2007/12/19

I LOVE SNOW


Duela aste batzuk, Oier Mees-en dei bat jaso nuen, non, elurretara joateko eskaintza egiten zidan. 54 euroren truke, Astún-eko (Aragoi) estazioan 3 egunez (abenduaren 27, 28 eta 29) gozatu ahalko genuen. Behin baldintzak jakin nituenean (3 egunetarako Forfait-a, otordu guztiak barneratuta, 2 gauetarako estalpea...) anaiari, gestioa egin ziezadan eta nire izena eman zezan eskatu nion. Honek, eskatutakoa egin zuen. Materiala neure kontu geratzen zen, baina hori ez zen arazo Joel-i esker.

Hala ere, kontu honek, bi gai gatazkatsu ditu. Lehena zera da, Zarauzko Gaztelekuak antolaturiko irteera dela, erakunde arrotza nire hurbileneko lagunentzat (niretzat barne). Bigarrena berriz, abenduaren 29, San Mames futbol zelaian, Euskal Herria - Catalunya norgehiagoka ospatuko dela, selekzio nazionalen ofizialtasunaren aldeko jaialdian. Ospakizun berari lotuta, Gozategi (David Gorosperen taldea) eta Betagarri talde famatuak arituko dira. Sekulako amorrua eta pena ematen dizkit azken ekitaldi hauetara (partida eta bi kontzertuak) ezin joan izanak. Hori gutxi balitz, zenbait lagunek gaua luzatu eta parranda ederra bota ostean Komando Bizkaiaren etxean geratzea erabaki dute.

Guzti honekin ere, ikaragarria da, urtebete eta gero, elurretara joateko dudan gogoa. 3 edo 4 aldiz izan naiz aipatutako estazioan eta oso handia ez denez (40 kilometro eskiagarri inguru) nahiko ondo ezagutzen dut. Orain, kondizio metorologikoak onak izan daitezen esperotzea bakarrik geratzen zait. Dena ondo bidean, pistetan behera arituko gara hurrengo asteko osteguneko lehen orduan.

Besterik gabe, Bilbora joango diren lagunei ondo pasa dezatela aholkatu eta etxea zaindu dezatela eskatu nahi diet.


P.D: Uste dut, ez dela esan ere egin behar egingo dudan kirola Snow(boarding)-a dela.

Errorea Kontagailuan

Egun batzuk atzera, kontagailua begiratu nuenean, nire blogak bisitarik jaso ez balu bezalako zenbakia adierazten zuen, hau da, "...0000". Jarraian, ondorio metafisiko batera heldu nintzen; ezin gerta zitekeen behin egindako bisitak atzera "des-bisitatzea", beraz, argi geratu zitzaidan errore informatiko baten ondorioa izan behar zuela. Nahiko zapuztu ninduen hartaz konturatzeak, zenbakia zerora jeisteaz gain, bertan finkatu baitzen, blogak bisitak jasotzen jarraitzen zuen arren. Ahalik eta bizkorren akatsaren iturria bilatu eta berau konpontzea espero dut, jendeak irakurtzen dituela ikusteak bultzatzen bainau sarrerak argitaratzera. 800-etik gora ziren akatsaren momentuan, ikaragarria (niretzat behintzat), beraz, zenbaki hartatik zenba dezan aginduko diot konpontzea lortzen dudanean. Eskerrikasko jarraitzaileei.

2007/12/11

Kaiola Berria

Nahikoa ez eta... beste buruhauste bat. Handia gainera. Hala ere Bilbon egonik txikiagoa da nigan duen eragina.
Gauza zera da, nire gurasoen bizi-plangintzen barruan aldaketa bat nabari eta gauzatu zela. Etxebizitza aldaketa hain zuzen. Duela hilabete batzuk, amak, etxea bere izenpean utziko zuen kontratua sinatu zuen. Hortik gutxira obrak hasi ziren (etxea ez baitzegoen bizitzeko moduan), eta hauekin batera, "kaosa". Azken hilabete erdian, gremio guztiak (guzti-guztiak) pasa dira etxetik. Tarte honetan lan ugari izan dut etxearekin lotuta, izan ere, denok lagundu behar
genuen, "proiektuak" arrakasta izango bazuen. Azken aste honetan lana areagotu da, fase nekagarrienera heldu baikara, behin betiko "mudantza"-ra. Armairu, bestelako altzari, arropa eta etxe guztietan aurki daitezkeen trasteak garraiatu genituen. Pasa den larunbateko gaua (edo zati bat, nire kasuan) izan zen etxe berrian igarotako lehena. Igandean, etxea utzi behar izan nuen Bilbora etortzeko eta, egia esan, nahiko itxura ona zuen etxeak, utzi nuen momentuan. Ostiral honetan, kostako bazait ere (ohitura faltagatik diot), etxe berrira joan beharko dut zuzenean. Ea are itxura hobea duen.
Aipatu naiko nukeen beste gai bat, honen kokapena da. Beharbada batzuentzat txorakeria bat izango da, baina, ez dakizue pisua Azken Portun egoteak niretzako duen garrantzia zenbaterainokoa den. Sentimental jartzen uzten badidazue; jaio, hazi, ikasi, jolastu, lagunak egin, bihurrikeriak egin, amestu, jaietaz gozatu, jaiak antolatu, negar egin, maitatu... egin dut auzo (eo herri, komisiyoko guztiyantzat biotzez, jeje!) honetan. Horrela izanik, non hobe, Azken Portun baino?
Besterik gabe, hau amaitzera doa eta laister finkaturik nagoelako aipamena egin ahal izatea espero dut.
LAXTE ARTE! IZAN UNTSA!
P.D: Oraingoan, izenburua, Ituren eskutik datorkigu.

2007/12/03

"Ametsa ote? Erantzuna behar dut!" Erantzuna; ez... ez da ametsa!!!

"[2007-11-30]
AZKEN BERRI BERRIAK!!!!!ABESLARIA AURKITU DU TALDEAK!!Hemendik aurrera taldea sendotu eta berriz ere kontzertuei ekingo diote!Laister informazio gehiago..."
Hauxe irakur daiteke IPAR HAIZEA-ren webgunean sartzean. Egia izango da beraz. Taldean hitz egin zuten nonbait, eta Dabitxinek bozeramaile lana egin zuen, niri eskaintza eginez. Ez nuen pentsatu beharrik izan ere, taldeak hala nahi bazuen ez nintzen ni izango trabak jarriko zituena. Taldeak badaki nire nondik norakoa, eta badaki, baita ere, nire ezagutzak eskasak direla musikaren arloan. Horrekin guztiarekin ere aukera bat ematea erabaki du. Hemendik aurrera, lana da geratzen den bakarra. Lehen pausoa, taldera moldatzea izango da, bigarrena, kanta berriak atera, grabatu eta kontzertuak ematea. Hori bai, ez dut inongo presarik, lan handia baitago (baitut) egiteko. Beno, blog honi dagokionez ere... "laister informazioa gehiago..."

2007/11/30

SKASTI-k Fotolog berria aurkezten du!


Joelena (kitarra) izan da ondoko ideia liluragarria. Taldearen egoera ikusirik, sarean tartetxo bat eraikitzea aukera ona zela ondorioztatu zuen. Izan ere, SKASTI-ren zaleei zor genion zerbait zela uste genuen. Horrela, 2007-ko azaroaren 26-an, hain famatua den "fotolog"-ean gunetxo bat sortu zuen. Bertan, kontzertuen datak, argazkiak, berriak eta taldearen inguruko beste zenbait kontu azalduko ditugulako esperantza jarri dugu. Hemendik aurrera link-en artean izango duzue; >>>>>>>>>>>>>>>> FOTOLOG - SKASTI <<<<<<<<<<<<<<<<

2007/11/25

"4433...-W - 10.0"

Orain artean blogaren jarraitzaile izan zartenek jakingo duzue, kimikako lehen azterketan 5.0-a atera nuela. Jakingo duzue, baita ere, emaitza horrek matibazioa jeitsi beharrean igo egin zidala esan nuela. Esandakoari fidel izateko saiakeran, 10.0-a lortu nuen aurreko astean. Harro nago, eta zuekin konpartitu nahi nuen. Lehen emaitzak ikasteari gogotsu ekiteko balio izan bazidan, pentsa ezazue azken honek... Biar, kimikako laugarren "partziala" dut, Atomoaren Egitura Elektronikoa, beraz ikasten hasiko naiz zuen baimenarekin. Hemendik aurrera, ikasketekin zerikusi handiagoa duten gaiak ere jorratzen ahaleginduko naiz.

2007/11/20

"A ze puentia!"

