2008/11/08

Guztiok bat?

Asperturik naukate, eta nazkaturik, aberriaren salbatzaileek. Narda sentitzen dut, super euskaldun sentitzen den batek, maila ustez baxuagoko beste batekin gurutzatzean sentitzen duen mespretxua sumatzean. Asko dira garuna txiki eta amorrua handi duten gazteak. Ez dakit beste herrialdeetan, baina geurean, tamalez, horrelako gazteek sasi-abertzaletasunean aurkitzen dute irteera. Ez diezadala inork gaizki uler, faborez. Anitzetan sentitzen dut amorrua, neuk ere, herri honen egoera politikoari begirada bat botatzean. Baina, bereiz ditzaket nire amorrua sortu, eta beraz, pairatuko dituztenak, gainontzeko guztiengandik. Ez dut ulertzen, aberkide abertzaleak mespretxatzean ekintza abertzale (hau da, “aberriaren aldeko”) bat egiten ari dela uste duen inor.

Ez al litzateke egokiagoa izango independentziaren alde gauden guztion indarrak batzea dependentzia egoera errepresibo hau eragiten duenaren aurka? Badirudi jendeak ez duela hain garbi ikusten. Herri bat ez du sortzen, ene ustetan, biztanle guztiek ideia bat konpartitzeak. Herri bat, hori baino zerbait gehiago badela uste dut. Herri bat, nortasunak egiten du, hizkuntzak, kulturak, aniztasunak, biztanleen aniztasunak.

Niri, esate baterako, ez zaizkit euskal dantzak gustatzen, pilota partidek aspertu egiten naute, trikitixak burukomina ematen dit eta ez ditut marradun kamisetak erabiltzen. Bestalde, capoeira ikasiko nuke gustura, patinarekin aritzen naiz, ska-punk eta heavy-a abesten ditut eta galtza nahiz zapatila zabalak jantzi ohi ditut. Ezagutzen nauen norbaitek euskalduna ez naizela uste badu, esan diezadala aurpegira.

Askori betetzen zaio ahoa sozialismo, tolerantzia, mestizaia eta abstraktutasun handiko beste hitzekin. Beno, neu, izatez, mestizoa naiz, eta harro nago, euskal kulturaz gain, kultura espainiarra ezagutzen baitut jende askok baino hobeto. Familiaren erdia kanpotik etorritakoa da, garai ekonomiko zailetan, lan bila. Egungo neure aberriak, besoak zabalik jaso zituen nire arbasoak, hauek gehien behar izan zutenean. Ez naiz batere lotsatzen, eta ez dut uste hala beharko nukeenik, aniztasuna baita, berriro diotsuet, ene ustez, Herri bat, eta kasu honetan pertsona bat, osatzen duena. Euren lurragatiko maitasuna mantentzen badute ere, errespetu handia diote dena eman dien herriari. Hauen seme-alabek, senar-emazte euskaldunak izan dituzte, eta, aldi berean, seme-alaba euskaldunak. Ni neu horietako bat. Ezagutzen nauen norbaitek euskalduna ez naizela uste badu, esan diezadala aurpegira.

Potrotaraino nauka gai honek.

Barkatu begi urdineko gazte ilehori garaia ez izateagatik… baina, hala ere, Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

"Denok eman behar dugu zerbait..."

2008/09/28

Zorionak, [Xa(Bi]No)!!!

Igande gaua, eta sekulako astebukaera ahaztezina bizi izanaren sentsazioa. Nire udako azken astebukaera izanik, ezin hobeto aprobetxatu dudala uste dut.
Gaur, Binoren urtebetetze eguna denez, honi eskaini nahiko nioke sarrera hauxe. 19 urte igaro dira. 19 urte elkarren ondoan. 19 urteotan izan dudan lagunik onena izan da, inongo zalantza izpirik gabe. Egunero izan dut alboan edukitzearen sentimendua, auzo berean bizi izan ginenean, nahiz, ikasketen erruz, hiriburu erraldoi batean galduta aurkitu izan naizenean.
Nirekin konpartitu ditu bizitzako (eta aurretiko) arlo ugari. Jaio aurretik, bion amek (gurasoek), ospitaleko egonaldia konpartitu zuten. Hortik aurrera ikasgela, parke, jolas, bidaia, kirol, parranda, musika... bezalako gauzek lotu gaituzte.
Horrez gain, idatzi nahi eta ezingo nituzkeen mila bizipen azaldu gura nuke, baina, gehiegi eta sendoegiak lirateke momentu horiek niregan izandako eraginak, beraz, une batez idazteari utzi eta haietan pentsatzea (...............) besterik ez dut, berari (inoiz hau irakurtzen badu) berdina egin dezan proposatu ondoren.
Besteik'pe, zorionak ta urte askotako...

