2013/11/05

Animaliakrazia

“Antxus, zuri ez zaizkizu animaliak gustatzen?” To, galdera! Ez nuke jakingo erantzuten. Eta, batez ere, ez dudalako jakiten galdetzen didanak zein zentzutan galdetzen didan.  Ez dakit nire kabuz pentsatutako erantzun pasional bat ematen, “bai, ikaragarri” kasu. Beti pentsatzen dut bost urtez Biologia delako gaietan lizentzia ofiziala eskuratzeko ahaleginetan ibili izanak arrastoa utzi beharko lukeela nire erantzunean. Eta, beharbada, ez luke zertan; baina ezin dut ekidin. “Ez bereziki” erantzun ohi dut, solaskideak nire “lizentziaren” berri baduela uste badut. Ze, hala bada, neurriko erantzuna nahiko du; eta, hausnarketa eragitea maite dudanez: hartzank!

“Biologia ikastera sartu huen, animaliak ‘bereziki’ gustuko izan gabe.” Ideia horrekin gelditzea aukera bat izan ohi da solaskidearentzat, eta ez da gutxi! Hala ere, 10 puxtarri izango lituzke “zergatik egin zian, orduan, aukera hori?” pentsatzera iritsiko litzatekeenak.

Azal nadin: hasteko, animaliak ez zaizkit niri gustatu behar, ez daude horretarako. Hor daude, besterik gabe. Drogak bezala. Eta euren jatorriaz eztabaida luzea izan genezake. Baina ez da hori kontua. Zientzialariek eta zientziafiloek A esango dute eta erlijiolariek eta erlijiofiloek B. Bidenabar derradan, A eta B ez direla beti aurkakoak eta elkarren baztertzaile. Baina, tira, jatorriak jatorri, hor (hemen) daude eta kitto.

Jarraitzeko: animaliak bezalako talde taxonomiko (bizidunen taldekapen zeintifikoak taxonomia izena du) handia horrelako erraztasunarekin definitzeko ahalmenak harrituta uzten nau (uler “definitu” zentzu hertsian; hots, “mugatu”-ren baliokide gisa) . Eta, “kiskilloso” bat naizela pentsa dezake norbaitek; baina ulertu bost urtek askorako ematen dutela. Animalia kontzeptuaren definizio zurruna dutenen aurka, biologiaren (zientzia dinamiko gisa) erronka nagusietakoa da, gaur egun ere, definizio hori fintzen joatea. Eta hala izango da, mundu hau konpartitzen dugun izakion zerrenda osotik gero eta zati handiagoa ezagutzen dugun heinean.

Ikerketek diote, animalien erreinuko indibiduo lurtar guztien artean zoriz bat aukeratuko bagenu, intsektua izango litzatekeela %99.99ko probabilitatearekin. Eta, pentsa (ehunekotan nahi baduzue), munduko zoologo guztien artean zenbat dira entomologoak? Gutxi. Izatez, ni biologo gisa lizentziatu naiz Entomologia ikasgaian matrikulatu ere egin gabe. Hautazkoa zen. Animaliak gustatzen zaizkit?

Mota guztietakoak ikusi ditut, liburuetan bada ere: handiak, txikiak, luzeak, meheak, oso txikiak, indartsuak, ziztatzaileak, hilgarriak, pozoitsuak, azkarrak, oldarkorrak, isilak, marrukariak, itsaskorrak, estrangulatzaileak, hegalariak, beroak, hotzak, gautarrak, mimetikoak, animaliak ere ez diruditenak.... eta animaliak gustatzen zaizkidan galdetzen didazu?

Animaliek beldurra eragiten didate, lasaitasuna, alaitasuna, tentsioa, enpatiaz jokatzea, ihes egitea, salto egitea, jolastea, oldarkorra izatea, apala izatea, kantatzea, laztantzea, besarkatzea, borrokatzea... eta hori da gustatzen zaidana. Animaliekin dudan harremana egunero hobetzen saiatuz, gizakiarentzat bakarrik ez den mundu honetako ikuspegi antropozentrikoaren kontra dihardut.

Agian, galdetzen didanak, “abereak” gustatzen ote zaizkidan galdetu nahi dit berez, eta arazoa lexiko-semantikoa da soilik. Kasu horretan, hobe ulertzen dut galdera, ze abereak, etxabereak, behinik behin, gizakiak sortu ditu; batzuen gainean hein handiagoan eragin du, beste batzuen gainean, berriz, txikiagoan. Alegia, ugalketa bideratuen bidez (gurutzaketak), gizakiak bere interesak asebetetzeko izakiak sortu ditu Hautespen Antropiko deitu genezakeen presio “ebolutibo” (ez dakit eboluzio terminoak kabidarik baduen esaldi honetan) baten baitan. Beraz, testuinguru horretan, hobe kokatzen dut galdera, ze gizakiaren eskuhartzea balora nezake; gizakiak jarraitutako metodologia, hartutako erabaki jakinak, gaiaren kudeaketa eta sortutako abereen gaitasunen inguruko iritzia eman nezake eta, horrek, nolabaiteko eragina izan lezake etorkizunean (oso txikia bada ere).