Beno, azkenean denbora pixka bat hartu dut eta, Sarrikoko ordenagailu gelara etorrita, jarraian egin dudan hirugarren zubi honetako gertaera nagusiak kontatzeari ekingo diot. Asko eta "handiak" izanik, ezin izango ditut nahi nituzkeen xehetasun guztiekin azaldu. Hala ere, nire igarotearen zentzua ez galtzeko balioko dizuelakoan nago. Ekin niezaion bada idazteari!

1.GIDABAIMENA: Osteguna, jaieguna zen nire fakultatean (San Alberto, zientzietakoen patroi delakoa). Horrexegatik, asteazkenean bertan etxera itzuli eta zubia egitea erabaki nuen. Ostegunean, autoko gidabaimena ateratzeko azterketaren froga praktikoa nuen. Azpeitiara joan nintzen hau egitera, nire autoeskolak bertan egiten baititu frogak. Bigarren aldia zen eta (beharbada horregatik) lehenengoan baino urduriago nengoen. Oso azterketa txarra egiten ari nintzela iruditu zitzaidan une batzuetan. Hala ere, aztertzailearen izaerak asko lasaitzen ninduen, profesionala iruditu zitzaidan. Azpeitiatik itzulitxo bat eman ostean (arazo handiegirik gabe) autoa aparka nezan agindu zidan. Esan eta egin. Gidatzen ari nintzen bitartean mugikorrera deitzen aritu zitzaizkidan, hiru bider. "Evidentemente, no lo coges" aholkatu zidan aztertzaile errioxarrak. "Por supuesto" batekin erantzun nion, hotz eta zuhur. Behin autoa geldirik nuenean eta berak azterketa amaitutzat eman zuenean... "Llama al que te estaba llmanado y dile que has aprobado" esan zidan. Atsegina izan zen. Bere jokaera profesinalki beroa eskertu nion. Beranduago emaitza (behin behineko gordekina) jaso nuen autoeskolako irakasleagandik eta Falta leve bakarra egin nuela ikusi ahal izan nuen. Gidabaimena badut, autoa falta.

2.GASTEIZ: Ostegunean, azterketa egin, etxera iritsi, bazkaldu eta Donostiarako trena hartu nuen bi lagunekin elkartu (Bino eta Mikel Alberdi) eta Gasteizera eramango zigun trena hartzeko asmoz. Gaua bertan igarotzeko asmoa genuen, Josu Tete jaunaren gidaritzapean. Arratsaldetik sartu ginen giroan. Bertxo-rekin (lehengo kuadrillakidea) topatu ginen, Gasteizen ari baita Euskal Filologiako ikasketekin. Erosketa batzuk egin eta Josuren lagun baten etxera joan ginen Pizza batzuk afaltzera. Ordurako laugarren azkenportutar bat batu zitzaigun, Itu. Afaria oso ondo joan zen, parre batzuk egin genituen eta ordurarte Josurenak ziren lagunak, guztionak bilakatu ziren. Alde Zaharrean egin beharrekoa eginda (benetan giro polita), People izeneko taberna joan ginen, beste guztia itxi baitziguten. Giroak jarraitu egiten zuen. Ederki egon ginen eta denbora hegan joan zitzaigun, niri behintzat. Tabernara sartu eta erlojua lehenegoz begiratu nuenean 03:20 adierazten zuen, bigarrengoz begiratzean, 06:03. Harrituta geratu nintzen. Argiak piztu zituzten eta Josuren etxera joan behar izan genuen. Lehenago, Itu-k Bilborako autobusa hartu behar zuen eta geltokiraino lagundu genion. Etxean ordu eta erdi eskas lo egin eta gero, tren geltokira itzuli ginen, Donostiara joateko. Han, bigarren tren bat hartu eta herrira iritsi ginen.
UUEEEEPA GASTEIZ!

3.TXURI: Egun berezia larunbata ere. 10:30-etan, Lege Zaharren Enparantzan bildu ginen taldekideak. Azken xehetasunak konpondu eta Itxaso tabernan kafe bat hartu genuen, hotz egiten zuen eta. Bitartean, joko genituen abestiak, eta hauen egitura, adostu genituen, izan ere, 8 minutu edukiko genituen eszenatoki gainean, 20 taldek jo behar baikenuen egun osoan zehar. Omenaldia 12:00-etan hasi zen. 13:00 inguruan jo genuen. Kontzertua ondo joan zen eta jendeak gustura hartu gintuela ematen zuen. Bukatu genuenean, "Aupa SKASTI!" bat entzun zen. Momentuan ez nion garrantziarik eman (hotzagatik edo), baina, taldekideek ea entzun nuen galdetu zidatenean, baietz erantzun eta ondo sentitu nintzen. Eskertzekoa da horrelako keinu bat. Ez dakit nor izan zen, baina, ez dut ahaztuko.
"Egun hotz hau, ziur hotzagoa dela maite zaituztenengandik urrun." (SKASTI - TXURI - 07/11/17)

4.SKINHEAD: Bazen denboraldi bat, lagunei, ilea moztuko nuen hurrengo aldian rapatu egingo nuela esaten niela. Esan eta egin. Igandean izan zen, aitari makina hartu eta burutik pasa ziezadan eskatu nion. Beharbada arrazoia jakin nahiko duzue. Ez daukat bada arrazaoi garbirik, aldatzearren egin dut, erosotasunagatik ere bai beharbada. Beraz, ikusiko nauzue nire look berriarekin.

Badakit ez dudala sekula erreferentziarik egin, eta bada ordua. Igaro da denboraldi bat kontagailua jarri nuenetik eta momentu honetara arte 468 bisita jaso ditu nire blog-ak. Edonola ere, espero nuena baino askoz ere gehiago. Eskerrak ematea dut helburu. Zenbakia handitzen doala ikusteak, jendeak irakurtzen duela erakusten dit, eta horrek, idaztera bultzatzen nau. Besterik gabe, esker mila momentu honetantxe lerro hauek irakurtzen ari zaren horri.
Gogoratu, edozer idatzi nahi izanez gero (EDOZER), komentarioak utzi ditzazkezuela. Horrela, zuen berri izateko aukera emango zenidakete eta asko eskertuko nuke hori ere.
Agur bat Bilbotik "zauden lekuan zaudela"-ra...

2007/11/14

"Txuri"-ri omenaldia, 20 urte 20 kontzertu

Jarraian, atzoko egunean, (Urola Kostako) Hitza-n irakurri ahal izan nuen artikulua:

"2007-11-10 15:47:01
‘Txuri’ presoaren alde 20 musika taldek elkarretaratzea egingo dute
Datorren larunbatean elkartuko dira Lege Zaharren enparantzan Jose Mari Perez ‘Txuri’-ren egoera salatzeko asmoz
«Ideia eta estilo desberdinetako jendea gara, guztiak zarauztarrak, gazteak eta egoera aldatu nahi dugunak», zioen herenegungo aurkezpenean Jon Lopezek. Herriko 20 musika taldek elkarretaratzea egingo dute datorren larunbatean Jose Mari Perez Txuri preso zarauztarrak bizi duen egoera salatzeko. «Txuriren egoera ilegala da. Azaroaren 25ean 20 urte beteko ditu espetxean, eta bere kondenaren hiru laurdenak bete zituenetik bost urte igaro dira. Legean oinarritzen baldin bagara, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke», adierazi zuen Gorka Silvanek. Putzuzulo gaztetxean egin zuten aurkezpenean musika taldeetako ordezkariak bildu ziren, eta datorren asteko elkarretaratzearekin Txuriren egoera salatuko dutela adierazi zuten. «Legea ezartzeko garaian argi gelditzen da batzuekiko eskuzabaltasuna eta besteekiko esku gogorra. Bestalde, azpimarratu beharra dago egoera honek dakarren kostu ekonomikoa eta fisikoa, bai familiarentzat baita lagunentzat ere», gaineratu zuen Silvanek. Hainbat espetxe pasatuta, gaur egun Jose Mari Perez Burgosko espetxean dago. Musika taldeen elkarretaratzea 12:00etan hasiko da , Lege Zaharren enparantzan; 14:00ak aldean babarrun jana izango dute. Herritarrei animatzeko deia egin diete musika taldeetako kideek, «partaidetza ezinbestekoa delako».

Musika taldeen zerrenda:
Burkina faso, Dirtaa, Diskoira, Erail, Erantzun, Harlore, Inor ez, Kalanbrazo, Latitud O, Mantisa, Mattinada, Metralleta, MKT, Shitak, Skasti, SKT, Stocholm S, Tantra, The art of lossing, Txixaparrazta."

2007/11/13

Beti ere, maila mantenduz...