P.D: Eskerrik asko atzoko egunean zoriondu ninduzuen guztiei. Eta eskerrik asko, batez ere, astebukaera hau niretzat ahaztezina bilakatu duenari. Egin zenidakeen oparirik politena izan da. Maite zaitut.

P.D.2: Atzo, nire urtebetetzea izateaz gain, Gudari Eguna zen, baina, ez "sasi-gudari" eguna. Beraz, Euskal Herriaren historia umilean zehar euren herriarengatik dena eman dutenei... Agur eta Ohore.

2008/08/26

I'm your fan number 1

Lasaitzeko unea. Eskuak teklatu gainean pausatu eta gehiegi pentsatu gabe, nire gogotik zeharkatzen diren pentsamenduen isla nire txoko honetan paratzeko unea.

Izan ere, niri bost axola 2 metroko altueran kokatzen den eta horiozontalarekiko 30º-ko inklinaziona duen malda bat jaisten hasi den eskiatzaile hipotetiko batek aipaturiko maldaren bukaeran aurkitzen den 10 metroko sakonerako eta 5 metroko zabalerako zuloa gainditzeko bezainbesteko abiadura izango duen, 70kg-ko masa duela eta elurrak eskien gainean eragiten duen marruskadura indarraren koefizientea 0,024 dela baldin badakigu? Ea ariketa asmatu duenak airearen baldintza arbuiagaitzak arbiuatu dituen eta eskiatzaile hipotetikoa zulo hipotetikoan erortzen den hipotetikoki. Ea arbuiatutako baldintza klimatikoek zuloan izotzaren existentzia ahalbidetzen duten, eskiatzaile hipotetikoaren heriotza hipotetikoa ondorioztatuz. Emaitza = Fisika Puta!

Baina gaur ez naiz fisikaz arituko, zeuretaz arituko naiz, zeuri idatziko dizut, zeuretan pentsatzen baitut. Zeuretzat idatziko dut. Azkarregi, omen zen. Azkarregi egiak esateko? Azkarregi elkar ezagutzeko? Azkarregi... zertarako?

Ez dira garai onak dantzarako, baina bai, musika eta eskenatokia aukeratzen joateko. Eta jakin al dezaket zein jantzi eramango duzun neure gauean? Gorria baldin bada, lotsatu egingo naiz, beltza bada, alaitu. Ba al du explikaziorik ilean daramazun loretxo horrek? Eta ez zaitez nahastu, ez zara "lorea daraman lore bat". Lorea daraman emakumea zara. Neuk jarri nituen zelaia, gaua, eta marea bizien doinuak, eta zeuk irribarrerik politena. Saetarik abestu nahi, Ijitoen hirian? Neuk nahiago reggae bat Jamaikan...

Ez zenion ihesari eman, beraz gustura zeunden "Ihesa" entzuten. Ni izerditan blai nengoen eta zu oraindik guztiz jantzita. Agurrik ez, hori bai, "bestia nere kontu...". Eta atsegin nuen Miami Beach zu alboan bazintudan. Eta are eta gehiago atsegin nuen lehengusuaren tabernan. Aberkiderik ikusi al duzu ondoko mahaian?

Ordu asko, baina txikiak, elkarrekin. Hizketaldi luzea, hiztun onenarekin. Eta azkenean zer? Aitari kasu egin behar. Behin, bitan eta hirutan. Eta bidaiako autobuseko aurpegi bera mila bider. Eta barrea eragin zidan eskaera bihurria. Eta beste mundura bisitaldi gidatua. Eta hotzikarak eguzkiaregandik ezkutaturiko herrialdeetan. Irribarre anestesikoa, arnasketa anti-anestesikoaren ondoren. Ordua gainean. Eguzkia aise. Igogailurik ez ispiluan.

Isiltasunarekin borrokan, eta borroka, inoiz baino ozenagoa. Ahaztezina izan zen, berezia izan zelako. Eta berezia izan zen, zu zeu berezia izateaz gain...

Eta momentu honetan leihora hurbiltzen ari zara. Baina, ni bertan aurkitzen naiz dagoeneko. Beharbada ez luzerako. Beldurtu egiten omen zaitu aurrera begiratzeak? Edo hobeki esanda, urrutira begiratzeak. Baina, zer diote zeure lagunek? Ziur polita izan daitekeela pentsatzen dutela...

