Urtarrilaren 9a da gaur, asteazkena, eta segur aski, azterketen aurretik idatziko dudan azken sarrera da hauxe. Azterketa garaiaren mamuak, ikasle unibertsitario gehienak bereganatu gaitu jadanik. Nire kasuan urtarrilaren 23tik (Kimika) otsailaren 6ra (Bioestatistika) luzatzen dira azterketak. Daten gertutasuna ikusirik, ez dut uste blogari eskaintzeko denbora gehiegi izango dudanik gaurtik aurrera. Sarrera hau idazteko ere dudetan ibili naiz, azaldu dudan arrazoiagatik, baina Josuren bloga-ri bisita bat egin ostean (benetan merezi du bisita bat egiteak, hunkigarria baita), eta bertan jartzen duena irakurri eta gero, pentsatu dut ezin utz niezaiokela idazteari aldezaurretiko abisurik gabe, ez bailitzateke duina izango nire aldetik. Gauzak horrela, hurrengo sarrera, ziurrenik, azterketen ondoren, hau da, otsailaren 7 edo 8 inguruan, argitaratuko dudala diotsuet.
Josuren blogeko sarreraren gaira itzuliz, bertan egia anitz eta handiak esaten direla iruditzen zait. Lehenik, eguberri hauek arraroak egin zaizkiola dio eta arrazoiak azaltzen ditu. Neure arrazoiek, zerikusirik ez badute ere (etxe aldaketa, familiako egoera berezia, unibertsitateko ikasle gisa igarotako lehen gabonak izatea...), eguberri hauek bereziak izatea eragin dute. Jorratzen duen bigarren gaia, ikasle egoitzara (edo hirira) itzultzearen gogortasuna da. Etxetik kanpo ikasten ari garenok badakigu zertaz ari den, ezta? Noski. Bakardadeaz ere mintzo da, eta hau gainditzeko zailtasunaz, eta... Josuri esan nahi diot, aurrera jarraitzeko motiborik ez daukagula uste dugunean azaltzen direla benetan bidean mantentzen gaituzten arrazoiak. Hala ere, gauza jakina da hau Tete-rentzat, jada aukeratu baitu indarra emango dion arrazoia. Konpartitzen dudan beste egia bat denborarena da. Azkar pasako da, ziur, beti pasatzen baita uste baino azkarrago. Kasualitatez, gaur hitz egin dugu, Adrian, Itu eta hirurok, ohartzen garenerako udaz gozatzen ariko garelaren inguruan. Josuk data bat du helmuga gisa. Nirea uztailaren 1 ean kokatzen dut, gutxi gorabehera. Hala ere, seguruenik, ez naiz egun honekin (edo inguruko batekin) amesten duen ikasle bakarra. Beraz, denbora azkar igaro dadin eta desiotako egunerarteko esperoa arina egin dagizuen opa dizuet, Josuri bereziki. Ongi dio, baita ere, bitartean geratzen zaigun bakarra, "burua ondo altzata" aurrera jarraitzea dela, "denborak dena osatzen omen du ta".
Asko pozten nau euskara batuan (edo hurbileko zerbaitean, jeje) idazteari berrekin diola ikusteak. Lagunarekin edukitako hizketaldi batean, euskara batuaren erabilerak helarazi nahi zuen mezua hozten (arrotzago egiten) zuela esan zidan. Guztiz bat nator esandakoarekin. Hala ere, nire ikuspuntutik, badira "zauztarrez" idazteko aukera ematen diguten beste tresna batzuk, Messenger-a adibidez. Bertan, zuzenean hitz egin dezakegu (denbora errealean) lagunekin, eta baita bakoitzarekin dugun harremanaren araberako hizkera erabili ere. Blogaren kasuan, talde bati zuzendutako hizkuntza baten erabilpenaren ideia egokia dela uste dut. Aldi berean, euskara batuan idazteak, "maila" mantentzen laguntzen dit, hau da, hizkuntza idatziaren alderdi akademikoa lantzeko tresna gisa balio dit. Izan ere, gero eta zailagoa baita, zoritxarrez, euskara onean idazten duen jendea aurkitzea. Honekin ez ditut bere jatorrizko euskaran idazten duten pertsonak gutxietsi nahi, ezta gutxiago ere, eta ez dut esan nahi, ezta ere, nire euskara idatziaren maila apartekoa denik (akatsak baititu, noski), baina bai, blogaren bitartez, geure hizkuntzaren alor guztietako garapena bultzatzen dudala, nire onerako lehenik, hizkuntzaren alde bigarrenik.