Igandean, "kezkaturik" nengoela esan daiteke. Esan bezala, Dabitxinek mintegiko saioa burutu behar zuen larunbatean eta iada bueltan izango zen. Deitzekotan eongo nintzen, baina, arratsaldean egongo ginenez, itxarotea erabaki nuen.
Lokalera heldu nintzenean Dabitxin bakarrik aurkitzen zen bertan eta egin nion lehen galdera izan zen, noski, ea zer moduz joan zitzazkion "proba" moduko haiek. Erantzuna garbia izan zen. Oso ondo joan omen zitzaizkion. Pozik ikusten nuen laguna, bezperan zuen tentsioa kontuan hartuta, eskeinitako mailarekin gustora zegoela zirudien. Asko lasaitu ninduen, izan ere, ostiralean kontzertua eman behar izanak, urduri jartzen ninduen, lagunagatik. Are gehiago, Pearl izeneko bateria-markako arduradunetako batek kontratu moduko bat egitea eskeini zion Dabitxini. Horrek, nire lasaitasuna poz bilakatu zuen. Aurreneko gauza (maila emango zuela) jakina zen, baina, bigarrena, benetan lorpen handia zen. Daviden talentu eta esfortzuak merezi duten saria jasotzen hari dira, eta ziur nago lehenego pausoa besterik ez dela.
Entseguari dagokionean, gauza gutxi; oraingoan ere ez zela Mattin (baxua) agertu eta, nuen katarroaren erruz (aitzakia dirudien arren), zenbait abestitan desafinatu egin nuela. Datorrenerako Asgarth taldearen Goian bego kantua ikasi behar dut, eta horretan dihardut.
Gauzak horrela, Dabitxini zorionak ematea bakarrik geratzen zait. Beste guztiei, Euskal Herriak emango duen bateria jole ezagunenetarikoa izango denaren pausoak gertutik jarraitzea aholkatzen dizuet.

P.D: IPAR HAIZEA taldearen web-gunea iadanik linketan eskuragarri.

2007/11/10

Jirako Egunerokoa (Mendaro, 09/11/9)

Nola edo hala, iritsi ginen mendaroko Gaztetxera. Pixka bat itxaron ostean, taldekide guztiak elkartu ginen, bi taldetan banaturik bidaiatu baikenuen. Beste denbora tarte bat pasa zen gaztetxeko atea irekiko zuen ardura heldu zen arte. Hau gertatu zenean, barrura sartu eta bertako edertasunaz gozatu genuen. Sekulako "txokoa" zen hura. Edifizio ederra, kondizio onak, garbitasuna, txukuntasuna, apainketa polita... biltzen zituen. Jarraian, materiala barruan sartzeari ekin genion. Orduan, antolaketa akats batekin topatu ginen; musika-ekipoa oraindik ez zen han aurkitzen eta hau bertan egotearen ustezko arduradunak ez zekien ekipoa ekarri behar zuenik ere. Beraz, nahiko denbora itxaron behar izan genuen. Ekipoa jarri zutenean, eta instrumentuak probatzeko aukerarik izan gabe ere, afaltzera bidali gintuzten. Horretarako, herri guztia zeharkatu behar izan genuen, edo hori ematen zuen behintzat. Afaria ondo joan zen. Hala ere, motzegia iruditu zitzaidan eta ez genuen postrea jateko aukerarik ere izan, izan ere, denbora gainera zetorkigun. Bueltako bidea egin ostean (beste taldeko kideekin hitzegiten ihardun genuen) aipaturiko proba burutu ahal izan genuen. Geuk lehendabizi eta beste taldeak beranduago, gu izango baikinen bigarren joko genuenak. Gure pozerako Guillermo (Giller), Ander Peñagarikano (Peña) eta Xabier Alberdi (Vladi) iritsi ziren, guztiak, azken honen kotxean.
Beste taldeak proba bukatu zuenean kontzertua hasi zen.
Lehenengo abestiek ez zuten oso soinu ona eduki, baina, egokitze teknikoak egin heinean asko hobetu zen. Kontzertuak iraun zuen bitartean jendea nahiko lasai egon zen, hala ere, soraluzeko taldeak, kanta ezagun batzuen bertsioak jo zituen eta horrek ikusentzuleak pixkat bat piztuarazi zituen. Taldeko kitarrak arazo bat izan zuen bere instrumentuarekin eta Joelek utzi behar izan zion berea. Kontzertua bere amaierara heltzen ari zela, kalera irten ginen arropaz aldatzera. Izan ere, eszenografia hobetuko zuten itxura hartzea erabaki genuen.
Kontzertua hasi genuen. Lehenik, Josuk kasurako prestatu zuen bertsoa abestu ostean, Spider Ska jo genuen, koreografia eta guzti. Jarraian Autodeterminazioa, jarraian... Kontzertuaren lehen atala ondo joan zen, jendeak gustora begiratzen zigula iruditzen zitzaidan. Hala ere, lasai ziharduten. Kontzertuaren erdialdera heltzen ari ginen heinean, bertsioak jotzen hasi ginen, Enamorado de la Muerte (R.I.P.), Mierda de Ciudad (KORTATU), Kualkier Día (PIPERRAK)... eta abesti hauetan, jendeak dantza egin zezan lortu genuen. Kontzertuaren gailurra, oraingoan ere, Latinoamerikanos abestia jotzean heldu zen, taldearen ustetan, kanturik landuena eta garatuena. Bukatzeko, Jamaika izeneko reggae-ska baten ostean, El Amo de la Barraka jo genuen, askorentzat taldearen identifikazio zeinua. Eszenatokia utzi bagenuen ere, jendeak "Beste bat!" jo genezan nahi zuen. Beraz, lortutakoarekin gustora, berriro igo eta Betagarrik bertsionatu zuen Baldin Bada (BALDIN BADA) bertsionatu genuen, aldi berean. Orduan guztiok bukatutzat eman genuen emanaldia, Josu Tete-k izan ezik. Oraindik gogotsu, eszenatokira igo eta azken entseguan ateratzen saiatu ginen kantua abestu zuen. Berak konposatu zuen eta, Iza, Joel eta Dabitxinen laguntzaz aurkeztu zuen lehenengoz, bertara hurbildu zen ororentzat. Orain bai, bukatu zen kontzertua.
Taldekideak (Alberdi, Iza, Joel, Bino, Itu, Tete, Dabitxin eta Antxus) elkar zoriondu ginen. Ondorengoaz, gutxi esan daiteke; beste taldekoekin hitz egiten geratu ginela, Bino eta bion aitek kotxean jaso gintuzten arte.
Hurrengo kontzertua, Zarautzen izango da, datorren larunbatean Txuri-ren gartzelaratzearen 20. urteurrena dela eta ospatuko den omenaldian. "Euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugulako..." bertan ikusiko dugu elkar.

P.D: Esan beharra dago, larunbatean, Dabitxinek, munduko bateriajole onenekin egingo den madrilgo Mintegian hitzordua edukita (07:00 zuen irteera), taldearekin jotzeko esfortzua egin zuela. Beraz, eskerrak eman eta zorterik onena opa nahi diot hemendik. Emayok eurra!

2007/11/06

SKASTI TOUR '07 (Azaroak 9, ostirala, Mendaron!)

Atzo, SKASTI taldeko beste abeslari eta lagun den Xabierrekin (Bino), kontaktuan jartzen saiatu nintzen ostiralean taldeak emango duen kontzertuari buruz informazioa lortzeko asmoz. Momentu horretan ez zen etxean aurkitzen, beraz, iristean e-mail bat bidal ziezadan eskatu nion, Bilbon egonik, informazioa lortzeko modu egokiena zela pentsatuz.
Hona hemen bada, "Bino"-k, SKASTI taldearen kontzertuaz gaur egun dituen ezagutzekin emandako erantzuna:

"SKASTI TOUR 2007
Urteari amaiera emateko kontzertu pare bat egongo direlaren zurrumurrua dago. jadanik bat argia eta finkatua dago. Azaroaren 9an izango da Menadroko gaztetxean Soraluzeko beste talde bat "telonero" moduan arituko direlarik. Beraien hitzetan ohore bat da honelako talde garrantzitsu batekin kontzertu bat eman ahal izatea. Gainera entzuna da Skasti taldeak Europan barrena Holanadan hain zuzen ere kontzertu batzuk ematea, baina hori biharko gauza da. Lehengora bueltatuta Mendaroko gaztetxean dohainik edo 2 euro inguru izango dela suposatzen da(garesti ez behintzt) eta ordua finkatu gabe dago. 22.30 aldera hasiko direla suposatzen da. Besterik ezean Bilobon ondo segi ta preparatu urte gazigozo honi amaiera zerutiar bat ematekoayo!!! kabrones!!! ta ostegunen fuck fuck!!!"

Horrela izanik, planen bat egina bazenute, orduz, egunez edota urtez aldatzea aholkatzen dizuet, ez baitut uste SKASTI-ren kontzerturik onena galtzeko gogo handiegirik izango duzuenik.