2008/08/04

Boof wt Fmfob

Idazteko gogoak bultzatu nau, gaurkoan ere, ordenagailuaren aurrean pausatu eta idazteari ekiteko. Gauza ugari kontatzeko. Uda latza izaten ari da, zentzu guztietan, sentsazio eta emozioz beteriko uda. Horrek ondo sentiarazten nau, eta ondo sentiarazte horrek, ondo sentitzen naizela adieraztera behartzen nau, hein batean.
Jende asko darabilkit buruan, elkarren artean zerikusik ez duen jendea gainera. Klaseko jendea, kontzertuak eman izanagatik ezagututako konfiantzazko jendea, kontzertuak eman izanagatik behin ezagutu eta oraindik harremana mantentzea lortu dudaneko jendea, beste herrietako jaietara joan eta musika taldeengatik ezagutu nauen jendea, Betiko Lagunak, denbora tarte luze batek jipoituriko harreman batek bere horretan jarrai dezakeela ikusarazi didan jendea, iazko klaseko jendea, bizitzan ahaztuko ez dudan jendea (orain arte aipaturiko eta oraindik aipatu gabeko taldeetan sailka daitezke), arazorik eta kondiziorik gabe euren anaiatzat hartu nauen lagun taldea, aurtengoan izan ez bada, aurreko udetan nire alboan egon den jendea, aurtengoa bezalako uda batean ezagutu eta 9 hilabete inguru anaiatzat izan dudan jendea, garai batean lagun onak izatetik harremana galtzera iritsi ostean, geure bideak nola elkartu diren erakutsi eta 9 hilabetez anaiatzat izan dudan jendea, lagun onen neskalagunak izanik, nire lagun bilakatu direnak, aspaldiko garaiez hitz egitean barreak eragin dizkidan jendea, zaletasunak konpartitzeak lagunak izatera bultzatu gaituen jendea, lagun soilak izanik, zerbait gehiago izatera hel gintezkeela erakutsi didan jendea, lagun izatera heldu gabe, lagun izan gintezkeela erakutsi didan jendea, gauza politak pentsatzera eraman nauen jendea, amesten utzi nauen jendea, begirada batekin urduri jarri nauen jendea, berarengan nolabaiteko interesa pizten nuela beranduegi (ea ez den horrela) ohartu naizeneko jendea, nire lekua hauxe dela erakutsi didan jendea, zantarrak izanik, zantarrak ez direnak balioesten lagundu nauen jendea, nireganako estimua era batera edo bestera azaldu didan jendea, azken egun hauetako batean bere konfiantza osoa nigan jarri duen jendea, niregana zuzenduko zelako esperantza izanik, musika talde ezagun batek inguruko herri bateko jaietan emandako kontzertu batean esperantza hori errealitate bilakatu zuen jendea... azken finean, nire buruan eta, ondorioz, bihotzean sartzea lortu duen jendea.

Horrela jarrai nezake luzaroan.

Bada, itxaropena errealitate bilakatzeaz gain, nire buruan dudarik sartu duenik ere.

Gaurkoa, aipaturiko talderen batean sartzen den orori eskainia.

P.D: Ez dut izarren jabea ulertzen.

2008/06/30

Riiiiiiiinnnnnnng!!!

Bi hilabete baino gehiago izarrekin ametsetan. Bada zerbait.
Gauza asko jazo dira, noski, hura amestu nuenetik. Onak batzuk, txarrak besteak. Ikasteko asmo sutsuarekin utzi nion blogean idazteari. Nire orduko fedean, ikasten emango nuen denborarekin ez nuen bertan idazteko betarik izango. Eta izan dut bai, betarik. Nahi baino gehiago gainera.
Gauza askorekin topatu naiz ikasteko garaian. Gogo falta, motibazio eza, benetan ikasteko ohitura gabezia eta izutzerainoko materiarekin topatu naiz, besteak beste. Ondorioa, emaitza txarrak. Oso txarrak esango nuke. Uda jadanik, hainbeste desiotako uda. Zertarako eta inoiz baino gehiago ikasi behar izateko! Beno, kolpeak eta igaroko dudan uda ez hain onak eskarmentutzat balioko didatela espero dut behintzat, hurrengo urtera begira. Irailean ikasgaiak gainditzeaz gain, "egunero" ikasteko ohitura hartzea lortuz gero lorpen handia izango da. Hala ere, ez da erraza izango. Baino beno, oraindik garaiz nagoela uste dut. Esan bezala, ikasgaiak gainditzeko sakrifizio maila igo beharko dut, ordu gehiago sartuz eta lan gehiago eginez. Jende askori ondo doakio azterketa aurretiko "astetxoarekin" eta beharbada duen inteligentzia mailarako, ikasteko gaitasunerako edota burutzen dabilen ikasketen zailtasunerako (denetik egongo delakoan nago) nahikoa zaio. Ni orain koturatu naiz, niretzat ez dela nahikoa.
Ildo honetatik jarraiki, kritika txiki bat egin naiko nuke, zuen baimenarekin. Pixka bat nazkaturik nauka, azken urte honetan, nire "karrerak" jasaten dituen mespretxuak entzun behar izateak. Ez dut zehazki inor akusatu nahi, orokorreak hitz egiten dut. Entzuten dudan gutxiespeneko komentario orok biziki mintzen nau. Garbi utzi nahi dudana zera da, Biologia ikasten nabilela. Bost urteko Lizentziatura dela. Oraindik "amaitu gabe" dagoen zientzia bat dela. Bizia aztergai izanik, gauza konplexuak (bizia ezean, zer da konplexuagoa?) dituela bere baitan. Beste zientzia batzuetan ez bezala (Matematika, Fisika, Kimika... -hauek dira gehienbat ezagutzen ditudanak-) zaila izaten da orokortasunak bilatzea, hau da, multzo bati egotziko zaizkion legeak edo arauak finkatzea. Horregatik asko adarkatzen den zientzia da. Kasuan kasuko klase, ordena, familia, genero, espezie, barietate, arraza... aztertu behar da, eta sinets iezadazue, badira batzuk! Ez dut inola ere beste zientziarik (edo ikasketarik, orokorrean hitz eginez gero) gutxietsi nahi, baina bai Biologia haien parean jarri. Bizkarrean kolpetxoren bat emango nioke gustura, "animalituak ta landariak" ikasten ditugula dioenari (ahoan iribarre bat duela normalean). Eta ikusaraziko nioke hitz tentelok ahoskatzeko beharrezkoak izan diren prozesu biologiko guztien konplexutasuna berak seguraski inoiz imaginatuko lukeena baino altuagoa dela, eta gu haiek ikasten saiatzen garela. Eta esango nioke, baita ere, Biologoa den, eta egungo telebistako programa arroxa anitzetan agertzen den, pertsonaia "maitagarri" bat erabiliz gutxiespena egiten duenari, beharbada bera dela karrera hauxe ateratzeko gai izango ez litzatekeena, eta ez noizean behin telebistan agerraldi bat edo antzerki moduko muntaia bat eginez bizimodu oparoaz gozatzen duena.
Barkatuko nauzue, baina, barrena hustu beharrean sentitzen nintzen. Eta behin hau esanda eta horrelako jendea (telebistako kasposoak alegia) espetxeratu beharko litzatekeela argi utzita, ezer gutxirentzat dut astia. Baditut asmo ugari uda honetarako. Batzuk musikarekin lotuak, beste batzuk kirolarekin, besteak ikasteko planteamenduaren exekuzioarekin, beste batzuk parrandarekin... eta batenbat izarrekin noski!
Besterik gabe, idazten jarraitzea espero dut, zuen bisita fidela amaitzen ez den bitartean behintzat. Zaindu zeuona dena eta zorterik onena guztioi, ikasleei bereziki, uda gogorra baitator. Nirea hala izango da behintzat...

