2013/09/14

SKASTIri elkarrizketa


> Lehen diskotik harago doan aro berri baten mugarria ezarri duzue. Ados, baina zer da “New Age” eta zer ez da? (Saiatu definitzen disko honek gordetzen duena bere osotasunean)

‘New Age’ aldaketa da, SKASTIren baitan aro berri bat hasi zela uste izan genuenean, proiektuari jarri genion etiketa. Ziklo berri honetan, orain arteko mugekin hautsi nahi izan dugu, hazten uzten ez ziguten aurreiritziekin. Horrela, arlo musikalean (konposizoetan nahiz zuzenekoan), taldearen kudeaketan, koordinazioan… berritzaileak izateko konpromisoa hartu genuen geure buruekin. Izen bereko azken diskoan, aldaketa eta sofistikazioa dira nagusi; aurreko diskoarekin alderatuta, diskoko kanten artean eta, jendeari harrigarriena egiten zaiona, baita kanta bakoitzaren atalen artean ere. New Age, zerbait ez izatekotan, azken geltokia da.

> Eskainitako kontzertu dantzagarriekin bidea egindakoak zarete. Ordea, irrati formula bati esker iritsi zarete askotariko gazte belaunaldiarengana. Nabaritu duzue?

Jakina nabaritu dugula! Zeuk esan bezala, ibilibide luzea egindakoak gara sariaren aurretik ere eta urte horietan guztietan joan gara taldea definitzen eta gure nortasuna eraikitzen, baina irratiak publiko orokorrarengana heltzeko falta zitzaigun bultzada eman digu eta lehen ezagutzen ez gintuen gazte askoren aurrean jarri gaitu. Horrek jendea posizionatzera eraman du eta, zorionez, egiten duguna egiten segitzera animatzen gaituzten jarraitzaile asko ekarri dizkigu, lehendik genituenak ahaztu gabe. Oro har, jendearen ahotan egotera zaramatza horrelako zerbaitek, onerako eta txarrerako. Gu bietatik ikasten saiatuko gara.

> Musika lehiaketa bat irabazteak oraindik badu bere garrantzia entzule gazte zein helduak erakartzeko?

Bai, noski. Aurreko erantzunean esan dut ia dena. Irratian jarritako kantek oihartzun handia izan ohi dute eta horrek zera eragiten du, SKASTI inoiz antzungo ez luketen jendeak geure abestiren bat edo beste aditzea. Horri esker, entzuleak berak erabakitzen du iritsi zaion ‘pilula’ hori gustoko duen eta, etorkizunean, taldearen ibilbidea jarraituko duen edo ez.

> Zuek esana da. Izandakoaren aztarna, oraina eta izan nahi duzuena ere jasotzen du lanak. Zuen proposamenean eboluzioa gertatu dela adierazteko modu bat da?

Zeharo. Horixe esan nahi du. Adierazi nahi izan dugu, urteetan zehar eskainitakoaren berrikuspen kritiko bat egon dela. Horri esker, iraganean egiten genuenaren zergatia aztertu genuen, jakin nahi izan genuen zerk eramaten gintuen hori egitera. Beraz, horren jakitun eta kontuan hartuta musikarekin dugun erlazioa asko aldatu dela (guk kontsumitzen duguna), uste dugu gure musika-proposamena ere neurri berean aldatu dela. Hala ere, iragan hark gugan utzi zuen ondrea ere sartu nahi izan dugu diskoan. Ez dugu beldurrik izan (lehen esan bezala), diskoan, elkarren artean gauza gutxi konpartitzen dituzten abestiak biltzeko.

> Izena errespetatuz ska banda gisara hasi zineten, eta urteekin bestelako eraginak barneratu dituzue. Dancehall, funky, rap, … Finean, eskaintza aberatsagoaren jabe zarete?

Ska-banda gisa hasi ginen, bai. Eta oso argi geneukanez zer musika-mota egin nahi genuen, izenean sartzea erabaki genuen. Gaur egun, ordea, askoz malguagoak gara eta esango nuke aurreiritziak galtzen joan garela. Ez diogu beldurrik fusioari eta, bai, uste dugu lehen baino eskaintza aberatsagoa eta zabalagoa dugula. Baina kontua ez da fronte guztiak ukitzen saiatzea, erakartzen gaituzten doinuekin jolastuz geureak sortzea baizik. Estiloen etiketen kontua… musika-kritikoei utziko diegu (kar, kar…).

> Azken boladan Zarauzko talde askok pop eta indie dantzagarrira jo duzue. Delorean bandaren mamua al da?