Ez zaizkit animaliak gustatzen. Animaliek (eta bizidunek oro har) mundu honetara ekarri duten aberastasun morfo-funtzionala gustatzen zait. Eta guztiaren gainetik, aberastasunaren konplexutasuna. -->

2013/09/14

SKASTIri elkarrizketa


> Lehen diskotik harago doan aro berri baten mugarria ezarri duzue. Ados, baina zer da “New Age” eta zer ez da? (Saiatu definitzen disko honek gordetzen duena bere osotasunean)

‘New Age’ aldaketa da, SKASTIren baitan aro berri bat hasi zela uste izan genuenean, proiektuari jarri genion etiketa. Ziklo berri honetan, orain arteko mugekin hautsi nahi izan dugu, hazten uzten ez ziguten aurreiritziekin. Horrela, arlo musikalean (konposizoetan nahiz zuzenekoan), taldearen kudeaketan, koordinazioan… berritzaileak izateko konpromisoa hartu genuen geure buruekin. Izen bereko azken diskoan, aldaketa eta sofistikazioa dira nagusi; aurreko diskoarekin alderatuta, diskoko kanten artean eta, jendeari harrigarriena egiten zaiona, baita kanta bakoitzaren atalen artean ere. New Age, zerbait ez izatekotan, azken geltokia da.

> Eskainitako kontzertu dantzagarriekin bidea egindakoak zarete. Ordea, irrati formula bati esker iritsi zarete askotariko gazte belaunaldiarengana. Nabaritu duzue?

Jakina nabaritu dugula! Zeuk esan bezala, ibilibide luzea egindakoak gara sariaren aurretik ere eta urte horietan guztietan joan gara taldea definitzen eta gure nortasuna eraikitzen, baina irratiak publiko orokorrarengana heltzeko falta zitzaigun bultzada eman digu eta lehen ezagutzen ez gintuen gazte askoren aurrean jarri gaitu. Horrek jendea posizionatzera eraman du eta, zorionez, egiten duguna egiten segitzera animatzen gaituzten jarraitzaile asko ekarri dizkigu, lehendik genituenak ahaztu gabe. Oro har, jendearen ahotan egotera zaramatza horrelako zerbaitek, onerako eta txarrerako. Gu bietatik ikasten saiatuko gara.

> Musika lehiaketa bat irabazteak oraindik badu bere garrantzia entzule gazte zein helduak erakartzeko?

Bai, noski. Aurreko erantzunean esan dut ia dena. Irratian jarritako kantek oihartzun handia izan ohi dute eta horrek zera eragiten du, SKASTI inoiz antzungo ez luketen jendeak geure abestiren bat edo beste aditzea. Horri esker, entzuleak berak erabakitzen du iritsi zaion ‘pilula’ hori gustoko duen eta, etorkizunean, taldearen ibilbidea jarraituko duen edo ez.

> Zuek esana da. Izandakoaren aztarna, oraina eta izan nahi duzuena ere jasotzen du lanak. Zuen proposamenean eboluzioa gertatu dela adierazteko modu bat da?

Zeharo. Horixe esan nahi du. Adierazi nahi izan dugu, urteetan zehar eskainitakoaren berrikuspen kritiko bat egon dela. Horri esker, iraganean egiten genuenaren zergatia aztertu genuen, jakin nahi izan genuen zerk eramaten gintuen hori egitera. Beraz, horren jakitun eta kontuan hartuta musikarekin dugun erlazioa asko aldatu dela (guk kontsumitzen duguna), uste dugu gure musika-proposamena ere neurri berean aldatu dela. Hala ere, iragan hark gugan utzi zuen ondrea ere sartu nahi izan dugu diskoan. Ez dugu beldurrik izan (lehen esan bezala), diskoan, elkarren artean gauza gutxi konpartitzen dituzten abestiak biltzeko.

> Izena errespetatuz ska banda gisara hasi zineten, eta urteekin bestelako eraginak barneratu dituzue. Dancehall, funky, rap, … Finean, eskaintza aberatsagoaren jabe zarete?

Ska-banda gisa hasi ginen, bai. Eta oso argi geneukanez zer musika-mota egin nahi genuen, izenean sartzea erabaki genuen. Gaur egun, ordea, askoz malguagoak gara eta esango nuke aurreiritziak galtzen joan garela. Ez diogu beldurrik fusioari eta, bai, uste dugu lehen baino eskaintza aberatsagoa eta zabalagoa dugula. Baina kontua ez da fronte guztiak ukitzen saiatzea, erakartzen gaituzten doinuekin jolastuz geureak sortzea baizik. Estiloen etiketen kontua… musika-kritikoei utziko diegu (kar, kar…).

> Azken boladan Zarauzko talde askok pop eta indie dantzagarrira jo duzue. Delorean bandaren mamua al da?

Zaila da joera orokor horien arrazoia azaltzea; baina, izena aipatu duzunez, egia da talde zarauztarrak eragin berezia izan duela gure eboluzioan, eta, ziurrenik, beste talde askorengan ere eragingo zuen. Bertako kideak pertsonalki ezagutu ez arren, entsegu-lokal berean aritu ginen denbora-tarte ez oso luzez. Aintzat hartzen genuen eurek eskaintzen zutena, nahiz eta gure 2005-2006ko ‘rolloarekin’ zerikusirik ez izan. Erritmo sendo eta dantzagarri haiek, baliabide elektronikoen ñabardurek, doinu sinple eta errepikakor haiek… hautsi egiten zituzten gure eskemak; baina gustoko genuen. Hala ere, gehiegizkoa litzateke Delorean jartzea aipatzen duzun joeraren erantzule bakar gisa. Egungo gazteek musika asko kontsumitzen dugu eta guztiaren emaitza izango da, jakina. Azkenik, uste dut musika dantzagarria egitearena gazte izatearekin loturik dagoela, mugitzeko dugun beharrarekin.