More news as soon as I can!

2008/04/26

Izarrekin Ametsetan

Gaur hondartzan egon naiz. Eta paradisua irudituko litzaideke zu bertan bazina. Eta ohartu naiz ez dudala hondartzaren beharrik paradisuan sentitzeko, zeu behar zaitut.
Hala ere, hondartzarekin amestu dut. Bertan zeunden, nola ez, egiten eta pentsatzen dudan oron baitzaude. Ez dit axolarik. Zeure baimenarekin edo gabe. Neurea zara. Amesten ibili naiz eta honelako zerbait zen:

"...egun bero baten osteko lasaitasuna. Guztia eman duen eguzki baten nekea nabari da, gauaren etorreraren aurkako borroka galtzen ari baita. Ezin du ezer egin.
Parez pare hirurok, zu, ni eta itsasoa. Itsasoa ordea ez dago bakarrik. Kumetxoak ditu etengabe, eta hauen negarrak zure ahotsarekin harmonizatzen du, melodia gazi-gozoa sortuz.
Eguzkia bere azkenetan dabil. Mundu honetan ez da gupidarik. Hala ere, bihar gure artean izango dugu. Bitartean ilargiarekin jolastu behar. Eta izarrekin.
Iluntasunarekin batera, zure begiek nireekin jostatzen dute, argitan ez zuten sakontasunarekin agertuz. Lotsatiegiak agian? Baliteke. Baina eguzkiak, argiarekin batera, lotsa eraman du. Nire eskuek zeureak bilatu dituzte. Erraz. Begiak begitan oraindik. Eskuak hotz dira, hondarra bero. Hitz goxoren bat belarrian, laztan bat masailean. Zure erantzuna ezpainetan. Zure ilearen usaina nabari dut. Eta zure lepoaren leuntasuna. Maite zaitut dio haizeak. Zure ezpainen zaporea dastatzekotan edo, kosk egin diet, leunki. Debeakatuak dirudite, paradisuko sagar gorriaren zapore bera baitute. Ez naiz damu. Zukua atera nahi izan diet.
Zure arnasa nabari dezaket lepoan. Geroz eta azkarrago. Nire taupadak bezalaxe. Hondarra bero, eskuak bero. Irribarre bat oparitu didazu. Nik zuri muxu bat. Eta beste bat. Gogo onez onartu dituzulakoan nago, oraingo irribarrea zabalagoa baita zure ezpainetan.
Eskuek aspaldi galdu dute arrazoiarekiko menpekotasuna, baina leuntasun osoa mantentzen dute zure gorputz osoan barrena. Arrazoiak aspaldi galdu du arrazoiarekiko menpekotasuna, eta desioari utzi dio bere lekua. Desioak nahia du lagun. Burua galtzen hasi naizela uste dut. Nor izan da erruduna? Zeure begiek zirikatu naute.
Zure gorputzaren berotasuna nabari dezaket eta, eskuak altza beharrik gabe, izarrak sentitu ditzaket nire hatzen artean..."

Neurea zara. Gaur, ametsetan. Bihar...

2008/04/14

Gora Antoniano!

Denboraren iraganak eta kasualitateak hala nahi izan zuten. 2003an hasi nintzen bere agindupean eta hala jarraitu nuen 2007ko maiatzerarte. Mr. Gontxa.

Beste gazte askok bezala, txiki txikitatik ekin nion auzoko parkean baloiari ostikadak emateari. Kirolen arteko "errege"aren garretan erorita eta Ikastolak eskaintzen zidan aukerari esker, ahal izan nuen bezain laster hasi nintzen eskolarteko hondartza-futbolean, orduko gelakideekin batera. Denbora gutxi behar izan nuen gustoko kirola hura nuelaz ohartzeko, lehendik ez banekien. Gaur egun ere, ez dut futbolaren ordezkorik aurkitu. Urteak pasa hala, kirol honekiko maitasuna handituz zihoan. Zati handi batean garai hartan izandako entrenatzaileari zor diot, Ander Zurutuza lagunaren osaba zen Iñakiri. Hark futbola maite zuen. Hark kutsatu gintuen... Iloba bera, Iza, Joel, Bino, Eñaut, Jonsan, Mendixa, Oiarbide, Mees, Mattin (barka norbait ahazten bazait)... eta ni neu. Gutxik jarraitzen badugu ere, garai haiek garai eder gisa oroitzea ahalbidetu zuela uste dut. Eskertzeko lana egin zuen.

Lehen hezkuntzako 5. edo 6. mailan ordea, taldea uztea erabaki zuen eta Lander eta Alexekin jarraitu genuen. Bigarren hezkuntzara pasatzearekin batera, Asti futbol zelaian entrenatzeari ekin genion Manu Urbieta (Errealeko jokalari ohia) jaunarekin. "Teknifikazio" gisako zerbait izanik oso gustora joaten nitzen entrenamenduetara, bi astetik behin baitziren. Horretaz gain, txapelketaren bat edo beste jolasten genuen noizean behin. Ez dut sekula ahaztuko zumarragako "Argixao" futbol zelaian jolasturiko txapelketa. Oso oroitzapen onak dakarzkit burura eta uste dut ez naizela bakarra. Tartean, komandokide den Itu.

Hala ere, hurrengo urtean hasi nintzen federaturik jolasten. Jaime nuen entrenatzaile eta esperientzia polita izan zen. "Futbol-11"an aritzen nintzen lehen urtea zen. Infantilen ohorezko mailan hartu genuen parte eta denboraldi txukuna egin genuela oroi dezaket. Aipatzekoa, minutu gutxiz gozatzen nuen jokalaria izanda ere, Tolosaren aurkako norgehiagokan eginikoa: Azken bost minutuetan zelairatu eta aurretik jartzen gintuen gola (2 -1) sartzea eta asistentzia (3 -1) ematea lortu nituen. Hori gutxi balitz, aurkako penalty bat egiteko denbora ere izan nuen, Mikel Iruretagoienak geldituko zuen penaltia. Ahaztezina. 1000 emozio une batean.

Hurrengo urtean infantilak izateari utzi genion, "kadete" bilakatuz. Orduko egoerak agintzen zuen eran (beranduago bi elkarte hauek euren arteko harremana hautsiko zuten), Zarautz K.E.-an jokatzetik Antoniano K.E.-an jokatzera pasatu ginen, bigarrena lehenaren "filial"-a baitzen eta herriaren izena zeraman elkarteak beste talde bat baitzuen maila berean. Bertan hasi ginenean ezagutu nuen sarrera hauxe idaztera bultzatu nauen pertsona; Iban Gonzalez-Txabarri, Gontxa. Hasieran entrenatzaile huts bezala ikusten nuen. Hala ere, harreman berezia mantentzen nuen honekin, ordurarteko entrenatzaile bat berarekin ere izan ez nuen harremana. Mirespena nion.

