2012/11/15

Apolitikoari


“Paso egiten dut politikaz” esan zidan unibertsitateko lagun batek, duela hiru bat urte. Egun asko eman zituen esaldi horrek nire gogoan; izan ere, orduan ari zen gorenera heltzen nire kontzientzia politikoa, eta harrigarria izan zen niretzat hori aditzea hain hurbileko lagun bategandik. Baina ez zen gertaera isolatua izan, baizik eta hurrengo egun, aste, hil eta urteetan sarri (sarriegi, aukeran) entzun beharko nuenaren aurrekaria.

Beharbada, zeuk ere pentsa dezakezu politikak ez duela ezertarako balio, eta horrek “paso” egitera zaramatza. Horietakoa bazara, garrantzitsua da zuretzat jakitea politika, terminoa Grezia Klasikoan jaio bazen ere, jarduna bera gizarte-antolaketekin batera jaio zela (haitzuloetan edo). Gizakiak antolaketa ulertzeko  duen ikuspuntutik sortu zen, kudeaketa- eta antolaketa-ereduak hobetzeko helburuarekin. Beraz, ez dago politikarik gabeko gizarterik; kontraesankorra litzateke, bere horretan. Eta filosofia/jarrera “pasibo” horrek ez du egiten eredu neoliberala indartu besterik. Alegia, gizarte kontzeptuak norbanakoaren pertzepzioan duen pisua arintzen du, eta indibiduoa kokatzen du askatasunaren abiapuntuan eta helmugan. Ez du kontuan hartzen, ordea, gizakia ez dela ezer gizarterik gabe. Gertatzen dena da politika instituzionalizatuegia dagoela, eta, gainera, instituziook ez daudela herriari begira.

Pentsatuko duzu alderdi politiko guztiak berdinak direla, boterea besterik ez dutela nahi. Eroso sentitzen zara, ezta? Horrek buruhauste asko kenduko dizkizu, agian. Ni haratago noa. Alderdiak pertsonek osatzen dituzte, eta, bai, batzuek oso barneraturik dute botere-nahi hori. Hala ere, alderdiak aztertu eta konparatuz gero, ikusiko dugu zera dirudiela, alderdi jakinen baten estatutuak (ez dut izenik esango) diseinaturik daudela alderdiko kideak boterean mantentzeko. Beste batzuen ezaugarri esanguratsuenak nabarmenduz gero, ordea, ikusiko dugu alderdiok konpartitzen dutela zure ustea; alegia, instituzioek botere handiegia dutela. Horregatik azaltzen dute gobernuetan sartzea estrategia bati jarraiki egiten den hautua dela. Azaldu dute barrutik eragingo diotela orain arteko muntaiari, berau partzialki desegiteko eta entitateok herriaren mesedetan lanean jartzeko. Bide horretan, konpromisoa hartu dute boterea herri-mugimenduei, sindikatuei, plataformei, elkarteei eta bestelako eragileei emateko.

Galdetzen badizut zergatik ez duzun hauteskundeetan bozka ematen, esango didazu alderdiek ez dutela zure ideologia barneratzen. Hala ere, esango dizut zeresanik baduzula gizarte-antolaketan, gizartearen parte zaren aldetik; eta, bai, ulertzen dut zure ekarpenak ez duela zertan bozka itxura izan. Baina ziur nago zure ideiek badutela lekurik korronteren batean, eta ez dut ulertzen zergatik ez duzun ekarpenik egin nahi. Beharbada, ekarpena egiteko modua beste nonbait aurki dezakezu: eguneroko jardunean, plataformaren batean, mobilizazioetan, kontzentrazioetan, desobedientzian, dibulgazioan, salaketetan... Noizbait pentsatu duzu horrelakorik? Politikak eragile akibo gisa nahi eta behar zaitu.