> Erronka berria ondo neurtu duzuela dirudi. Grabazioa hasieratik bukaeraraino zaindu duzue, eta emaitza garbia bezain kalitatezkoa da. Nola lortu duzue?

Argi geneukan, hasieratik, lan txukun bat prestatu behar genuela. Izan ere, badugu beste ‘maketa’ bat (guk geuk grabatua, editatua eta ekoiztua), akatsetatik ikasteko balio izan diguna.  Baraz, gaziki egindako haiek ez errepikatzen saiatuta, pausuak ondo ematen ahalegindu gara. Hasteko, baliabide tekniko hobeekin grabatu genuen lana, UHINAko Mattin Epelderi esker. Gainera, taldekide den Joelek zuzendu zuen grabazio-prozesu guztia eta aukera izan genuen grabatu ahala aldaketak eta hobekuntzak egiteko; grabatzen ari ginen heinean bukatu genuen kantak konposatzen. Hori, gaur egun, luxua da. Eta hori gutxi balitz, nahasketa-lanak eta masterizazioa GAZTAIN ESTUDIOAKeko Eñauten eta DOCTOR MASTERren (Estanis) esku geratu ziren, hurrenez hurren. Beraz, ikusten denez, jende askoren inplikazioa egon da proiektu honetan. Guztiei eskerrak emateko aprotxatuko dugu.

> Bederatzi taldekideren elkarlana eta sinbisioa ere azpimarratu duzue. Horrenbestekoa da?

Uste dut SKASTIren funtsetako bat dela. Lan-erritmo jakin bat onartzen den unean, garrantzitsua da presente izatea kideen arteko koordinazio arrakastatsuak egingo duela taldea bideragarri. Norberak taldearen mesedetan emateko prest dagoenaren araberakoa da banda egiteko gai izango den lanaren kantitatea eta kalitatea. Uste dut zaila litzatekeela gure proiektua ulertzea, kontuan izan gabe gutariko gehientsuenak ezagunak eta lagunak ginela SKASTI sortu aurretik ere.

> Abentura berrian arazo bera duzue eszenatoki gainean. Asko zarete eta leku gutxiago bakoitzarentzat. Zerbait asmatu al duzue zuzenekoak erosoago eskaintzeko?

Beno, hasteko, Brasilera bidali dugu Aitor (akordeoia/sintetizadoreak) bere ikasketak amaitzera (kar, kar…). Beraz, zortzikote gisa igoko gara oholtzara, datorren uda arteko kontzertuetan. Gaur (irailak 14) Zumaiko Gaztetxean emango dugun kontzertua izango da ‘Itu’ ofizialki agurtzeko erabiliko duguna.

Egia da noiz edo noiz arazoak ekarri dizkigula horrek, baina, gehienetan, jakin izan dugu handicup hori gure mesedetan jartzen. Izatez, esango nuke eszenatokian asko izateak erakargarriago egiten duela gure zuzenekoa. Are gehiago, badakigu showa lantzeak ekarriko dizkigula fruituak; plano hori hobetzen saiatuko gara.

> Diskoetxe handi baten itzalean aritu baino Xuxurla Musika zigiluarekin plazaratu duzue diskoa. Auto-ekoizpena eta elkarlana lehenetsi nahi izan duzue?

Bai. Gure lana hainbat zigilu ezagunen aurrean aurkeztu ondoren, jaiotzera zihoan Xuxurla Musika marka izan zen proposamen interesgarriena egin ziguna. Gainera, arduraduna Eñaut Gaztañaga bera izanik (abestiak nahasten ibili zena), ondo zekien zer zuen eskuartean eta, diskoa ezagutzeaz gain, gu geu ere ezagutzen gintuen apur bat. Antza, lan egiteko gogoz ikusi gintuen berak; eta guk bera. Elkarlanean hastea hitzartu genuen. Azpimarratu nahiko genuke hori guztia ‘Txorimaloa’ Gazteara aurkeztu aurretik izan zela. Saria irabazi ostean, aurretik aipatutako zigilu horien deiak jaso genituen, eta proposamena hobe zezaketela esan ziguten, baina  Xuxurlarekin ahoz hitzartutakoa mantentetzea erabaki genuen, proiektu gaztearen alde egitea.

> Zer nolako harrera izan du diskoak? Hedapena nahi bezalakoa izan da? (Denda, irrati eta abarretan)

Ditugun erreferentzien arabera, jende askorengana heldu da diskoa. Egia da diskoak formato fisikoan saltzea oso zaila dela gaur egun, eta hori bagenekienez, sorta txikia ateratzea erabaki genuen. Hain txikia, antza, ezen agortu egin ziren udan zehar, eta gehiago eskatu behar izan genizkion ekoizpen-etxeari. Horretan, zeresan handia izan dute gure diskoa saltzen jartzen utzi diguten lokalek; Eguzki Taberna eta Garoa Liburudenda, esaterako. Gainera, gure diskoa eskualdeko zenbait liburutegitan alokatzeko moduan jarri zen. Kontzertuetan ere joan zaizkigu batzuk, ‘Vladi’-ri. Horretaz gain, hedapen handia eragin du diskoa interneten entzungai jartzeak.