Besterik gabe, bertan ikusiko garelakoan agurtzen zaituztet. Ska! Ska! Ska!

P.D: Ez itzazue Bino-ren akats ortografikoak aintzat hartu, izan ere, tratamenduarekin dabil. Ea denon artean sendatzea lortzen dugun. BESARKADA BAT BINO HANDIARI!

2007/11/03

Casting-aren 2. fasea

Asteazkeneko entrenamenduaren osteko dutxa garaian, Dabitxinek, ea egun bertako gauean entseatzera azalduko nintzen galdetu zidan. Erantzuna jakina da, oso nekaturik banengoen ere.
Bigarren aldi honetan askoz ere lasaiago nengoen. Mattin (baxua) ez egotean, entseguak ukitu ez-ofizialagoa hartu zuen. Horregatik eta bigarren aldia izateagatik, erosoago sentitu nintzen. Lehenengo aldiko kantu antzerakoak jotzen aritu ginen, baina, giro festazaleago batean. Horrek, erlaxatuago jotzeko aukera eman zidan. Abestien zatiak gogoratzearen arloa hobeto menperatu nuen. Hala ere, "sartzeko" denborak kontrolatzeko zailatsunak izan nituen, baxuaren falta somatzen bainuen. Honek, erritmoaren erreferentzia galduarazten zidan une batzuetan.
Egia esan, oraingo honetan, gustorago geratu nintzen eskainitako nire mailarekin. Gainera, Mikel, Aitor eta Dabitxinek koroak egiten zizkidaten eta abestiak osatuago geratzen ziren.
Entseguaren emaitzak: Parre batzuk bota izana, eztarria bertan uztea eta berriz itzultzeko aukera.

2007/10/30

Casting I.H.

Ez dakit oso ondo nola, baina, heldu zen igandea. Lasai nengoen etxean, ez bainuen uste Ipar Haizeak entsegua egingo zuenik astebukaera honetan. Esan zidatenez, David gaixo egon zen aste osoan zehar eta, ostiralean ere, bere horretan jarraitzen zuen. Hala ere, uste guztien aurka, "Dabitxin" beraren deia jaso nuen 14:30-ak inguruan. Banekizkien ikasteko esan zizkidaten abestiak, baina, hala ere, azken errepasoa emateaz gain, inprimatu egin nituen, "txuleta" moduan.
Agindu bezala, 17:00-etan lokalera iritsi nintzen eta iadanik han zeuden Mattin (baxua) eta Aitor (kitarra) agurtu nituen. Haiekin hitz egiten geratu nintzen, David heldu zen arte. Mikel (kitarra) izan zen heltzen azkena. Jotzen hasi ginerako 18:00-ak ziren.
Taldearen maketako kantuekin hasi ginen. Abestiak oso onak iruditzen bazaizkit ere, ez zaizkit kantatzeko "erosoak" egiten, geldoegiak baitira. Hala eta guztiz ere, ahalik eta ondoen abesten saiatu nintzen, noski. Urduri nengoen eta zenbait zati ahaztu zitzaizkidan. Ez nion garrantzi handiegirik eman eta afinatzen saiatu nintzen, bestea, abestiak ondo ikaste kontua dela uste baitut, lan erraza. Sutagar taldearen abestiak ere jo genituen eta abeslariak tonu altuetan abesten badu ere, erosoago sentitu nintzen. Talde honen kantuen artean, Nazka, David eta Goliath, Begira, Ametsa ote? eta, nola ez, Jo Ta Ke jo genituen. Batzuk ez ziren oso ondo atera, zatien ordena ez baikenekien.
Azkenik, Guns 'n' Roses-en, hain ezagunak diren, Knocking On Heavens Door eta Sweet Home Alabama-rekin saiatu ginen. Lehendik jotzen zituzten abestiak ziren, beraz, menparatzen zituzten. Niri ordea, asko kosta zitzaizkidan, eta nire erara abestu nituen.
20:00-etan amaitu genuen. Ez nintzen oso gustora geratu emandako mailarekin, bigarren aldi batean, hobeto egin nezakeela uste dut.
Guzti honekin ere, esperientzia berria eta ederra izan zen. Errepikatzekoa? Taldeak erabaki behar. Ni prest nago.

2007/10/26

SKA-P ¿S. A.?


Beno, hurrengo berriak, bitan banatzen nau, edo hobeto esanda, banandu egiten dizkit bihotza eta arrazoia:
Lehengo egunean, etxean lasai nengoela, Adrianek, ea SKA-P taldearen web orrialdea aspaldian bisitatu nuen galdetu zidan. Ezetz erantzun nion, eta baita zer berri agertzen zen galdetu ere. Berak ez zidan erantzun nahi izan, nik neuk irakurtzea hobe nuelakoan, pentsatzen dut. Aukera izan nuenean beraz, web orrian sartu nintzen. Egia esan, ziur ez banengoen ere, banekien zer topatuko nuen, denbora kontua baitzen. Berrien atalean Pulpul-en (taldeko ahots nagusia, kitarra eta leader-a) idatzi bat zegoen, 2007ko urriaren 12an eskegia. Bertan, gauza askoren artean (eskerrak batez ere) berri bat emanten zen: Taldekide ohiak lehengora itzuliko zirela eta abesti zaharrak jotzeari ekingo ziotela. Hala ere, taldekide honek ez zuen berria guztiz ziurtzat eman nahi, eta orregatik, mesfidantza kutsua eman zion idatziari, berri ofiziala, "egotekotan", 2008 urtearen hasieran emango dela adieraziz. Hala ere, beste hiru taldekideren argitalpenak irakurrita, berriak nahiko ziurra ematen du. Lehen esan bezala, denbora kontua zen.
Berri honek bitan zatitzen nauelarena azaltzen dut:
Alde batetik, jakina zen, taldea itzuliko zela, lorturiko arrakastak hala baitzioen. Hasieran ez nuen ulertu "parón indefinido" haren arrazoia. Taldeak, bere momenturik gozoenenan, jotzeari utzi zion. Orain itzultzeari, kutsu komertziala hartzen diot, hau da, diru nahiak bultzatzen dituela lehengora. Itzulera honek dudan jartzen du taldearen zaleekiko konpromisua.
Bestalde, SKA-P-ren abesti berriak entzuteko gogoak ikusmena lausotzen dit. Bi urte konposatzen aritu ostean, Pulpul-ek aurkeztu ditzazkeen abestiak imaginatzen saiatzen naiz, izugarriak ziurrenik. 2008 urtearen bukaeran diska berria ateratzeko asmoa dutela ere esaten da web orrian. Badute denbora beraz, lan polita egiteko.
Garaia iristen denean ikusiko dugu ea itzulerak merezi izan duen.

2007/10/24

S. D. San Inazio [+]

Atzo auzoko futbol zelaira agertu nintzen berriro (20:30), taldearekin entrenatzeko asmoz. Goiz zen oraindik, baina ez goizegi antza, berri txar bat jasotzeko. Bi taldekiderekin topatu nintzen lehenik, Kapi eta Ikerrekin. Lehenak, belaunean zituen arazo fisikoak zirela eta, entrenamentua ez egitea erabaki zuela esan zidan, astebukaeran partidua galdu zutelarekin batera. Bigarrenak ordea, niretzat garrantzitsuagoa zen zerbait esan zidan: San Inazio taldea utzi berri zuela. Entrenatzeilearekin izandako tira-biren ondorioa zela esan zidan. Ez zitzaidan sinesgaitza egin, lehendik ere bien arteko gatazka batzuen lekuko izan bainintzen. Asko penatu nintzen, taldean nuen lagunik onena baitzen. Beti niretaz arduratzen zen eta taldean ondo senti nedin saiatzen zen. Nire anfitrioia zen.
Beno, dena ez zen beltza izango atzoko entrenamenduan. Saioaren azken atalean, partidu bat jokatu genuen. Lehen jokaldietan, nire hegaleko jokalariak nahiko ondo jolasten zuela ikusi nuen. Gero jakin izan zuen arrazoia, hitz egin genuenean. Berak nire aurpegia ezagutzen zuela eta arerioak izan ginelako ustea zuela esan zidan. Nik posible zela esan nion, bere aurpegia lehendik ikusia nuela iruditzen baitzitzaidan. Jarraian, Getxo-ko futbol taldeko jokalari ohia zela esan zidan. Hara hor, bere jokuaren arrazoia. Gaur egun San Inazio taldean egoteko arrazoia jakin nahi izan nuen, eta bizi zen tokitik gertuago zegola esan zidan.
Gustora aritu nintzen beraz, partiduak (laburra, ene iritziz) iraun zuen bitartean, lehia eskaintzen zidan jokalari bat defendatu behar bainuen. Nire taldeak aise irabazu zuen, eta taldearen jokoaren inguruan aurreko egunetan nuena baino sentsazio hobeagoaz etxeratu nintzen.

P.D: Ziur Iker faltan botako dudala, baina, gainontzekoekin erlazioak estutzen ahaleginduko naiz.

2007/10/21

"Zaitu ai Dabitxin!"

Esan bezala, Igande arratsaldean egingo nituen probak Ipar Haizea taldearekin. Eguna heldu da eta baita momentua ere. Ez nekien zer ordutan joan behar nuen, beraz, Davitxinekin kontaktuan jartzen saiatu naiz. Ez dut lortu. 17:00-ak inguruan, entsegu lokalera abiatu naiz. Ez zegoen inor. Espero nuena zen. Hala ere, ez dit batere axola izan. Kantak beste behin birpasatzeko erabili dut denbora, telebistan Formula 1-eko lasterketa ikusten nuen bitartean. Denbora aurrera zihoan eta ez zen inor azaltzen. Bat batean mezu bat iritsi zait. Davidena zen eta entsegua hurrengo astera arte atzeratuko zutela esaten zuen. Arrazoia zera zen; bera gaixo zegoela eta ez zela entseatzeko egoeran sentitzen. Orduan, mezu batez erantzun diot.
Aukera izan dudanean (iragarkietako tarteaz baliatuz), etxera joan naiz lasterketa lasaiago ikusteko asmoz.
Alde batetik, zapuztuta geratu naiz, gogo handia bainuen esperietzia berria hau probatzeko, baina, bestetik, pozik nago, denbora gehiago izango baitut abestiak ikasteko.
Hurrengo astean beharko du izan...

P.D: Duela 2 minutu Raikkonen-ek lasterketa eta mundiala irabazi ditu, Zorionak!
Go Kimi Go!

2007/10/19

Crónicas de un Jueves Universitario (Vol.1)

Afaltzeaz bukatu genuen. Kalera irteteko ideiara egiteko ordua zen. 22:00-ak ziren eta 22:30-etan Nikorekin geratuta nengoen. Telebista ikusten geratu ginen, minututxo batzuk (Nadal Vs Murray, Tenisa). Bitartean, Ipar Haizearen kanta batzuk lortu nituenez (Xabier Alberdi "Vladi"-ri esker), hauen letrak ikasten jardun nintzen.
Orduak mehatxatzen zuenean, norbere prestaketekin hasi ginen. Segituan iritsi ginen Sarrikoko geltokira. Bidean, gauerako genituen itxaropenak kontatzen genizkion elkarri. Nikolas gu baino beranduago agertu zen, eta aurkezpenak egin ostean, metroko ahoan sartu ginen. Alde Zaharrean jeitsi behar genuen.
Lehenik, Iturribide kalera jo genuen. Ekaitz Borda tabernan hasi genuen girotzea. Lagunek zerbeza batzuk hartu zituzten. Gauza ondo zihoan. Ondorengo orduetan giro polita egongo zela zirudien. Hitz egin genuen lasai, zabal, gozatuz... eta musikak bigarren papera betetzen zuen (Marea, Ska-P, Offspring, Su Ta Gar...). Bertan denboralditxo bat eman ostean, parean geratzen zen batean sartu ginen. Ez zegoen inor, baino, giroak geuk jarriko genuela erabaki genuen (Nikoren esana), nahikoak baginen eta. Tabernaria oso jatorra zen eta konfidantzak egin ostean, DVD antzeko batean Piperrrak taldearen zuzeneko kontzertu baten grabazioa jarri zigun. Gozatu egin nuen. Musikaz hitz egin genuen, talde zaharrez, berriez, igarotako kontzertuez, datozenez...
Halako batean mugitzeko ordua bazela erabaki genuen. Markelekin topatu ginen orduantxe. Hau, lehendik ezagutzen zuen lagun talde batekin zegoen. Hauei jarraitu genien, esperiantziadunak zirelakoan. Ez ba! Galdurik ibili ginen pixkatean, bila zebiltzan taberna aurkitu arte. Hark, ordurarte ikusitako giroarekiko ezberdintasuna erakusten zuen. Zarautzen hain ezaguna zaigun taberna baten antza handia zuen. Gustora egin ginen, musika hark, dantza egiteko eta ondo pasatzeko aukera ematen baitzigun, neska polit anitzez inguraturik. Luze samar egon ginen han. Hala ere, bagenuen gaina hartzeko beste tontor bat; Kafe Antzokia. Hara zuzendu ginez beraz. Taldeko bi kiderentzat berria zen hura. Giroak jarraitu egiten zuen. Jendartean nahastean gero eta jende gehiago ezagutzen nuela egiaztatu nuen. Jende pila ikaragarria geunden barruan. Mota guztietako musikaz (Disco, Negu Gorriak, Rolling Stones, Red Hot Chilli Peppers, Fermin Muguruza, Rhianna-ren Umbrella...) nahikoa gozatu genuela erabaki eta gero, kalerantz abiatu ginen. Asko eskertu nuen, nazkatzen hasia bainintzen. Behin kalean geundela, Ane Bombinekin topatu ginen. Honek, parrandarako gogoa zuela esan zigun. Guk ordea, Alan, Maka, Itu eta hirurok hurrengo eguneko klaseak genituen buruan, beraz Taxia hartu genuen, eta etxera itzuli ginen. Adrian ordea, lehendik esandakoari fidel, Bermeoko lagunarekin elkartu zen gaua luzatzeko asmoz.
Ohean nintzela ordularia begiratu nuen: 03:53

2007/10/18

Arde Bilbao!

Dear diary:

Egun berezia gaurkoa. Bi lagun ditugu gaurkoan etxean; Alan eta Beñat Makazaga, "Maka". Lehenak gurean bazkaldu du. Beranduago Makaren bila joan naiz Sarrikoko geltokira, 16:00-tan geratua bainintzen. Orduan azaldu naiz, baina, aurreratu egin zait, beno, zazkit, neskalagunarekin baitzegoen. Biak agurtu eta Makari eskua eman diot, denbora zen batera egoten ez ginela eta. Hitz egiten igaro dugu bidaia erdia. Orduan, Cristinak, egoitzara joan behar zuela esan digu. Etxera igotzeko eskaintza egin diot, baina, eskaintza ukatu du. Horrela, Maka eta biok jarraitu dugu aurrera. Heltzean, Itu eta Alanek hitz egiten jarraitzen zuten, nesketaz oraingoan. Makari etxea erakutsi ostean, Adrianen gelan (wifi duen bakarra, sukaldeko "txoko" batekin batera) finkatu gara. Bertan eman dugu arratzaldearen zatirik handiena, internetaz baliatuz, zenbait bideo ikusiz, hitz eginaz... Gustora sentitu naiz, ez baita horrelako bi lagun etxean edukitzeko aukera egunero izaten. 19:30 dira une honetan eta afaldu ondoren gau-girora irteteko asmoa dugu. Komando Bizkaiaren botere igoera aipatzekoa da. Aliantzei esker dena ere.
Gaur gaueko kideak: Maka, Alan, Jon (Adrienen Bermeoko gelakide eta laguna), Niko (Nire gelako lagun Eibartarra), Ane Bombin, Jon Segurola "Txili", ni neu eta parrandarako gogoarekin batzen zaigun edonor. Adrianek izan ezik, denok ditugu bihar klaseak. Horregatik, gaurkoan, azkar etxeratzen saiatuko gara. Ikusiko dugu.
Bihar, astia badut, idatziko dut gau honi buruz. Blog honen irakurle maite guztiei.

2007/10/17

Biologiako Euskarazko taldea (31. Taldea)

Beno, lehen klase egunetik 23 gehiago igaro dira iada, eta bada gelakideen (ezagutzen ditudanena behitzat) aurkezpena egiteko ordua. Kronologiari jarraituz burutuko dut aurkezpena, hau da, ezagutu nituen ordenaren araberakoa izango da:

Alex-Ander Aldasoro, "Alan": Zarautzen, 1989ko apirilaren 8n, jaioa. Lehen mailako ikasketak Zarauzko Ikastolan burutu zituen. Bigarren mailakoak berriz, Lizardi ikastetxean. Saskibaloiko jokalari ohia. Surfa atsegin du, eta honi inguratzen dioten gainontzeko kirolak, hala nola, skateboarding-a, snowboarding-a eta abar. Gaur egun, Getxoko izebaren etxean bizi da, Las Arenas auzoan. Tipo alaia, jatorra, urduria, "eroa"... Lehendik ezagutzean (kuadrillakoak izaki), oso ondo moldatu nahiz berarekin. Nire klaseak arindu ditu (alderantziz ere izango zelakoan nago) eta Campus osoan dudan konfidantza onena da, dudarik gabe.