Zaila da joera orokor horien arrazoia azaltzea; baina, izena aipatu duzunez, egia da talde zarauztarrak eragin berezia izan duela gure eboluzioan, eta, ziurrenik, beste talde askorengan ere eragingo zuen. Bertako kideak pertsonalki ezagutu ez arren, entsegu-lokal berean aritu ginen denbora-tarte ez oso luzez. Aintzat hartzen genuen eurek eskaintzen zutena, nahiz eta gure 2005-2006ko ‘rolloarekin’ zerikusirik ez izan. Erritmo sendo eta dantzagarri haiek, baliabide elektronikoen ñabardurek, doinu sinple eta errepikakor haiek… hautsi egiten zituzten gure eskemak; baina gustoko genuen. Hala ere, gehiegizkoa litzateke Delorean jartzea aipatzen duzun joeraren erantzule bakar gisa. Egungo gazteek musika asko kontsumitzen dugu eta guztiaren emaitza izango da, jakina. Azkenik, uste dut musika dantzagarria egitearena gazte izatearekin loturik dagoela, mugitzeko dugun beharrarekin.

> Erronka berria ondo neurtu duzuela dirudi. Grabazioa hasieratik bukaeraraino zaindu duzue, eta emaitza garbia bezain kalitatezkoa da. Nola lortu duzue?

Argi geneukan, hasieratik, lan txukun bat prestatu behar genuela. Izan ere, badugu beste ‘maketa’ bat (guk geuk grabatua, editatua eta ekoiztua), akatsetatik ikasteko balio izan diguna.  Baraz, gaziki egindako haiek ez errepikatzen saiatuta, pausuak ondo ematen ahalegindu gara. Hasteko, baliabide tekniko hobeekin grabatu genuen lana, UHINAko Mattin Epelderi esker. Gainera, taldekide den Joelek zuzendu zuen grabazio-prozesu guztia eta aukera izan genuen grabatu ahala aldaketak eta hobekuntzak egiteko; grabatzen ari ginen heinean bukatu genuen kantak konposatzen. Hori, gaur egun, luxua da. Eta hori gutxi balitz, nahasketa-lanak eta masterizazioa GAZTAIN ESTUDIOAKeko Eñauten eta DOCTOR MASTERren (Estanis) esku geratu ziren, hurrenez hurren. Beraz, ikusten denez, jende askoren inplikazioa egon da proiektu honetan. Guztiei eskerrak emateko aprotxatuko dugu.

> Bederatzi taldekideren elkarlana eta sinbisioa ere azpimarratu duzue. Horrenbestekoa da?

Uste dut SKASTIren funtsetako bat dela. Lan-erritmo jakin bat onartzen den unean, garrantzitsua da presente izatea kideen arteko koordinazio arrakastatsuak egingo duela taldea bideragarri. Norberak taldearen mesedetan emateko prest dagoenaren araberakoa da banda egiteko gai izango den lanaren kantitatea eta kalitatea. Uste dut zaila litzatekeela gure proiektua ulertzea, kontuan izan gabe gutariko gehientsuenak ezagunak eta lagunak ginela SKASTI sortu aurretik ere.

> Abentura berrian arazo bera duzue eszenatoki gainean. Asko zarete eta leku gutxiago bakoitzarentzat. Zerbait asmatu al duzue zuzenekoak erosoago eskaintzeko?

Beno, hasteko, Brasilera bidali dugu Aitor (akordeoia/sintetizadoreak) bere ikasketak amaitzera (kar, kar…). Beraz, zortzikote gisa igoko gara oholtzara, datorren uda arteko kontzertuetan. Gaur (irailak 14) Zumaiko Gaztetxean emango dugun kontzertua izango da ‘Itu’ ofizialki agurtzeko erabiliko duguna.

Egia da noiz edo noiz arazoak ekarri dizkigula horrek, baina, gehienetan, jakin izan dugu handicup hori gure mesedetan jartzen. Izatez, esango nuke eszenatokian asko izateak erakargarriago egiten duela gure zuzenekoa. Are gehiago, badakigu showa lantzeak ekarriko dizkigula fruituak; plano hori hobetzen saiatuko gara.

> Diskoetxe handi baten itzalean aritu baino Xuxurla Musika zigiluarekin plazaratu duzue diskoa. Auto-ekoizpena eta elkarlana lehenetsi nahi izan duzue?

Bai. Gure lana hainbat zigilu ezagunen aurrean aurkeztu ondoren, jaiotzera zihoan Xuxurla Musika marka izan zen proposamen interesgarriena egin ziguna. Gainera, arduraduna Eñaut Gaztañaga bera izanik (abestiak nahasten ibili zena), ondo zekien zer zuen eskuartean eta, diskoa ezagutzeaz gain, gu geu ere ezagutzen gintuen apur bat. Antza, lan egiteko gogoz ikusi gintuen berak; eta guk bera. Elkarlanean hastea hitzartu genuen. Azpimarratu nahiko genuke hori guztia ‘Txorimaloa’ Gazteara aurkeztu aurretik izan zela. Saria irabazi ostean, aurretik aipatutako zigilu horien deiak jaso genituen, eta proposamena hobe zezaketela esan ziguten, baina  Xuxurlarekin ahoz hitzartutakoa mantentetzea erabaki genuen, proiektu gaztearen alde egitea.