Horrexegatik guztiagatik, kritikoa eta autokritikoa izan beharko zenuke. Kritikoa diot, organismoen jatorri, ibilbide, helburu eta jardunaren inguruan zeresanik baduzulako; eta autokritikoa, berrikusi egin beharko zenukeelako politikarekin duzun harremana. Arrazoizkoena da unean uneko eta kasuan kasuko erabakiak hartzea. Eta hauteskudeetan bozka ez emateko hautua egiten baduzu, izan dadila benetako erabakia. “Paso” egitea ez da aukera bat.

2012/11/08

Loa hipotekatu didate


Siesta egiteko asmotan sartu nintzen ohera, baina ezin izan nuen. Ideia mordo batek hartu zuen nire garuna. Nori ez zaio inoiz halakorik pasa? Eredu sozioekonomikoaren gorabeheren inguruko gogoetak nituen buruan. Telebistan, irratian, egunkarietan... ekonomiaz aritzen dira, etengabe, kontuan hartu gabe garun sentikorra dugunok gaindosia izan dezakegula, amesgaiztoak izateraino.

Ez pentsa izan ditzakegun amesgaiztoak arazo ekonomikoaren ondorio direnik, kausa baizik. Ez pentsa arazo ekonomikoak guztioi sortzen dizkigunik amesgaiztoak, buruhausteak, langileriari baizik. Ez pentsa sektore horri osasuna eta hezkuntza bezalako eskubideak urratzea ez denik aurrera jarraitzeko modua, bakarra ez bada ere.

Ohartu, hain modan dagoen “krisi” hitzaren erabilera saihestu dudala, aktiboki, eta “arazo” deitu nahi izan diodala egungo eredu sozioekonomikoari; arazo, behean egotea tokatu zaidalako. Zergatik ez diodan krisi estatusa eman nahi izan? Oso erraza: ez dudalako uste hitz horrek gaurko egoera azaltzen duenik. Imajinatu, fenomeno natural baten ondorioz, ondasunen zati bat galdu dela, eta ekonomia sustengatzen duten oinarriak kolokan jarri direla; kasu horretan, krisiaz hitz egingo nuke. Baina ez da antzeko ezer gertatu. Gertatu dena zera da: orain arte hainbeste babestu den kapitalismoa beste fase batean sartu dela, beharbada, faserik itsusienean.

Adam Smith-ek (1776) bi ideia plazaratu zituen, nagusiki: bat, esan zuen, ondasunak pilatzeak aukera berriak eskaintzen zituela jendearen bizi-baldintzak hobetzeko; eta, bigarrenik, kapitalismoan merkatu libreak eta ekoizleen arteko konpetentziak ekonomia orekara eramaten zutela, eta ez zela behar bestelako kanpo-erregulaziorik. Lehenengo zatian, kapitalak ekar zezakeen onuraz mintzatzen zen, jakinda inor gutxik uka zezakeela esaten zuena. Gehiago sakonduko dut bigarren zatian esandakoan: “oreka” hitzarekin ulertzen zuena ez zen pertsona batek “oreka” hitza irakurtzean datorkion berdintasun-oreka kontzeptua. Alegia, kapitalismoak ontzat ematen duen oreka bakarra piramide-itxurakoa da: goian dagoenak merezi duelako dagoela ikusaraziko dio azpikoari, eta horrela, etengabe, maila xumeenera ailegatu arte. Maila xumeeneko kideak tokatu zaion papera betetzea erabakitzen du, maiz, eta lan egiten du (sistema onartzearekin batera), bizi-baldintza hobeak ekarriko dizkion goragoko posizioa lortzeko. Horrela, konturatu gabe, kapitalista bilakatzen da. Langile xumeari goiko posizioetara heltzeko aukera erakusten zaio, eta baita eman ere. Prozesu horretan, bera baino gehiago duenarekin zorpetzen da, itsu-itsuan, eta eskubideak galtzen ditu, ohartu gabe.

Zein da arazoa? Kapitalismoaren faserik itxaropentsuenean, maila xumeenetako kide askok lortu egiten dutela goragoko posizio hori, eta sistemak orekan egoteari uzten dio. Eta zer gertatzen da orduan? Kapitalismoaren beste bertsioa azaleratzen da, makurrena: piramidearen oinarria sendotu behar da, jendez hornitu, horrek mantenduko baitu sistema martxan. Horretarako, gehiengo langileak eskuratutako bizi-baldintzak (lan eginez, gogoratu) galdu behar ditu. Normalean, langileari ez zaio gustatzen atzera pausu hori, baina ordurako galduak ditu eskubide asko eta asko, tartean borroka egitearena. Ohartu, populazioaren gehiengoa hartzen duten mailetako kideek dutela eskubide gutxien. Beraz, eskubideak mantentzen dituztenek alarma sortzen dute, esanez ekonomia gainbeheran dagoela, eta bizi-baldintzak estutu behar zaizkiela langileei, nahitaez. Langileak, oraingoan ere, bere egiten ditu goragokoaren hitzak, eta murrizketak onartzen ditu. Hori bai, langile xumeak lehengo kontsumo-tasa izaten jarraitzen du, goitik inposaturiko eredu kontsumistari jarraiki, ez dezan orekak eztanda egin, badaezpada ere...

Eutanasia


Hitzak berak ileak tentetzen dizkigu: eutanasia. Lerroak eta lerroak idatzi izan dira kolore ilunez margotu izan den gai honen inguruan; eta bazkal osteko solasaldietan ere maiz jorratzen den gaia da. Arrazoietako bat da oso humanoak diren bi dualismo platonikoren orbitan mugitzen dela: bizitza/heriotza eta eskubidea/obligazioa. Eta inor ez gaude, mendebaldeko kultura duten herrialdeetan behintzat, dualismo horietatik salbu.

Estatu askok eta askok debekatu egiten dute, legez, eutanasia. Estatu horiek estatu demokratikoak dira: gehiengoak jartzen ditu legeak. Eta gehiengoak, zorionez, ez du inongo gogorik izaten jaso duen bizitza bakarrari amaiera emateko, noski. Horrek ez du esan nahi, ordea, inork ez duenik behar hori sentitzen.

Zenbait politikariri ahoa betetzen zaio, abortoaren gaiaz mintzatzean, esaten duenean garatzen ari den fetu batek bizitzeko eskubidea duela; ahaztu egiten zaio, ordea, hiruko erregela aplikatuz, agonizatzen ari denaz ari garenean, bizitzeko duen eskubideaz aritu beharko ginatekeela, ez bizitzarekiko duen obligazioaz. Zaila da ulertzen pertsona batek ezen bizitzen jarraitzeak sufrimendua besterik ekartzen ez dion, bizitzen jarraitzeko irrika berreskura dezakeenik bizitza bera obligazio gisa ikusten badu edo erakusten bazaio. Estatuek kolektibo horrentzat aukera/irtenbide berezirik kontenplatu ere ez egitea ez da bidezkoa. Estatu justua gizartearen ongizatea bermatzen duena da; eta sobera sufritzen duten zenbait gaixorentzat ongizatea heriotza dela errealitate bat da, tristea eta onartzen zaila bada ere.

Ez dut, inondik inora, eta ez nazan inork gaixki interpreta, eutanasiaren aldeko baldintzarik gabeko apologia egin nahi. Eta, baharbada, hiltzeko eskubidea aldarrikatzen duenaren hitzak ez du definitiboa izan behar berak bakarrik; baina gaur egun duena baino pisu handiagoa izan beharko lukeela uste dut.

Nire iritziz, adituz osatutako talde batek, edo erakunde batek, eutanasiaren inguruko legeak berrikusi beharko lituzke, eta lege hauen interpretazio egokiena bilatzen egin beharko luke lan, kasuan kasu.