Azkenik, Jikuri taldeko abesti baten letrarekin agurtzen gaitu, beraz, nik berdina egitea erabaki dut. Gaiak zerikusi handirik ez badu ere, Ipar Haizea taldearekin konposatu dudan lehen kantua den aldetik, zuekin konpartitu nahi dut.
Agur t'erdi!
IPAR HAIZEA - MALKOAK
Atzo isuritako malkoak dira
gaur indarra ematen didatenak.
Indar gehiago ematen didate
arerioarenak badira!
Bidean, segi aurrera.
Ez etsi!
Borrokan, denok batera.
Asmoa!
Gaur jasotako erasoak dira
bihar itzuliko ditudanak.
Indar gehiagoz emango diegu
nekaturik egongo baitira!
Bidean,..
Zapalkuntzaren bidean barneretuak gaude
eta horrela jarraituko dugu ez badugu zerbait egiten oraintxe.
Ez ahaztu gaurkoan herria dela erabakiak hartzen dituena.
Askatu barnean duzun sugarra, entzun dezatela herriaren oihua!
2008/01/09
2008/01/04
Animo Iban!
Eski bidaia ezin hobeto zihoan bigarren eguneko bazkalordurarte. Paul pistetatik aparkalekura jeitsi zen, aurkitzen ginen lekura, eta jadanik gehienok jakingo duzuen berri beldurgarria eman zigun. Ibanek, oso azkar zihoan batean, eskien gainean kontrola galdu eta pistako izotzaren aurka sekulako kolpea hartu omen zuen. Lehenik (oso damuturik nago honegatik), inozentada bat zela pentsatu genuen (abenduaren 28a baitzen), eta ez genion garrantzia handiegirik eman. Paulen insistentzia ikusirik, sinestea beste aukerarik ez zitzaigun geratu, hura sinetsi nahi ez bagenuen ere. Paulek esan zuenez, erorketaren ostean bere martxan jarraitzea lortu zuen. Hala ere, denbora gutxira, eta lesio anitzekin, Iruñeako ospitalera eraman behar izan zuten.
Asko hitz egin da, egun hauetan, lagunaren egoeraz eta eboluzioaz. Blog honetaz baliatuz, "morbo" kutsua duen edozein komentario iraingarri baztertu nahi dut. Aldi berean, Ibanen familiari eta lagun gertukoenei, gertaerak unkitu gaituenon kemena eta desiorik onena helarazi nahi diet. Konbentziturik nago, eta ziur nago ezagutzen duzuen guztiak ere hala zaudetela, gertaera susto batean geratuko dela. Ziurra da baita ere, bere egoera uneoro kontrolatzen duten profesionalez eta gehien maite dutenen ondoan aurkituko dela momentu honetantxe. Beraz, behin guztia anekdota batean geratu eta gertatutakoaren azalpenak Ibanen ahotik entzungo ditugun egunaren zain geratzen naiz.
ANIMO IBAN!
Asko hitz egin da, egun hauetan, lagunaren egoeraz eta eboluzioaz. Blog honetaz baliatuz, "morbo" kutsua duen edozein komentario iraingarri baztertu nahi dut. Aldi berean, Ibanen familiari eta lagun gertukoenei, gertaerak unkitu gaituenon kemena eta desiorik onena helarazi nahi diet. Konbentziturik nago, eta ziur nago ezagutzen duzuen guztiak ere hala zaudetela, gertaera susto batean geratuko dela. Ziurra da baita ere, bere egoera uneoro kontrolatzen duten profesionalez eta gehien maite dutenen ondoan aurkituko dela momentu honetantxe. Beraz, behin guztia anekdota batean geratu eta gertatutakoaren azalpenak Ibanen ahotik entzungo ditugun egunaren zain geratzen naiz.
ANIMO IBAN!
Suscribirse a:
Entradas (Atom)