> Musika dantzagarriak irauli du Euskal Herriko eszena. Gazte belaunaldiek dantzarako musika hautatu dutelako nabarmentzen dira egun pop, indie, skacore zein erritmo dantzagarriak jorratzen dituzten euskal bandak?

Musika dantzagarriak beti izan du eta izango du paper oso garrantzitsua gazteen artean, edozein estilotan dela ere. Lehen esan bezala, gazte izatearekin lotrurik dago mugitzeko beharra. Banda gazteek musika dantzagarria egiteak euren testuinguruari (musikala eta soziala) erantzuten dion zerbait da, eta horrek euren (banda horietako kideen) irrikak asetzen dituenez, ulertzekoa da irrika horiek konpartitzen dituzten gazteek horrelako taldeak jarraitzea. Egiten duenarekin gozatuz, gazteak dantzan jartzea lortzen duen taldea beti nabarmenduko da Euskal Herriko ‘rock’ eszenan.

> Zuek zuen lekua aldarrikatzen duzue gure eszenan, eta ikus-entzuleek erantzun al dute?

Bai! Uda hau inoizko emankorrena izan da. Kontzertu asko eman ditugu txoko askotan eta jendearen harrera oso ona izan da gehienetan. Bira aurrera joan ahala showa biribiltzen joan gara, segurtasun handiagoarekin igo gara eszenatokira eta uste dugu jendeak antzeman duela lan hori guztia. Zaila izan da, adibidez, kontzertuak ospatzeko tradizio handia ez duten herrietan jendea gure atmosferan sartzea, baina herriko festetan eta ekitaldi handietan jendeak emandako erantzuna ikaragarria izan da; asmatu dugu gazte eta ez hain gazteak gure kontzertuetara erakartzen. Zarautzen eta inguruan jotatako kontzertuak sekulakoak izan dira guretzat, baina urrutiago joan izan garenean ere, jendea mugitu egin da gu ikusi eta entzuteko. Hori eskertzekoa da.

> Abian jarri duzuen espazio-ontzia nondik datorren adierazi duzue. Aurrerantzean, nora doa?

Predikzioak egitea beti da arriskutsua. Lehen okupazioa izan gabe horrenbeste denbora eskatzen duten jarduerek gorabeherak ekartzen dituzte askotan. Uste dugu zortzi urteko ibilibidean sortutako arazoei aurre egiteko gai izan bagara, orain ere hala izango garela. Topikoa dirudien arren, familia moduko bat osatzen da hainbeste ordu elkarrekin pasatzen duten lagunen artean, rol eta guzti. Beraz, horretaz baliatuz, gero eta interesgarriagoa den zerbait eskaitzen saiatuko gara. Esango nuke SKASTIren onena iristeke dagoela oraindik. Izatez, hasi gara hurrengo diskoan bilduko ditugun abestien zirriborroak egiten eta oso gustora ari gara geratzen emaitzarekin. Neguan zehar, konposizio-lanak egingo ditugu eta datorren uda prestatzen jardungo gara buru-belarri. Hala ere, kontzerturen bat edo beste ematen saiatuko gara Gaztetxe eta aretoetan. Gainera, %100ean konfirmatu ezin badugu ere, Bartzelonan kontzertu bat emateko aukera ireki zaigu eta hori kudeatzen ari gara; ziur Euskal Herritik kanpo aritzeak asko irakatsiko digula.

2013/09/12

Damu naizen arren...


Zazpi. Kantuari izenburua nik jarri beharko banio, “zazpi” izena jarriko nioke. Eta kantua gure da; eta nirea, hein batean. Edo hori uste dut behintzat. Ez dakit. Agian, dagoeneko ez da gurea. Telebista tartean sartzen denean... batek daki. Eskubideak eta lizentziak, lizentziak eta eskubideak. Autoreen lana errespetatzen dela uste duzu? Bakoitzak bere esperientziatik kontatuko du, noski. Nik neuretik egingo dut. Ni kontsumitzaile izan naiz urte askoan eta ez ditut autoreak errespetatu. Beno, errespetatu, ustez, egin ditut; are gehiago, imitatu ere egin ditut, kasuren batean. Nire jarrera, ordea, ez zen helduarena, ez behintzat heldu koherente batena. Eta kulpa Interneteko “piratei” botatzea errazegia zen. Lehen, diska bat grabatzen zuena pirata zen, baimenik gabe kantu-bildumaren bat sarean eskegitzen zuen hura. Baina, gaur egun? 30 urtetik beheragoko inork (eta eskuzabala naizela uste dut) esan al dezake inoiz legerik hautsi ez duenik? Eta horietako zenbatek uste duzue dutela/duzuela gaizkiletzat euren/zeuon burua? Jakina. Lege zaharrek ez dute balio! Eta esaldi horrek ez du inor iraindu nahi...

Edo agian bai! Gaur egun, legeak azkar moldatu behar dira, sortzen diren beharrei erantzuteko. Eta hala egiten ez bada, Internet arduratuko da norbera bere lekuan jartzen. Eta, horretaz, ez dira etxean bakarrik eta gozoak jaten bizi diren ‘pirata gaizkile’ bakartiak arduratzen; zu eta ni arduratzen gara, erabiltzaile oro arduratzen da. Sarean kritikagai bazara, kontuak atera. Eta ‘kontuak atera’ esaten dudanean, ‘autokritika egin’ esan nahi dut.

