroto
hori.
Guztion gainean dagoen kisi ekonomikoaren lainoak
giroa ilundu du, eta jendearen jarrera gogortzea eragin du zentzu guztietan,
alor guztietan. Izatez, norbanakoari bere sudurretik haratago begiratzea ahaztu
zaio; helburu eta helmuga bakarra bilakatu zaio gertukoenen ongizatea bermatzen
saiatzea, urrunagokoen kaltean bada ere. Horrek, politikan, ‘abertzaletasun
xenofoboa’ esan nahi du; alegia, pentsatzea etorkinen xedea bertakoen ongizatea
urratzea dela, aberkideen esfortzuarekin eraikitako baliabide eta zerbitzuez
aprobetxatuz.
Ezin
dut burutik kendu, hilabete batzuk pasa badira ere, greziako hauteskundeetan
gertatutakoa: Urrezko Egunsentia
delako alderdi politikoak parlamentuan sartzeko gutxieneko bozka kopurua
eskuratu zuen, eta bertako kideak lanean ari dira etorkinak estatutik
kanporatzeko egitasmo krudela ardatz. Hiru arrazoi nagusik arduratzen naute
aipatutakotik: lehena, ez dela gertaera isolatu bat, europako joera nagusiaren
muturreko adierazpena baizik; bigarrena, Grezia krisi ekonomikoa gehien pairatu
duten estatuen buruan kokatzen bada ere, Espainia antzeko egoeran dagoela, eta
horrek zuzenean eragiten diola euskal herritarron zati handi bati; eta
hirugarrena, politikako goi-esfera horietako korrontea kalean ere badabilela.
Azal dezadan bada azken puntua xeheago, horixe
baita testua idaztera eraman nauena. Nik uste nuen gaindituta zegoela, nire
lagunartean, gai jakin batzuen inguruko eztabaida; bada, azken asteotan
bolo-bolo ibili da, nire harridurarako, etorkinen inguruko gaia. Zenbaitek ez
du begi onez ikusten kanpotik etorri den inork laguntza ekonomikorik zein
bestelako laguntzarik jasotzea, ez behintzat egungoa bezalako egoera batean.
Uste dute (nahiz eta hitz hauekin ez esan) bertan jaio garenoi eskubide bereziak
dagozkigula; alegia, onartzen dute herrialde jakin batean jaio bazara herrialde
horren menpe zaudela, eta, alderantziz, herrialde hori soilik dagokizula
zuri... eta bai, barrena jaten dit, batez ere, “aberriaren salbatzaile”
sentitzen direlako. Naziek gauza bera sentituko zuten, ziur, ezta? “Ez, guk ez
dugu kanpotarrentzat ezer txarrik nahi!” Baina, kontuz, naziena erokeria hutsa
zen... “Ez alderatu ni gero bihozkabe horiekin!”, diote. Ja. Hori dioenak,
ordea, ez du ikusten gogoz kontra egin behar izaten duela alde etorkinak bere
herrialdetik, ez dela kapritxozko erabakia; eta geurean merezi duten bezala
hartzen ez baditugu ere, nahiago dutela mugitu. Atera kontuak.
Nire txanda, labur. Herrialdeekiko duten
jabegoaren ideia atzerakoia da oso, krispaziora darama gizartea, eta agerian
uzten ditu goian aipatutakoa defendatzen duenaren gabeziak. Gabezia horien
artean enpatiarena aipatu nahiko nuke, gizarte bakezale batean zinez oinarrizkoa
den balore baten gabezia. Horregatik, uste dut hezkuntza-sistemak duela korronte
beldurgarri hori gelditzearen ardura: bizikidetzarako oinarri egokiak eraikiko
dituen belaunaldi baten sorrera funtsezkoa da. Belaunaldi berri horrek (benetako
arazo diren) ghettoak desegingo ditu, eta etorkinek ez dute ‘etiketa’ hori
eraman behar izango mugitu diren tokira moldatzeko behar duten denbora baino luzeagoz.
Garai bateko nomadek hau irakurriko balute...
