Etengabe aurkikuntza berriak egiteko gaitasuna du gizakiak. Horietako
askok onurak dakarzkiote zuzenean, osasunean esaterako. Eta horietako asko eta
asko animaliekin eginiko esperimentazioan oinarritzen dira.
Oroitzen dut biologiako ikasle nintzela euliei proba genetikoak egiten
genizkiela; mutazioak eragiten genizkien. Eta gutako inor gutxi zen kexu.
Aztoratu egiten ginen, ordea, medikuntzakoek sagu gaixoei egiten zizkietenak
entzunda. Baina ez dut uste hura hipokrisia zenik. Hala sentitzen genuen.
Ezin da ukatu aurrerapauso handiak eman direla medikuntzan azken
urteotan. Gaixotasun askorentzat sendagaia aurkitu da, eta beste eritasun
batzuen sintomak arintzeko farmakoak sortu dira. Garapen horretan ez da nahikoa
ezagutza teorikoa, ezinezkoa baita diseinatzea organismo baten fisiologiako
aldagai guztiak kontuan hartzen dituen eredua. Bigarren mailako eraginak eta
albo-kalteak in vivo aztertu behar
izaten dira, ez dadin izan efektu negatiboa positiboa baino handiagoa. Ahal
dela bestelako eragin horiek ezabatu egiten dira, jakina, baina horretarako
ezagutu egin behar dira. Eta, maiz, ez da hala izaten, substantzia organismo
batean probatzen den arte. Froga enpirikoak ezinbestekoak dira, beraz. Hala
ere, horrek ez du esan nahi arazo etikoekin topo egiten ez dugunik. Gai honek
eztabaida bizia sortu izan du beti.
Nire ustez, eztabaida ez da inoiz bukatuko. Helburuak honakoa izan
beharko luke: balore etiko sendoetan oinarrituriko kudeaketa lortzea. Ez dut
uste ikerketetan animaliak erabiltzea debekatu behar denik. Izan ere, gizakiak
ahal izan duenetik erabili ditu animalia-haztegiak jakien ekoizpena handitzeko.
Horrekin bizi-kalitatea hobetu nahi izan du. Eta osasungintzaren helburu
nagusia hori da: bizi-kalitatea hobetzea. Beraz, ez dut uste azterketetan
erabiltzeko animalien kasua ezberdina denik.
Dibertsitatearen puntutik ere eragina hutsala da. Haztegietan
sortutako animalia hauek ikerketetan bakarrik erabiltzen dira, eta horien
ugalketa guztiak bideratuak dira, ez naturalak. Beraz, ez du inpaktu negatibo
zuzenik ekosistema naturalean. Gainera, laborategiko barietate gehienak ez dira
gai hortik kanpo bizitzeko.
Bestalde, tontakeria bat badirudi ere, komeni da presente izatea
landareak, bakterioak eta bestelako bizidunak ere erabiltzen direla
esperimentuetan. Horiek, ordea, ez dute eztabaidarik sortzen. Hortaz, onartzen dugu izaki bizidunekiko sentsibilitatea euren
nerbio-sistemaren garapenaren, gurekin duten hurbiltasun filogenetikoaren eta
bestelako arrazoien araberakoa dela.
Ene uste apalean, ikerketa bakoitzaren xedearen oinarri etikoek egiten
dute zilegi animaliak erabiltzea. Beste modu batean esanda: kirurgia plastikoan
ekarpenak egitera bideratutako ikerketa batek debekatua izan beharko luke sagu
bakar bat ukitzea. Nahiz eta gero eta jende gehiagok uste izan kirurgia mota
horrek ere onura handiak ekartzen dizkiola gizakiari, autoestimuan-eta. Baina
hori beste eztabaida bat da. Aldiz, onar dezakegu sagu batzuk infektatu eta hil
izana minbiziaren aurkako farmako bat aurkitzeko. Horregatik, erakunde
pribatuek inspekzio zorrotza izan beharko lukete, ez ditzaten esperimentuak
irabazi-helburuekin egin.
Bestalde, uste dut animalien eskubideak errespetatzeko pausuak eman
behar direla. Historian zehar, gizakiak, ezagutza eskuratzearekin batera,
onartu du ondoko familiaren, tribuaren, herriaren, arrazaren... eskubideak
bermatu behar dituela. Bide horretan jarraitu beharko genuke, primateetatik
hasita, adibidez.
Aipatutakoagatik guztiagatik, ezinbestekoa da beste arloetatik datorren
jendeak egindako ekarpena. Horiek, gazteek defintuko dute zein izango den
etorkizunean animaliekin dugun harremana. Kontrajarriak izango dira, askotan,
medikuaren ikuspuntua, biologoarena, ekologoarena, ekologistarena,
farmazialariarena... Baina kontrastatuena da, beti, balio handieneko iritzia.
Azkenik, uste dut galdera zehatzetatik has daitekela norbera bere
iritzia eraikitzen. Esaterako, ados zaude ikasleak saguekin aritzearekin? Ez
dute aurkikuntzarik egingo esperimentu horiekin, baina etorkizunean bai, agian.
Eta saio horietan eskuratutako jakintzaz baliatuko dira. Pisuzko justifikazioa
da? Ezin da jakintza bera eskuratu animaliarik sakrifikatu gabe?