Orain dela oso gutxi ikasi genuen autokritika egiten. Baloreen bilako barne-borroka etengabe horren baitan kokatzen dut nik jarduera hori. Eta honakoaz ohartu naiz: nazkatzen hasi naizela guztiari men egiten. Ezetz esateak duen balioaz ohartzen hasi naiz, nahiz eta oraindik ez dudan indar nahikoa bildu taldean aritzeko. Baina konbentzituko ditut, konbentzituko zaituztet.

Autokritikarena kontu bat da, baina kontatzen... aspaldi ikasi genuen kontatzen. Ikastolan, Zarautzen. Eta orduko hartan zazpi ginen, ez hiru. Badakizue zertaz ari naizen. Ulertu ez duenak ez dezala irakurtzen jarraitu.

Nioen bezala, eta ea ez naizen gehiegi luzatzen (amorrua pasa egingo zait bestela; horrelakoa naiz), zazpi ginen, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan. Orain, ordea? Bada zuen artean zenbat garen guztiz argi daukanik? Guztiz, guztiz? Hemendik kilometro oso gutxira, argi dute zenbat diren; eta populazioaren erdira irixtear daude, %51 demokratikora. Eta oso pozik jar gaitezke eurengatik... baina gurean zer? Ezer gutxi balioko du gurean; pentsaera aldatzen ez badugu, ez gara inoiz iritxiko %51 horretara. Eta iritxiko bagina ere, ez genuke hitzegiteko eskubidea izango. Eta hori zergatik? Lege zahar puta horiengatik.

Baina dokumentazio fin baten beharrik gabe eta hausnarketa sinple batekin, edonor kontura daiteke lege zahar horien interpretazioa oso irekia dela, edo hobe esanda, irekia izateko diseinatua dagoela; bai ondo diseinatua ere. Horregatik, momentuaren arabera diskurtsoa aldatzeko aukera ematen duen taktikaren jarraitzaile sutsuek defizit bat erakusten dute baloreei dagokionean, nire aurrean behintzat. Baina berdin dio/zaie, ni gutxiengo demokratikoa naiz. Eta nire ideiekin koherente izan ez nadin presioa egingo dute, bai egin ere, absurdoan eta inpotentzian eror nadin; eta inplosiona dezadan, ni neu neure ideiarekin eta neure mundu utopikoarekin, gehiengo demokratikoarentzat ona izatea nahiko nuken mundu ideal horrekin, mundu ‘trakets’ baina solidario horrekin. Eta zein zara zu, ni ekarpena egitetik kanpo uzteko? Pss.

Lehen zazpi ginen; orain, berriz, hiru. “- Hiru? - Bai, hiru. - Eta besteak zer? - Ustel daitezela. - Zergatik? - Ezin dugu dena guk egin. - Baina... asko dira euskaldunak direnak; eta ez diete inoiz hitz egiteko aukera eman eta, emango baliete, euskaraz egingo lukete. - Huskeriak! Beti negarrez! Gainera, diru publikoarekin finantzatzen diren hedabideak moztuko dizkiegu. - Eta hori? Nolatan? Ez al da, bada, ulergaitza hori egitea, gaur egun, informazioak mugarik ez duen honetan? Estrategia zapaltzaile gisa geratuko da gizartearen aurrean... - Berdin dio; egingo dugu zerbait hori estaltzeko, ez kezkatu. - Noski kezkatzen naizela! - Ba hobe duzu ez kexatu, ze diru publikoa kentzeaz gain, herri-ekimenak ere (Irrati Libreen jarduna, esaterako) oztopatu egingo ditugu, haurrek euskara ikasi ere egin ez dezaten. - ...”

Zenbat gara, beraz? Nik ez dut ezertxo ere jakin nahi aurreko elkarrizketa fiktizioa errealitate egiteko gai den jendeaz. Hori da arazoa. Hiru garela dio Madrilek eta punto. Menpekotasuna, sumisioa dirudi, ez? Ez duzue ikusten askoz antzekotasun handiagoa dugula Europako herri zahar askorekin Espainiarekin baino? Utzi sartzen, mesedez.

Horregatik guztiagatik, Hiruaren kontua ez da huskeria niretzat. Eta Internetek norbera merezi duen tokian jarriko duela espero dut. Eta ez espero bakarrik, horretarako lan egingo dut; koherente izaten saiatuko naiz komunitate honetan eta honetatik kanpo.

Navarrakoei iristen zaizkizue guk argitaratutako kontuak, ezta? Bertako norbaitek, irakurriko balu, abisatu diezadala, mesedez. Barkamena eskatu nahiko nioke, nire sormena telebistara bideratzeagatik, EAEko telebista publikora, hain justu, euskaldunen arteko bereizketa sistematikoa egiten duen alderdia boterean dagoen legealdi honetan. Berriz diot: lege zaharrekin, ez diegu arazo berriei irtenbidea emango. Lehengo lepotik burua.

Gurekin behar zaituztegu, euren mugetatik kanpo zaudeten horiek. Zeuok gabe ez gara deus, etsipena baizik.

Bat, bi, zazpi.

2013/08/29

Guztia eta gero...