Hala ere, ez nituen minutu asko jolasten. Beti izan nahiz nahiko errealista (edo hala uste dut) eta ez dut inoiz hau ulertzeko arazorik izan. Hamaika jokalarik osatzen dute taldea eta zeu horien artean ez bazaude, entrenatzaileak zeu baino hobeak diren beste hamaika lagun daudela uste duelako da. Jakina da baita ere, entrenatzaileek huts egiten dutela eta egoerak aldatu egiten direla denborarekin. Horregatik, banekien gogo guztiz entrenatzea besterik ez nuela. Entrenatzailea ohartzen zen nonbait minutu gutxi jolasten nituela (oso talde ona izanik, garesti zeuden minutuak) eta gehiago merezi nituelakoan edo, denboraldi amaieran ospatzen zen bazkarian (aipaturiko bi elkarteko talde guztiak batzen ginen bazkari honetan eta sari banaketa egiten zen talde bakoitzeko jokalari onenaren eta goleatzaile nagusiarentzat) jokalari onenaren trofeo bat eman zidan. Ez zen trofeo "ofiziala" (Haritz Arregirentzat izan ze hau, guztiz merezita) izan, baina, hura inork nigatik egin duen keinurik ederrenetarikoa izan zen. Negar egin nuen. Guztiz bete ninduen hark. Batere arrastorik izan ez eta taldeari eskainitako leialtasun, lan, gogo eta sakrifizioagatik saria jaso nuen. Beharbada ez nuen merezi, edo beste batzuk neuk bezainbeste mereziko zuten, baina, Gontxak hala nahi bazuen... ez nintzen ni izango saria onartuko ez zuena.

Hori gutxi balitz, hurrengo denboraldian Gontxak berarekin nahi ninduen eta ohikoena bigarren urteko kadeteak ginenok Zarautz K.E.-ra pasatzea bazen ere (Kadeteen Ohorezko Liga), bere taldean mantendu ninduen Iraitz, Joel, Valen, Eñaut, Kali... rekin batera (barka berriro ere norbait ahazten bazait) urte bat gazteagokoekin jolastera pasatuz. Esan beharra dut, lehen unean ez nuela begi onez ikusi, ez baitzaio inori gustatzen bizitza osoko lagunengandik banatzerik, futbolean jolasteko bada ere. Hala ere, denbora gutxi behar izan nuen Gontxa jaunaren asmoaz ohartzeko. Zaila izango nuen "goiko" ekipoan jolastea, beraz, "behean" egonik minutu gehiagoz gozatzeko aukera izango nuen. Bigarren keinu ikargarria. Maila galdu genuen. Hala ere, gozatu egin nuen, denboraldiko minutu guztiak (literalki diot) jolastu nituen. Gainera kapitaina nintzen. Gontxarekin nuen harremana asko estutu zen urte honetan. Uste dut gustura zegoela ni taldean edukitzearekin, neu behintzat hala nengoen berarekin. Futbolari gisa zerbait izatera heldu banaiz, urte ari eta bertan ikasitakoari esker izan da.

Hurrengo denboraldiari begira, elkarteek, harremana haustea erabaki zuten, nork bere bidea egiteko asmotan. Gatazka sortu zen orduan. Nire adinekoei dudak zituzten buruan, zein talderekin jarraituko zutenaren inguruan. Nik ez nuen dudarik. Antonianorekin jarraituz gero, Gontxa izango zen entranatzailea. Esan dudan bezala, ez nuen dudarik. Gontxak bakarrik, orduan Zarautz K.E.-an zeuden guztiek baino gehiago eman zidan. Gontxarekin zorretan nengoela uste nuen eta ahal nuen guztia egin nuen talderako lagunak biltzeko kanpainan. Ondo atera zen. Gehienek nire bidea egin zuten. Harro nago. Diodan bezala, orduko zuzendariek merezi zuten horrelako "kolpe" bat. Izan ere, ez nuen ontzat ikusten jokalariekiko zuten lehentasun-politika. Hala ere, ez naiz eremu horretan sartuko. Gauza zera da, sekulako taldea osatu genuela. Hurrengo bi urteak ikaragarriak izan ziren. Hain onak izan ziren, non, deskribakaitzak zaizkidan. Gontxarekin nengoen, betiko lagunekin negoen berriro ere (gehienekin behintzat) eta futbolaz gozatzen nuen, giro on, lasai, sano eta aldi berean konpetitibo batean. Gailurra izan zen niretzat. 2000 oroitzapen on gordetzen ditut garai haietatik, zein baino zein hobea. Partiduetako uneak, entrenamenduetakoak eta nola ez afarietakoak. Futbol talde bat baino gehiago izatera heldu ginela uste dut. Eta Gontxa gutako bat gehiago zen. Gozatu egiten zuen. Ezagutzen dut Gontxa eta badakit urte haietaz ezin zezakeela ezer txarrik esan.

Azken urtean, denboraldi on bat burutu ostean, igoera faserako sailkatu ginen. Bertan ere txukun samar moldatu ginen eta zuzenean igo beharrean joan-etorriko bi partidu jokatu behar izan genituen gure helburu berarekin zebilen Sanse (Donostia) taldearen aurka. Lehen partidua beren etxean; 2 - 2. Dena azken partiduan erabakiko zen. Dena aurpegiz genuen, etxean jokatuko baikenuen, gure afizioaren (txapela kentzeko modukoa) aurrean, ezagutzen genuen zelaian eta sekulako motibazioarekin. 3 - 0. Erraz. Epaileak partiduaren amaiera adierazi zuenean ez nuen sinesten, pare bat minutu behar izan nituen asimilaziorako. Ondorengoa festa izan zen. Txanpaina, besarkadak, oihuak, argazkiak... Gontxa besarkatu nuela bakarrik oroi dezkatet. Festa gehiago. Polita benetan.
Diario Vasco egunkariak ataltxo bat eskaini zigun gainera; ikus atala!