Oier Aranzabal: (Iadanik aurkeztua)

Markel Irizar: Zumarragan jaioa, 1987an. Lehen mailako ikasketak Zumarragako Ikastolan burutu zituen. Areto futboleko eta sakibaloiko jokalari ohia. Bilbon bizi da, beste bi (edo hiru) lagunekin batera alokatua duen pisu batean, nire antzera. Tipo xelebrea, isila, "pasota" kutsua duena, alaia, jatorra, lasaia... Lehen egunetan gerturatu zitzaigun (Alan eta bioi) eta hizketan hasi ostean, lagun egin ginen. Klaseetan, hauetatik at dagoela emanten du. Campusean Alan, Markel eta hirurok ibili ohi gara.
Altua, gorpuzkera zabala (ez ordea lodia), look gogorra, zinta batez jasoriko adats-erdi kizkurtua, bi adarreko "perilla"...

Nicolas, "Niko": Eibarren jaioa, 1988an. Lehengo urtean Euskal Filologiako ikasketak hasi zituen EHU-ko Gasteizko Campusean. Gogoeta sakon baten ostean, etorkizuenean irakasle bezala amaitu nahi ez zuela erabaki zuenez, bertan behera utzi zituen ikasketak. Futboleko jokalari ohia (haibatetan arerio izan dudana gainera). Egun, Rugbian aritzen da. Bilboko Miguel de Unamuno ikasle-egoitzan bizi da. Jatorra, serioa, burutsua, abertzalea, langilea. Bioestatistikako ariketa batean berarekin jarri behar izan nuen, handik aurrera, ondo eramaten gara. Autobus bidaia batzuk batera egiten ditugu. Politikoki jantzia.
Altu samarra, zabala, ile motza, janzkera arrunta...

Asier, "Axi": Eibarren jaioa, 1984an (duela 23 urte). Erdi mailako ziklo bat egin zuen eta fabrika batean lanean hasi zen. Hura gutxi zela eta, Unibertsitate ikastetekin saiatzea erabaki zuen. Bilbon alokatuik duen pisu batean bizi da, Romo-n, Alanengandik gertu. Jatorra, oso urduria, oso langilea...
Alanen altuerakoa, gorpuzkera gihartsua, janzkera arrunta baita ere...

Jarraian, maila txikiagoan ezagutzen ditudanak:

"Rapero bizko flipaua", Oihanen antza duena, Orioko Alex, "Desagradable", "Redesagradable", Eba, "Enpo", Jokin Valenzuelaren antza duena, Ibarretxe Lehendakariaren alaba omen dena (ziurtatzeke)... Hauetaz, eta gehiagotaz, gauza gehiago ere idatziko nituzke, baina, klasean 94 garenez eta erdietaz zerbait aipatzeko egun osoa beharko nuenez, hemen geratuko naiz, ideia bat egin dezazuen nahikoa delakoan.

Jarraituko du...

2007/10/16

Kaotiko, Zarautzen


Larunbat honetan, kuadrilla eguna dela eta, Kaotikok bere gira-ko azken kontzertua emango du Zarauzko munoa plazan!
Gaueko 23:30etan izango da, Darlin Shoes taldearekin batera, beraz, han ikusiko gara talde honen abestiez gozatzen dugun bitartean. Ea kanta zahar ugari jotzen dituzten (Kaos Etiliko) eta berrietaz zertxobait ahazten diren.

2007/10/15

Ipar Haizea


Internetaz baliatuz, lagunekin hitz egitera nindoan, bizilagunak uzten zidan biartean behintzat. Horrela, David Gorosperen (Davitxin) nick-ean "SE BUSCA CANTANTE" jartzen zuenez, eta neu, bere beste taldeko (Skasti) abeslarietako bat naizenez, broma bat egitea erabaki dut. Haserre itxura eginez, hori jarri aurretik, ordura arteko abeslariari esan ohi zaiola esan diot. Orduan, barre egin du. Jarraian, "iragarkia" Ipar Haizea taldeari zegokiola esan dit. Biok egin dugu barre, espero nuena baitzen. Egoerara nola heldu diren azaldu ostean, eskaintza egin dit lehenengoz: "hi antxus hi animau ai¿¿" idatzi dit. Barre egin dut, noski, brometan ari zelakoan. Hala ere, Davitxinek berean jarraitu du: Ea zergatik ez nintzen aproba egitera ausartzen eta abar. Denbora bat pasa ostean, eta bere horretan jarraitzen zuela ikusirik, benetan ari ote zen pentsatzen hasi naiz. Azkenik, ez ausartzeko arrazoirik ez nuela eta, aproba egitekotan geratu gara. Igande honetan izango da, urriaren 21ean. Ahal dudana egingo dut noski, horrelako esperientziek on egingo didatelakoan. Onartu beharra dut, beti (ezagutzen dudanetik behintzat) izan dudala gustoko Heavy-a, abesteko duen zailtasun, baina aukera ederrengatik.
Orain, aukera izanik, nola esan ezetz horrelako aukera bati! Idatziko dut honi buruz.
Beno, orain, taldearen abesti bat ikastera noa, nolabait lortzen badut behintzat.
"Basamortu anker honetan galdurik goaz..." (Ipar Haizea - Aurrera)

"Rutinaren morroiak bihurtu gara..." (Hertzainak - Aitormena)

Badirurdi, Bilboko bizitzak, errutinarantz jotzen duela pixkanaka. Goizean esnatu (07:00), gosaldu, dutxatu, jantzi, motxila prestatu eta kalerantz abiatzen naiz oraindik ilun dagoenean. Igogailuaren zain, eguneko lehen gogoeta egiten dut, beharrezko guztia hartu ote dudanaren inguruan. Ezkaratzetik irtetean, lanean egon ohi den garbitzaileari "Egun on!" bat eskaini eta autobus geltokiraino dudan distantzia egiten dut, beherantz begira normalean. Iristean, Ane Bombin agurtu eta autobusari itxaroteko jarrera egokia hartzen dut. Leioako Campusera iristean, autobusetik jaitsi eta fakultaterantz abiatzen naiz. Garaiz heltzen naiz beti, beraz, pasilloko eserlekuetan jezarri ohi naiz. Atezainak atea irekitzean, guztiak batera sartzen gara eta norbere lekuetan eseri ostean klaseak hasten dira, irakaslea heldu bada behintzat.
Hala ere, gaur aipagarria deritzodan zerbait gertatu da: Kimikako klasean ginen, Oscar Castillorekin, eta bat batean, irakasleari, mugikorrak jo dio. Isiltasun osoa gauzatu da momentu horietan eta guztiok (begiak geure apunteetan genituenok barne) begiratu diogu. Orduan, maisuak, lasaitasun osoz, mugikorra poltsikotik atera eta egin beharrekoa egin du, honek jotzeari utz ziezaion. Jarraian, "zuek ez zarete bakarrak", esan du, irrabartsu, bere tolerantzia agerian utziz. Zurrumurrua sortu da orduan, gelan. Hala ere, irakasleak azalpena emateari berrekin dio eta segituan bueltatu da, giroa, bere ohiko egoerara. Guztira 20 segundo, gehienez.
Klasearen bukaeran, tabloira hurbildu naiz, ikaskide guztien antzera, Oscarrek iadanik jarriak zituen Kimikako kontroleko kalifikazioak ikustera: [5.0] Espero nuen, kontrola egin eta minutu batera ohartu banintzen nire akats larriaz, eta guztia, galdera ondo ez irakurtzeagatik. Zapuztu beharrean, gogoz bete nau emaitza honek eta motibazioa igo dit, aurrerantzean datorrenarekiko. Ikusten duzuenez, hori da nire egun batek duen gertaerarik aipagarriena. Beno, hori eta Markel ez dela azaldu klasera, baina azken honi buruz idatziko dut aurrerago.
Orain, zuen baimenaz, korrika saio bat egitera aterako naiz, Ituk aholkatu zidan leku batera. Ordu bete egiteko asmoz noa. Ikusiko dugu.

2007/10/14

Anaia jaio zaigu!

Gasteizen bere ikasketak burutzen ari den gure lagun Josu "Tete"-k, blog bat sortzea erabaki du, aitzindarion antzera, bertan Gasteizko bizipenen inguruan idazteko, eta horrela, ingurukoek, bere berri izan dezagun. Josuren ikuspuntutik abiatuta, Arabako hiriburuan jazotako gertaeren berri izango dugu beraz, hemendik aurrera, Gasteizko Goraberak blogean sartzen garen orotan. Une honetatik aurrera, linken artean izango duzue helbidea. Horrenbestez, zorte on anaia txikiari eta bere aita Josuri.

Komando Gasteiz aurrera!

2007/10/11

Xabier Iruretagoiena, Profeta

Komando Bizkaia Jainkoa da eta Xabier Iruretagoiena haren profeta.

Beno, gaur arte aipatu ez badut ere, aipamen berezi bat merezi duelakoan nago. Blog honen izena ez da nire originalidadearen fruitua izan, Xabirena baizik. Adrianen blogean irakurri ahal izan genuen lehenegoz, "zemouz ziok komando bizkaia???" galdetzen zuenean. Lehen unetik, aintzat hartu genuen, Xabik, Bilboko pisu berera gindoazen lagunarte inguruko hiru ikasle zarauztarrei erreferentzia egiteko erabili zuen espresioa. Beraz, nire bloga izendatzeko erabili nuen, Xabik horretarako arazorik edukiko ez zuelakoan. Agian, harro ere egon daiteke.
Besterik gabe, eta gai hau argi utzita, Xabiri eskerrak eman, ikasketekin zorte ona opa eta berak guri emandako izena defendatuko dugula jakinaraztea soilik geratzen zait.

Esker Aunitz! Eta agur bero bat gure anai Komando Donostiari!

2007/10/10

Leioako Agiria

Komando Bizkaiak Euskal Herriari:

Talde armatuak, bere helburuak burutzeko orduan aurkitzen dituen oztopoen artean, Leioako EHU-ko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak areriotzat dituela ulertzen du. Hauek buruturiko errepresioa dela medio, ikasleon gizartearen garapena mantsotu da. Horregatik, Taldeak, jakinarazi nahi dio, bai irakaslegoari, bai hauen zapalkuntza ahalbidetzen dutenei, laister, ekintza iraultzailez beteriko erantzuna emango duela.
Taldeak, bere arerioak aurkezten ditu:

Oscar Castillo: Kimikako irakalsea. Eibarren jaioa (1970). Azalpen garbiak. Pazientzia asko. Esperientziaduna eta ikasleak ulertzen saiatzen denetako. Langilea. Serioa. Profesionala.
Izengoitia: RAFA
Leire Ormaetxea: Matematikako irakaslea. Infernuan jaioa (666). Txistezalea. Harroa. Gaztetako frustrazioa ikasleekin ordaintzen duen horietakoa. Berez elbarria.
Izengoitia: PATATXUNGA
Jon Saenz: Fisikako irakaslea. Nekaturik jaioa (9:99'99''). Lasaia. Giro ona sortzen duen horietakoa. Gauza asko jakintzat ematen ditu. Ile zuria. Burusoila. Txikia.
Izengoitia: UFFF!
Arantza Urkaregi: Bioestatistikako irakaslea. Laudion jaioa (1959). Lasaia. Langilea. Pertsona ona. Lodia. Gorriz (gaizki) tindaturiko ile zuria. Betaurrekoduna. EAE/ANV-ko kidea.
Izengoitia: TOPO
Mariasun Requero: Biomolekulen irakaslea. Groenlandian jaioa (1969). Alaia. Txolina. Albinismo sintomak.
Izengoitia: EDURNEZURI
Arantza Iriarte: Geografi fisikoko irakaslea. Covadongan jaioa (K.a. XXIX. mendean). Zaharra. Lasaia. Zimurtsua. Zuhurra. Tradizionalista.
Izengoitia: JURASIKA

Talde armatuak, ikasleon gizartearen onuran, lanean jarraituko du. Ikasleon eskubide zibil eta politikoen alde arituko da eta borroka armatua erabiliz, Herria, inposaturiko botereetatik, zapalkuntzatik eta askatasun ezatik at jartzen ahaleginduko da. Horretarako, ikasleon laguntza eskatzen du.

Ikasle eta errebelde!

Komando Bizkaia

K. B.

2007ko urriaren 10ean, Leioan (Euskal Herria)

2007/10/08

S. D. San Inazio


2007ko urriaren 4a, osteguna, 20:00. San Inazioko futbol zelaian negoen. Esan zidatenaren arabera, ostegunetan, 20:00-etan entrenatzen zuen niri, Bilbon negoen bitartean, entrenatzeko aukera emango zidan futbol taldeak. Arduradun itxura zuen gizon zahar batengana jo nuen. Hari, San Inazioko jubenilen entrenatzailearen inguruan galdetu nion. Hark, kanpoan zela eta eskuz seinalatu zidan gizon batekin hitz egin nezan gomendatu zidan. Hala egin nuen. Honek, entrenatzailea Mexikon zela berretsi zidan. Baina, ordezko bat zutela eta iadanik entrenamendua hasia zela ere esan zidan (hau dena, eskuz mutil talde bat adierazten zidan bitartean). Begirada bat bota nien. 18 bat mutil. Gehienak altuera handikoak.
Aldagelan sartu nintzen eta arropaz aldatu. Bitartean buruari birak ematen nizkion. Oso altuak ziren. Nire berezko taldearen (Zarautz K.E.) maila berean zeuden (edo hala uste nuen). Ez nituen ezagutzen. Euskaldunak ote? Jatorrak ote? Onegiak ote? Nire hartan nenbilela, zelaira atera nintzen. Ordezko entrenatzailearekin hitz egin, eta honek berotzera bidali ninduen. Hala ari nintzela, taldearen nondik norakoa ulertzen saiatzen nintzen. Ariketa fisikoak egiten ari ziren eta horrek ez zidan asko erakusten. Nahikoa berotu nuela erabaki nuenean, etrenatzaileari jakinarazi nion eta ariketan sartu ninduen, nire ohiko postua zein zen galdetu ondoren. Ariketa sinplea. Ez zirudien aparteko ezer zirenik, beraien mailan egongo nintzela sinesten hasi nintzen. Bitartean, kideak, euren buruak aurkezten hasi zitzaizkidan... gazteleraz lehenengoa, gazteleraz bigarrena, gazteleraz hirugarrena... Ariketa bukatu zenean, entrentzaileak ofizialki aurkeztu ninduen taldearen aurrean. Oso arrera ona egin zidaten, segituan sentitu nintzen taldearen kide bat gehiago. Bereziki mutil batekin hitz egin nuen entrenamenduak iraun zuen bitartean; Ikerrekin. Kasualitatea. Entrenatzaileak bi talde bereizi eta partidua antolatu zuen. Hasi ginen. Ez nuen hura gehiegi ulertzen. Hark ezin zuen Jubenilen Euskal Ligako talde bat izan. Ikerri galdetu eta Bizkaiko Jubenilen bigarren mailan zeudela jakinarazi zidan. Orduan zer "San Inazio" zen gure maila berean zegoena? Gasteizkoa. Pixka bat lasaiturik, baina dezente zapuzturik, partiduan jarraitu nuen. Aise moldatu nintzen eta pare bat erakustalditxo egiteko aukera ere eman zidaten.
Luze gabe, partidua bukatutzat eman zuen Mr.-ak eta dutxara abiatu ginen.
Euskaldunak ote? Jatorrak ote? Onegiak ote? Ez, bai, ez, hurrenez hurren.
Txarregiak?

2007/10/07

Gudari Eguna '07


Ez nuen zenbaki hartan pentsatzeko beta handiegirik izan. 18. Ikasketei zegokienean, ez zen ezertxo ere aldatu, denak bere hartan jarraitzen zuen. Eguerdian, etxera iristearekin batera, bi lagunek batera zoriondu ninduten. Eskertu nien, eta eskertu nuen. Huskeria badirudi ere, norbaitek hura nire eguna zela (Eusko Gudarienaz gain) gogoraraztea behar nuen. Mahaian eseri nintzenerako platera bertan zegoen, nire urtebetetzerako bereziki prestaturiko spaghetti-ak. Hori esan zidaten behintzat. Adrianek klasera joan behar zuenez, eta segur aski asteburura arte ikusiko ez ginenez, elkar agurtu ginen. Arratsalde hartan, ohorezko bisita jasotzekoak ginen Itu eta biok, Josu "Tete"-ren eskutik. Hau, Boluetan (Eusko Tren eta Metroaren arteko lotura duen geltokia) jaso ondoren, Kafe Antzokira joan ginen. Han, zerbait hartuaz, hitz egiteko aukera eduki genuen. Etxeratu egin ginen. Pizza batzuk afaldu eta kalerako prestatu ginen, izan ere Oierrekin biltzeko asmoa genuen, metroaren Sarrikoko ahoan. Alde Zaharrean jeitsi behar genuen eta ailegatu bitartean, Oierrekin ordutegietaz hitz egiteko aukera izan nuen.
Metrotik ateratzean, Oierrek artzaina zirudien. Asmo txarrik gabe, hura atsegin zuela sumatu nuen. Tabernatan sartzen hasi ginen eta, honekin batera, jende ezaguna ikusten. Sekula ez nuen pentsatuko hainbeste aurpegi ezagun ikusiko nituenik Bilboko ("Euskal Herriko hiririk handiena") Alde Zaharreko gau-giroan. Zarauztarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere begiztatu nituen. Atsegina izan zen, izan ere, herrian bertan agurtzen ez ninduen jendeak agurtzen ninduen, eta alderantziz noski.
Taberna haietako batean, mahai batean eseri eta musikaz (beste gaien artean) hitz egin genuen, laurok gogoko baikenuen hartaz aritzea. Orduak aurrera joan hala, giroa lekuz aldatzen zela jakinarazi zigun Oierrek, beraz, hainbeste aipatu dizuedan Kafe Antzokira joan ginen, egun hartan bigarrenez. Hango giroa zeharo aldatu zen. Lasaitasuna galdu zuen, baina, atsegina izaten jarraitzen zuen. Dantza pixkat egin ondoren (mota guztietako musikarekin) eta Ane Bombinekin (Iazko gelakide eta lagun) egon ostean, etxera itzuli ginen.
Erlojua begiratu nuen 04:11, irailaren 28a. 18 eta egun bat neuk. 18 nire lagun "Bino"-k (Xabier). Zorion mezua idatzi eta bidali nion. Ondoren ohean sartu nintzen.
Agur eta ohore!

Finkapenerako bidean (Vol.1)

Bigarren eta hirugarren egunak antzerakoak izan ziren. Oraindik Iparra aurkitu nahian jarraitzen nuen. Biziraupenari zegozkion arlotan gauzak ondo zihoazen, baina, ikasketen ingurukoek ez zuten itxura onik. Ikasgai bakoitzaren aurkezpen zorrotza egiten jarraitzen bagenuen ere, banituen nahikoa buruhauste ordurako, ordutegiekin batez ere. Dena pixkanaka argituko nuela erabaki nuen.
Esan bezala, Oier ezagutzeak mesde egingo zigun. Asteazkenean, Ituk, Oierrek berari erakutsitako leku batera eraman ninduen; Kafe Antzokira. Metroan joan ginen eta ate parera iritsi arte ez nuen inoiz imaginatuko Kafe Antzokiaren kokapena halakoa zenik; altuera handiko eraikin baten baxua (0º). Bertatik oso gertu, EAJ/PNV-k Bilbon duen ordezkaritza ikusi ahal izan genuen. Sartu ginen azkenean. Hori leku lasaia, atsegina, erosoa... Ordenagailua motxilatik atera (izan ere lehendik nekien wifi zegoela) eta han pasa genuen arrtsaldearen zatirik handiena, lagunekin hitz egiten, Ituk entrenamendura joan behar izan zuen arte. Etxera itzuli ginen. Bidean Anartz ezagutu nuen, Ituk klasean zuen, eta honekin eskubaloira entrenatzen (C.B. Barakaldo) zuen, nafarra. Etxean bakarrik egon nintzen pixkatean, Adrian, eta beranduago Itu, etorri arte. Hurrengo eguna luzea (eta berezia) izango zen, beraz betebeharrak egin ostean, oheratu egin nintzen.

2007/10/02

Lehenengo orduak

Bilbora heldu ginen, Aita, Ama eta hirurok. Aparkalekua aurkitu ostean, etxera igo ginen, maletak eta gainontzekoak hartuta. Hauek desegin ondoren, eta aitari etxea erakusten nion bitartean (amak ikusia zuen iada), Itu eta Adrian heldu ziren, lehenengoaren amaren laguntzaz. Agurrak egin, eta auzora jaitsi nintzen gurasoekin, falta zitzaizkidan gauzak dendaren batean aurkitzeko esperantzaz. Hauek lortu eta gero, etxera igo nintzen. Jarraian, gurasoengandik agurtu nintzen eta orduan, han geratu ginen, Komandoko hiru kideak. Sentsazio arraro bat sentitu ahal izan nuen. Alde batetik, pozik nengoen, nire bizitzaren bi garai ezberdin bereiziko zituen mugaren gainean bainengoen, baina, bestetik, ezezagunarekiko urduritasunak ezinegona eragiten zidan. Lehenengo gauean ez nuen ia lorik egin. Ordua heldu zenean, ohetik jeiki nintzen, gosaldu, dutxatu... eta prest negoenean kalerantz abiatu nintzen. Bi lagunek ohean jarraitzen zuten, lo, ziurrenik. 07:30etako autobusa hartu behar nuen eta 07:20etarako "geralekuan" (BizkaiBus) nintzen, ez bainuen lehenengo egunean berandu iritsi nahi. Pixkat itxaron behar izan banuen ere, arazo handiegirik gabe heldu nintzen Leioako Campusera. Nahiz eta lehendik lekua ezagutu, galdu egin nintzen. Ez nuen ZTF (Zientzia eta Teknologia Fakulatea) aurkitzeko arazorik izan. Gehiago kosatatuko zitzaidan ordea, zegokidan ikasgelarekin topo egitea. Sarrerako tabloietan begiratuz gero arazorik gabe gela aurkitu ahal izango nukeela esan zidatenez, horixe egin nuen. Ezta arrastorik ere. 20 minutuz eraikinean bueltaka ibili eta gero, nire egoera bertsuan zeuden bi neskek zera galdetu zidaten: "emm... ¿1º de Biología?". Baiezkoa egin nien, eta aurten, lehenego aldiz emandako ezohiko egoera bat eman zela ulertarazi zidaten; ordutegietan eragina izan zuen arazo informatiko bat. Hori bai, Biologiako lehenego mailakoekin soilik. Orrialde haietako zenbaki ulergaitzak ahal nituen moduan interpretatuz eta Erromara banindoa adina galdera eginez, zegokidan gelara ailegatu nintzen. Han ez zegoen aurpegi ezagunik, beno, bat; batxilerra Oteiza Lizeoan burutu zuela nekien zumaiar bat. Bigarren edo hirugarren orduan (ez dut ondo gogoratzen), Alan iritsi zen eta lasaitasunez arnasa hartu nuen. Autobusaren erruz, lehenengo (eta bigarrengo agian) kalsea galdu zuela esaten zidan bitartean, Oier Aranzabal antzeman ahal izan nuen. Banekirn Biologia ikasten ari zela, bigarrengo mailan zegoela eta baita Bilbon bizi zela ere. Ezagutzen ez duzuenontzat; ni baino urtebete zaharragoa den eta Zarauzko Ikastolan ikasia den zarauztarra da. Egia da ez dudala berarekin konfidantza geheiegirik izan, baino, ziur nengoen hori aldatuko zela, beraz, are gehiago lasaitu nintzen. Goiza horrelaxe joan zen. Bueltako autobusa hartzeko ere arazorik ez. 14:30etan etxean nintzen. Bazkaria egina nuen eta Ituk eta biok klaseak bukatu genituen bitartean, Adrian bere saiorako prestatzen ari zen, klaseak arratsaldez baititu.
Aipatzeko apartekorik gabe eguna joana zen iada.

Commando Begins

Agur bat irakurle orori:

2007ko urriaren 2a da, asteartea, eta momentu honetan klaserik ez dudanez, nire blogari hasiera emango dion testu hauxe idazteari ekingo diot. Blog honetan, interesa dakizkizueken berriak argitaratzen saiatuko naiz, ahal dudan maiztasun handienarekin. Ez dizuet ezertxo ere ziurtatzen, baina, proba egin behar. Blog bat sortu eta bertan berriak argitaratzeko ideia Adrian Ucinengandik (lagun eta egungo pisukide) hartu nuen. Izan ere, bada astebete baino gehiago (kurtsoa hasteraekin batera) bloga sortu zuela eta bertan sartu ostean, nire adiskideek nire berri izateko modu ona dela deritzot.

Nire bizitzaren aro berri bati hasiera ematera noa Aitor Iturralde (Itu) eta Adrian Ucinekin batera. Horregatik, hirurok alokatu dugun Bilboko etxeko elkarbizitzaren tira-birak, entrenamenduetakoak, hiriak berak eskainitakoak eta, nola ez, EHUko Leioako Campuseko Biologiako lehenengo mailako ikasle bezala bizitako bizipenak izango ditut idazpide.

Konturatuko zineten (eta batzuk harritu ere bai) Euskara batua erabili dudala orain arte. Beno, ba hala egingo dut beti. Horren errua ere Adrianek du. Bere blogean irakurri ahal izan nuen bezala, Euskara batuaren erabilpenak, Euskarak duen berezko aniztasuna arazo ez bilakatzea ahalbidetzen du. Guztiz ados.

Besterik gabe, ongietorriak izango zarete nire blogean sartzen zareten guztietan.

To be continued...