"Gaur arte iritsi duk!" pentsatu dinat. "Gaur idatzi egingo zioat ba!" esan zionat neure buruari. Esatekorik izan gabe idazten duenaren rolean erortzeko beldurrez idazten dinat, baina. "Polit idatziko zioat behintzat; eskertuko dik" pentsatu dinat, ordea. Eta txukun. Eta atsegina izaten saiatuko naun. Eta saiatuko naun ni imagina nezanan (orain!) lerrook errezitatzen. Izan ere, euskara ikasten jarraitzen dugunok horri probetxua ateratzeko beharra sentitzen dinagu; maitasunez egindako zerbait dela jakinda, gustora ez eta...! Poesia egiten hasiko ez zaigu ba, tentel hau! Kaleko antzerkiarekin izan dut esperientzia gaur. Azti bat paseoan jarri da trukoak egiten, begiratu nahi zuenarentzat. 17 egun neramatzan aztia, hori bera, ikusi gabe. Edo agian gutxiago. 3 aldiz ikusi dut magoaren saioa eta ez dakit nola izena duen. Ez magoak, ez saioak (azken horrek izenik balu). Are gehiago: ez nuke esaten jakingo zein disziplina den berea eta zein areto dagokien ondoen disziplina horretakoei. Zer esango luke berak? Musikarekin, ezin izan dut aditu zer esan duen. Eta okenrrena zera da, musika berak jarri duela. Begira zein gogorra den kontua: berak zentzumen bakarra monopolizatu nahi zigunan. Beste batzutaz hitz egingo banu... baina hori dun demokrazia; baietz, 'Maiz'?! Ixilik egotea. Hori eta zerorrek sortutako zerbait zapaltzeko prest zaudela erakustea. Baietz, 'Iharra'?! Azkenean, bi txanpon eman dizkiot pailazoari. Eta bai, pailazo esan dut, barrea eragin baitio jendeari (eta barre osasuntsua garesti dago). Dena dago garesti, pailazo izatea barne. Gainera, ordu txikitan lan egin behar! Beharbada, gautiarra da bera eta konforme dago ordu horietan bizitzearekin, baina, bere seme-alabak (demagun badituela) ziurrenik ez daude horrekin konforme; euren bizitzetako lehen 15-16 urteetan ez, behitzat. Aztia, magoa eta pailazoa. Edo poemagilea. Olerkaria. Galdetzen badute, Ane: ez dakizu non bizi naizen. 'Ongi etorri' gehiago nahi ditugu. Gizartea Ta Kultura GTK

2013/06/10

Agur eta Ohore, 'Gesto por la Paz'


Nazkaturik nago, beste behin. Eta, gaur, voy a escribir en español. Estoy indignado con las últimas intervenciones de la Coordinadora Gesto por la Paz. Estos días nos han deleitado con declaraciones como “lo dejan habiendo cumplido con su objetivo: desaparecer”. Veamos: ¿era ese su verdadero objetivo? ¿Quieren hacernos ver, quizá, con dejarlo, que la paz ha llegado a Euskal Herria? Podría dejaros aquí muchas otras preguntas que inundaron mi mente en el momento en que me enteré de la noticia. Pero no.

Nadie en su sano juicio quedaría, a priori, fuera de la simple “ideologia” de la organización: buscar la paz. Ni tú ni yo podriamos desmarcarnos, por tanto, del grupo, por el carácter genérico del tema. Pero, ¿por qué no consiguió dicho grupo reunir las simpatías de las dos posiciones contrapuestas invueltas en las máximas del conflicto politico-militar? Sí consiguió, claro está, el respaldo de los máximos representantes del Reino de España; que se hizo público con la entrega del premio Príncipe de Asturias a la organización (supongo que no soy el único que cree que aquella condecoración desvirtuó un poco aquello que ellos consideraban un “movimiento popular”). Sin embargo, la coordinadora no conquistó a la Izquierda Abertzale. Ni antes, ni ahora.

Lo que más me irrita es el momento histórico en el que lo dejan. Bueno, y el cómo. Después de muchos años “trabajando por y para la paz”, y distinguiendose del resto de grupos (políticos, sociales y sindicales) en en que ellos buscaban la paz practicándola (muy gandhiano, sí), terminan su actividad después de que ETA decidiera dejar las acciones armadas unilateralmente. Humildemente creo que eso también desvirtúa eso de que “hemos cumplido con nuestro objetivo”. Tengo dos pensamientos principales: uno, creo que el querer atribuirse el mérito del cumplimiento de dicho objetivo es fanfarronería pura (sería más correcta la expresión “se ha cumplido nuestro objetivo”), ya que no han influido más que otros en la decisión de la organización armada; y dos, pienso que con esas declaraciones definen (entiéndase definir en tanto que reducir) el objetivo en (a) un simple acontecimiento histórico, consecuencia y responsabilidad de toda la ciudadanía. Siento decirlo, pero se produce en mi mente una especie de contocircuito cuando trato de entender el gesto final y definitivo de abandonar el camino justo en la fase más esperanzadora de las últimas décadas en nuestro pueblo; en la que, supuestamente, se incurrirá en un aumento de valores democráticos.

O no entiendo nada, o sería mejor, con todos los respetos, si la coordinadora no hubiera existido nunca. Si realmente creyesen en la paz, no disolverían la plataforma en el momento en que las organizaciones y colectivos sociales son claros pretendientes a convertirse en protagonistas del conflicto político de fondo.

Yo no quiero ser testigo sino participe.

Agur.

Firmado por un militante que busca la paz luchando.

NOTA: gestos críticos como éste suponen motivo de busqueda y captura (o represiones de otro tipo) para mis compañerxs. La última se llama Irati Sierna. Esto no es un gesto por la paz hetérea; es un gesto por ella. Besarkada bat.

2013/06/03

“Barkatu, intelektualen bila nabil”



Hezkuntza-sistema merkantlizatuta dago, merkatu internazionalen eta dibisen menpe.

Emprendedor” hitza hutsaldu egin da. Enpresak bere gain hartu du. Monopolioa. Normalean “ideia” berria produktu berria da; horretara mugatzen da. Baina hori oso finalista da. Metodoa ez da aldatzen. Merkatuak sortzen du ideia berria, eta gizakiok, izaki pentsalari gisa, kontrola galtzen dugu. Diru-multzo bati, kapitalari ematen diogu, ez zilegitasuna bakarrik, baizik eta botere osoa.

Intelektualak behar dira. Intelektualak, niretzat, honetan bereizten dira gizon-emakume arruntetatik: ez inteligenteago izatean, bere horretan, baizik eta erroko gaiek “tarte” (espazio zerebrala gehi denbora) handiagoa izatean euren garuneko jardueran. Beste modu batera esanda: metafisikak-eta ehuneko handiagoa hartzen dute pertsona hauen Pentsamendu osotik.

Ongi dagoena ez da mugituko; eta gu, esan gabe doa, ez gaude hain gaizki. Gaizki dagoena ere mekez mugituko da norantza interesgarri batean, segurtasun ezak, beldurrek... ez baitiote utziko. Langile-klasea desegonkortzen eta minatzen dute horrelako gizon-emakumeek. Ez dute kolektiboaren onuragatik begiratzeko abstrakzio-maila nahikoa. Intelektualek, ordea, bai. Haiek gidatzen zuten “untzia” kobatan bizi ginenean, eta hala behar luke orain ere. Ez gaizki ulertu, arren. Ez dut esan nahi Platonen “jakintsu” horiek direnik intelektualak. Ideia hori onartzeak oligarkiei zilegitasuna ematea litzateke, eta ez da hori kontua; ez, behintzat, ezagutzen dugun adieran. Intelektualek funtzio soziala eta politikoa beretzen dituzte, bete beharko lituzkete. Hori bai: ez dakit intelektual guztiak langileen klasean dauden, baina ziur denak ez daudela egungo klase dominatzailean. Agintea, ordea, bai; aginte osoa garai bateko “emprendedor”-(e)ek dute, eta lortu duten bakarra zera izan da: untzia arrisku larrian jartzea. Non daude herritik sortutako benetako intelektualak? Egian esan, ni ez nago hain gaizki, eta, sobera ere, ez naiz intelektuala... baina elkartasunez idazten dut. Ez dezatela esan keinu honek ez duenik balio.

Eta, berez, postua, egon, badago: politikariena. Gauza ez da politika gaizki dagoela, eguno politikariak traketsak, ezgaiak direla baizik. Kontua ez da tranpa egitea merkeegia dela; zintzo jokatzea da garestiegia. Eta denok, den-denok dugu horren errua.

PD: animatu “emprendedor” itzultzailean jartzen.
PD2: esaten duena esaten duela ere, “emprendedor” izatea klase batetik bestera salto egiten saiatzea da. Eta, bai, okerrena hori da, ez lukeela zertan.

2013/03/04

Izenbururik gabe


Ez dut ezer berezirik egingo, eskuak teklen gainean paratu eta burura etortzen zaidanari atea irekitzea besterik. Aspaldiko telesail bat telebistan. Nerabezaroan jarraitzen nuen talde batek diska berria aterako du, aurki; enegarrena. Ez dut uste ezer berria egingo dutenik. Euren txokoa aurkitu dute, eta gustora daude bertan. Enpresa sortu dute. Garai zailetan enpresa sortzera ez da jende asko animatzen. Beharbada, ez dute jakingo besterik egiten, musika baino. Musika eta bizi. Jaio.Musika.Hil,  baten batek zioen bezala. Hark ere enpresa egin zuen, baina ez du zerikusirik.

Pozik nago bihar Bilbora joango naizelako. Pozik nago bihar nire lagunak ikusiko ditudalako. Gogo handia dut nire lagunekin elkartzeko, Bibon. Nostalgia apur bat ere ematen dit hiriak. Izan ere 5 urtez bizi izan nau, eta bada zerbait. Bost urte inoiz ez ahaztekoak, ziur. 17 urte nituela joan nintzen Euskal Herriko hiririk handienera, eta, ez dakit nola, ez nintzen galdu. Hala ere, ez nion hiriari behar besteko zukua atera. Orain, bertara bizitzera joango banintz, askoz gehiago biziko nuke Bilbo. Baina, tira, San Inazio auzoko pixu hartan bizitakoa ez dut berehalakoan ahaztuko. Bertan egin nintzen gazte.

Gogorra ari da izaten berriz gurasoekin bizitzera ohitzea. Lan bat nahiko nuke, independente izan, gurasoekin ordu gutxiago igaro, horrek erlazioa hobetuko lukeelakoan. Enieken gurasoei euren espazioa jan nahi. Eta badakit nazkatuta daudela, beste hainbat eta hainbat guraso bezala. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, baina ez ditut nire gurasoenak hemen idatziko. Ezingo nuke amaren samina azaldu. Ondo dagoela ematen duenean, pattal jartzen da, bat batean. Behin eta berriz. Karga handia du, nonbait, eta enuke, nik, karga horren parte izan nahi.

Ez digute irakatsi aske izaten. Kontrara, lotu egin gaituzte. Jasangaitza den erregimen batean jarraitzeko prest gaude, kosta hala kosta. Ezagutzen ez dugunaren beldurrak gainditu egiten gaitu. Bada, aske izaten ikasi egiten da, irakatsi. Ni ez naiz aske gurasoenean. Nik baditut mila ezinengon, gurasoen etxean egonda asetu ezin ditudanak. Eta gurasoek dena ematen didate. Atera kontuak.

Ez dakit zein helbururekin jarri naizen hau idazten, eta, idazten dudan heinean galdera nire buruari egitean, sentsazio arraroa dut gorputzean. Arraroa, baina ez ezezaguna. Terapia. Bihar, Bilbon pasako dut gaua. Terapia.

Eskutitz baten itxura har lezake gutun honek, destinatarioa zehaztuta balu. Baina ez dut erabaki, oraindik, zeini bidaliko diodan. Pare bat izen darabilzkit buruan. Hiru. Baina ez dakit bidali ere gingo dudan, sikiera.

Konturatu naiz parrafoak gero eta laburragoak direla. Ez dut ezagutzen horren arrazoia. Pantailaren dimentsioek ez didate uzten irakurtzen “Ez digute irakatsi aske izaten” esaldiarekin hasten den parrafotik gora jartzen duena. Lehenengo zuzenketa egin dut, aurreko esaldian, aditza aurreratzeko. Aditza aurreratuta hobe ulertzen omen dira esaldiak. Nola deituko genioke joera horri? Proposamenik? Ez. Ez digute irakatsi aske izaten, baina aditza aurreratzen bai, aditza aurreratzen irakatsi digute. Eta ongi ikasi ere. Baina... aditza aurreratzeak nire askatasunaren aurka egiten badu? Irakatsi eta erakutsi ez dira gauza bera. Proposamen bat: saiatu erdal hitzak/definizioak ez erabiltzen euskarazko gaizkiulertuei irtenbidea emateko. Hitzekin jolas egiten irakatsi al digu, bada, inork? Eta poesia egin nahi badut? Eta besterik egiten ez badakit? Eta nire herriak, behingoz, hizkuntzarekin dudan harreman berezi hau haintzat hartu eta errespetatuko balu? Eta zer da norberaren obra? Argitaratzen dena? Aske izate hutsa sentitu nahiko nuke, arren, hau idaztean sentitzen dudana baino hobea bada.

Baina ez dut bukatu nahi. Hatzak ordenagailutik altxa eta tristurak hartzen du nire gorputza. “Lo eginarazi behar diok!” diotsa nire buruak nire buruari. Lo egin behar du gorputzak, bihar preso izan dadin, berriz ere. Sar dadin aurretik sortu duten profilean. Nik neuk erabakitzen al dut nire proiekzioa? Hein batean bai, zeren eta nik erabakitzen dut nire estetika. Baina ikerketek diote (eta egia da) denak sentitzen garela berezi besteekiko. Zentzu onean edo txarrean, ez dakit. Baina denok diogu nolabaiteko aprezio extra geure buruari. Baina nondik dator hori? Zein izen du filosofian? Beherrezkoa al da bizirauteko? Eta lehen, basatiak ginenean? Zenbateraino agintzen dute geuregan, gizakiarengan, gainontzeko animalien gainean agintzen duten lege naturalek? Ehuneko ehunean? Ziur? Zer dio Darwinek?

Aurreko batean, intsektuen iherarkiari buruzko lan bat egin nuen. Eta justifikatu egin nuen, nolabait, sistema eraginkorrena zela esanda. Hori al da kapitalista sutsuek erabiltzen duten argudio bera? “Zertan, soziologikoki, bereizten gara intsektuetatik, orduan?” pentsatu dut orain. Merkatu librearen jarraitzaileek intsektutzat dute euren burua? Orduan? Zeintzuk dira? Non daude? Zenbat dira? Ni horietakoa al naiz? ...

Noizko iraultza bat Espainian? Hainbeste jende dagoela-eta gaixki pasatzen ari dena, inoiz ikusi gabeko korrupzio-indizeak, inoiz ikusi gabeko aginte-boterea... Metodoek bereizten dute Espainia Erdi Arotik; erroan, gizarte bera da. Zenbateraino eragiten dio horrek Euskal Herriari? Zergatik esan dio Euskal Patronalak nahikoa dela Espainiakoari? Euskal enpresa zintzoagoa al da? Garbiagoa? Sozialagoa? Herritik hurbilago dago?

Maiz izan dut buruan honako galdera: ze leku izango luke arlo pribatuak nire Estatu utopikoan? Utopikoan ez luke kabidarik izango, jakina, baina utopikotik gertueneko proiektu egingarrian? Ez dakit erantzuten; baina izango luke, ziurrenik. Gehiengoaren diktadura ez da, beti, justuena. Noizko...? Zer paper jokatu beharko luke Euskal Herriko gazteriak? Post scriptum: zer da hau?

P.D: ez ditut paragrafook justifikatuko.