Gontxak eragin handia izan du nigan, ikusten duzuen bezala, eta asko ikasi dut beragandik. Hasiera batean urtebetez izango nuen entrenatzailea zen. Azkenean... entrenatzaile lau urtez, lagun, irakasle, parrandakide eta inoiz izan ez dudan anaia zaharra izaten amaitu du.

Azkenaldian lesio batean murgilduta dabil eta oker ez banabil pasa den asteartean (apirilaren 15a) operatzen zuten. Ez dut berarekin egoteko betarik izan eta bai gogoa, izan ere, bada denboralditxo bat elkarrekin ez gaudela. Kontzeru baten falta somatzen hasten naiz... torreoyan eo... iwal dik nun... baina beti re Antonianon izenian!!!

¡¡¡ANTONIANO ME ENAMORÉ DE TÍ!!!

2008/04/01

Beste anaia txikia!

Blog honetan hainbat aldiz aipatu dudan Oihan Larrañaga lagunak Blog bati hasiera emateko erabakia hartu du. Azken urteotan, gehiago ezagutzeko plazerra eduki dudan pertsona bat da. Batxillerra ikastetxe berean egin genuen eta nire lagunen laguna zenez, konfiantza irabazten joan ginen. Esan beharra dut, ezagutzen dudan unetik nire begirunea mantendu duen pertsona bat dela. Gaur egun, hurbileko giroan mugitzen garela esan daiteke. Berak ere, nire antzera, bi taldetan jotzen du (GARABI eta The Art of Losing). Gainera, Leioako Campusean ari da Kazetaritzako ikasketekin lanean. Bilboko ikasle-egoitza batean pasatzen du astea. Ondorioz, igandeetan Bizkaia aldera trenean etortzen garen taldeko kide da eta bidaia hauetan ematen diren mintegi "filosofiko-metafisiko-kontenplatibo-historiko"-etako hiztun nagusienetarikoa. Lehendik ondo (zentzu guztietan) hitz egiten zuela uste banuen, orain ez dut dudarik.
"Hitzak Baino Ez..." blogeko lehen sarrera irakurri ondoren, hitz egin bezain ondo idazten duela ikusi ahal izan dut, zentzu guztietan hau ere.
Sinesten ez badidazute, sar eta ikus!
Linken artean eskuragarri dagoeneko.
Oihanengandik zer ikasia badugula uste dut. Zorterik onena honi ere, nola ez!

2008/03/19

****

Hotmail-a ireki eta 3 mezu. Horietako 2 iragarkiak. Bestea aldiz, batxillergoko gelakideen artean afari bat egiteko proposamena. Nork har zezakeen horrelako gauz bat antolatzeko ardura eta erantzukizuna? Bai, nork bestela. Eta beste batzuk "bai bai, ingoyau..." esaten dugun bitartean, bada, zama hartu eta antolatzen hasten direnak ere. Gaurko sarrera berarentzat beraz. Errespetu eta estimu handia dizkiodalako, txikiak ginela kirol baten bitartez elkar ezagutu bagenuen ere (ez dakit bera honetaz gogoratuko den), klasean egon arte benetan ezagutu ez ginelako, zaila bada ere, momentu txarretan irribarrea gorde ohi duelako, arrazoia duela pentsatzen duenean isiltzen ez delako, lehengo urtean, HIRA taldearen "(sic)." diskoa oparitu zidalako, gustoko nuela jakinagatik soilik, huskeri bat zelakoan egin bazuen ere, sekulako keinua iruditu zaitzaidalako. Azken larunbat honetan, zegoen lekutik etorri zenez, SKASTI taldearen kontzertua ikustera etorri zen. Asko poztu ninduek horrek. Gainera, kontzertua amaitu zenean, azken aldian ateratzen saiatzen ari zen titulu bat eskuratu zuela esan zidan. Zorionak beraz. Meritu handia duela uste dut.
Askoz gehiagorik ez, esateko. Ezagutzen duzuenek jakingo duzue merezi duen pertsona bat dela.
Besterik gabe, zorterik onena opa diot eta behar duen animo guztia bidaltzen diot. Niregan, apreziatzen duen pertsona bat duela jakinarazi nahi diot, lehendik ez bazekien.

Gracies per tot!