> Zer nolako harrera izan du diskoak? Hedapena nahi bezalakoa izan da? (Denda, irrati eta abarretan)

Ditugun erreferentzien arabera, jende askorengana heldu da diskoa. Egia da diskoak formato fisikoan saltzea oso zaila dela gaur egun, eta hori bagenekienez, sorta txikia ateratzea erabaki genuen. Hain txikia, antza, ezen agortu egin ziren udan zehar, eta gehiago eskatu behar izan genizkion ekoizpen-etxeari. Horretan, zeresan handia izan dute gure diskoa saltzen jartzen utzi diguten lokalek; Eguzki Taberna eta Garoa Liburudenda, esaterako. Gainera, gure diskoa eskualdeko zenbait liburutegitan alokatzeko moduan jarri zen. Kontzertuetan ere joan zaizkigu batzuk, ‘Vladi’-ri. Horretaz gain, hedapen handia eragin du diskoa interneten entzungai jartzeak.

> Musika dantzagarriak irauli du Euskal Herriko eszena. Gazte belaunaldiek dantzarako musika hautatu dutelako nabarmentzen dira egun pop, indie, skacore zein erritmo dantzagarriak jorratzen dituzten euskal bandak?

Musika dantzagarriak beti izan du eta izango du paper oso garrantzitsua gazteen artean, edozein estilotan dela ere. Lehen esan bezala, gazte izatearekin lotrurik dago mugitzeko beharra. Banda gazteek musika dantzagarria egiteak euren testuinguruari (musikala eta soziala) erantzuten dion zerbait da, eta horrek euren (banda horietako kideen) irrikak asetzen dituenez, ulertzekoa da irrika horiek konpartitzen dituzten gazteek horrelako taldeak jarraitzea. Egiten duenarekin gozatuz, gazteak dantzan jartzea lortzen duen taldea beti nabarmenduko da Euskal Herriko ‘rock’ eszenan.

> Zuek zuen lekua aldarrikatzen duzue gure eszenan, eta ikus-entzuleek erantzun al dute?

Bai! Uda hau inoizko emankorrena izan da. Kontzertu asko eman ditugu txoko askotan eta jendearen harrera oso ona izan da gehienetan. Bira aurrera joan ahala showa biribiltzen joan gara, segurtasun handiagoarekin igo gara eszenatokira eta uste dugu jendeak antzeman duela lan hori guztia. Zaila izan da, adibidez, kontzertuak ospatzeko tradizio handia ez duten herrietan jendea gure atmosferan sartzea, baina herriko festetan eta ekitaldi handietan jendeak emandako erantzuna ikaragarria izan da; asmatu dugu gazte eta ez hain gazteak gure kontzertuetara erakartzen. Zarautzen eta inguruan jotatako kontzertuak sekulakoak izan dira guretzat, baina urrutiago joan izan garenean ere, jendea mugitu egin da gu ikusi eta entzuteko. Hori eskertzekoa da.

> Abian jarri duzuen espazio-ontzia nondik datorren adierazi duzue. Aurrerantzean, nora doa?

Predikzioak egitea beti da arriskutsua. Lehen okupazioa izan gabe horrenbeste denbora eskatzen duten jarduerek gorabeherak ekartzen dituzte askotan. Uste dugu zortzi urteko ibilibidean sortutako arazoei aurre egiteko gai izan bagara, orain ere hala izango garela. Topikoa dirudien arren, familia moduko bat osatzen da hainbeste ordu elkarrekin pasatzen duten lagunen artean, rol eta guzti. Beraz, horretaz baliatuz, gero eta interesgarriagoa den zerbait eskaitzen saiatuko gara. Esango nuke SKASTIren onena iristeke dagoela oraindik. Izatez, hasi gara hurrengo diskoan bilduko ditugun abestien zirriborroak egiten eta oso gustora ari gara geratzen emaitzarekin. Neguan zehar, konposizio-lanak egingo ditugu eta datorren uda prestatzen jardungo gara buru-belarri. Hala ere, kontzerturen bat edo beste ematen saiatuko gara Gaztetxe eta aretoetan. Gainera, %100ean konfirmatu ezin badugu ere, Bartzelonan kontzertu bat emateko aukera ireki zaigu eta hori kudeatzen ari gara; ziur Euskal Herritik kanpo aritzeak asko irakatsiko digula.

No hay comentarios: