2012/09/21

Gauza batek bestera narama


Irailak 19 zituenean izan zen, atzo. Aita konbentzitu nuen amaren familiak zeraingo herrian duen baserria eta honi dagozkion lursailak zein egoeratan zeuden ikustera joateko. Elkarrekin joan ginen, autoz, uda haietan bezala. Baina oraingo honetan ez genuen hilabete osoa emango han; nahikoa eta soberan izango genuen egun bakarrarekin.

Kotxea uzteko momentutik aurrerako guztiak iradoki izan zidan zerbait berezia, iragan oso polit batekin erlazionaturikoa. Egurrezko ate zaharra ireki, leihoak ireki... eta ataria zein utzita zegoen sufritu. “Hara sarriago joan behar da.” Betiko leloaren betiko leloa.

Atzoko helburua ordea ez zegoen eraikinean bertan. Mendian gora ibili behar izan genuen ene amonaren izenean erregistratutako lursailen bila. Amona alarguna da; aitona zenarekin ezkondu zen Garro baserrira. Nik lau urte nituela hil zen aitona Lukas. Ez dut indar nahikoko oroitzapenik bere inguruan. Oso zaharra zen amona Karmenekin ezkondu zenerako. Amak beti esan izan du “aita-aiton” bat izan zuela. Aitonak ehun urtetik gora izango lituzke gaur, biziko balitz. Garai zailak bizi izan zituela esatea afirmazio delikatua da gaur egun. Garai ezberdinak bizi izan zituela esango dugu.

Antza, nire amak esanda, aitona ez zen jakinduria politiko handiko gizona. Etxeko ekonomia menperatzen saiatzen zen eta gertukoenei zuzenean eragiten zizkieten gauzetan ziharduen. Ordurako, ordea, espainiako Guda Zibilaren zama zuen bizkarrean. Francoren bandoan borrokatu zuen, nire ustez hauek izan zirelako lehenak baserrira heldu eta besteen (errepublikazaleen, besteak beste) aurka tiro egin behar zuela esaten.

Paradoxa ondokoak erakusten du: urte batzuk beranduago, Francoren erregimen faxistak zirauen bitartean, Lukasek, nire aitonak, ura eta jatekoa igotzen zizkien mendian zuen txabola batean ezkutaturik zeuden ETAkideei; erreferentzia izanik, ETA, aipaturiko erregimen totalitario haren aurkako borrokan. Atzo, txabola zegoen tokira begiratzen genuela (gaur egun arrastoak besterik ez dira geratzen) kontatu zidan aitak handik pasa izan naizen oro errepikatutakoa. Espero dut egunen batean azaldutakoa nire seme-alabei kontatu ahal izatea. Testuinguru historiko-politikoa ahalik ondoen azaltzen saiatuko naiz, bai jauna! Ez dut ezagutzen militante haiek handik aurrera izandako ibilbidea.

Edonork pentsa lezake gaurko egunean preso hartzen dituzten ETAkideek zorte hobea dutela orduko haiek baino; izan ere, orain egun gutxi ibilbide luzeko mediku forentse batek esandakoaren arabera, hasi zenean, atxilotutako euskal presoen ehuneko ehunak tratu txarrak jasaten zituen. Orain egoera bestelakoa da, bai, baina ez benetako gaizkileei gupidaren zentzua piztu zaielako, euren interbentzioak kontrolatuago daudelako. Eta hala ere jakin nahiko nuke...

Mendekuaren beharra ordea ez zaie apaldu. Estrasburgoko auzitegiak dio espainian tortura-kasuak izaten direla, eta Estatuak giza eskubide oinarrizkoenak urratzen dizkiela euskal presoei. Eta ez dira lotsagorritzen. Are gehiago: orain gutxi (eta gaur arte, ziur) gure herrian preso politikorik izan badenik ere ukatu egiten zuten. Ikustagun: Euskal Estatua eraikitzea helburu duen erakunderen bateko kide bazara eta ezkerreko politika sozialistaren militante aktiboa bazara, delituren bat leporatuko dizute eta espainiako kartzelaren batera bidaliko zaituzte, urrun, ez dezazun eduki aukerarik zure jardunarekin edo pentsatzeko moduarekin gazte “deseroso” gehiago sortzeko. Alegia, aurretik aipaturiko baldintza horiek betez gero, xehetasunean diseñaturiko estrategia bati jarraiki eraikitako patua oparituko dizute zuri eta zure familiari, “ohiko preso”-ei ez bezala. Hori bai, “ez eskatu amnistia osorik; hori erokeria bat da!” Bada, gauza bat esango dizuet: amnistia osoaren aukera aztertu ere ez egiteak agerian uzten du iraganean bizitzeko duzuen joera tristea, eta agerian uzten du, baita ere, larriagoa dena, defendatzen duzuen kartzela-sistemak ez duela xede presoak bergizarteratzea; izan ere, zuen legeak kanpoan uzten duen erakunde armatu aktiborik gabeko eszenario honetan, ziurra da preso ohi batek ez duela bertan parte hartuko kartzelatik irteten denean. Zuen beldurra ez da hori; zuena mendekua da, gorrotoa. Ez saldu bestelako ipuinik. Gaizkileak zeuok zarete, espainiako egungo espetxe-politika defendatzen duzuen horiek.

Azken lerro bat Iosu eta gainerakoei.