2008/03/14

PaRaNoiA

Bizitza. Defini dezagun bizitza. Zaila, ezta? Bai, baietz esango nuke. Hainbat ikuspegi... hainbat definizio ofizial... Biologia ikaslea naiz. Jakingo duzuenez, "bio" aurrizkiak "bizitza" esan nahi du latinez... edo grekoz, ez dakit. Eta "logos" zatiak aldiz, "jakintza, zientzia". Biologia ikasten arituta ere, ez naiz bizitza zer den azaltzeko gai. Paradoxa? beharbada bai. Baina, ez al da, bizitza bera, paradoxa bat, edo paradoxa multzoa? Nork daki. Azken aldian, pentsamendu ugari izan ditut buruan bueltaka. Metaforikoki hitz eginez, noski. Gai guztien inguruko pentsamenduak izan dira gainera, pentsamendu gazi-gozoak beraz. Bizitzaren arlo edo aspektu batzuk barrea eragiten didaten bitartean, beste batzuk, barre egiten didate, negar eginaraziz. Eta alderantziz. Hala ere, ezin dut ezer egin. Beno, zerbait bai, baina ezer handiegirik ez. Edo bai. Baina ez naiz ausartzen. Ondorioen beldur, pentsatzen dut. Koldar bat bezala sentitze naiz, baina zentzuduna aldi berean, alderantziz proportzionalak baitira.
Matematikari bati bizitza zer den galdetuz gero, "x" probabilitaren ondorioz Lurrean eman ziren baldintza jakin batzuen emaitza dela erantzungo digu. Kimikan aritzen den bati galdetuz gero ordea, aminoazido batzuk, eguzkiaren erradiazioaren ondorioz eskuraturiko propietatea dela erantzungo digu. Azti baten ikuspegia jakin nahi izanez gero... ez, ez dut ikuspuntu hori jakin nahi. Ezta erlijioek diotena ere. Ez katolikoak dioena behintzat. Nola sinetsi emakume bat "besterik gabe" haurdun geratu zela dioen baten ahotik irteten dena? Argi utzi nahi dut, hau guztia, biologia ikasle bat izanagandik at diotsuedala. Fededunik bada, hau irakurtzen, jakin dezala, nire asmoa ez dela fede hori zapuztea. Fedeak mendiak mugitzen baititu. Hori bai... ez zaizue fedea merezi duen beste gauzarik bururatzen? Niri bai, dezente gainera. Biologo bati, aurrekoen galdera bera plazaratuz gero, biziduna, elikatu, ugaldu eta erlazionatzen den izaki oro dela esango digu. Nik hala diot behintzat. Ados, ez naiz biologoa, baina hori da nire helburua edo, poetikoago esateko, nire ametsa. Hara! ametsek ez al dute federik merezi? Dudarik gabe. Badut ametsik, bizitzaren arlo guztiekiko gainera. Eta ez bat, hamaika. Bete nahiko nituzke, noski, baina koldarregia nahiz. Eta hala dirudien arren, hau ez da "bukle" bat. Bukleak errepikatzen diren zikloak baitira, eta hau ez da ziklikoa, ez baita mugitzen. Tinko bere horretan. Eta koldarregia izateari utz nahi nioke, baina koldarregia naiz.
Soziologo bati galdetuz gero, biziduna, beste izakiekin harremak eta elkarreraginak dituena izango da. Bat nator guztiekin, eta aldi berean, denen erantzunak ukatzen ditut. Normalena, jarraian, "bizitza"-ren nire kontzeptua azaltzea izango litzateke. Ezinezkoa dela deritzodanez, ez da hala izango. Hor! nahigabean ihesi zait.
Konturatu gabean, bizitzaren inguruko kontenplazio metafisiko hau azaltzen ari naizen bitartean, bizitzen ari naiz. Beno, soziologoa bazara soilik. Hala zara? Uste nuena. "Borroka" eta "balantza"-tzat ere deskribatua izan da bizitza. Hainbat konposatzaileei galde diezaiokezue. Hitz bat, kontzeptu bat eta mila definizio, berriz ere. Ez al da kezkagarria, bizidunak izan eta geure propietate funtsezkoena zein den ez jakitea? Ez, antza denez. Momentu honetan Descartes-en Cogito ergo sum datorkit burura, hau da, "pentsatze dut, beraz, banaiz", euskaraz. Zerikusirik edukiko al du? Nork daki. Bizidun batek esan zuen behintzat. Hori ezin uka dezkegu.
Bizitza gauza handia da, baina, gauza handi guztiekin gertatzen den bezala, gauza txikiagoak behar ditu bere "unitate estruktural"-ak izan daitezen.
Gaur, hainbat gauza jazo zaizkit. Eta gaur goizean bizirik negoela argitu behar dut, bada ezpada ere. Gauza asko izan ditut buruan gaur ere.
Eta, horien artean uste bat indartu zait. Nazka sentitu dut. Baina hala ere, zorteko nabil, atzo nazka gehiago sentitu bainuen. Hitz gordina da, eta hala izan dadin nahi dut gainera: Nazka. Barka honekin nazkatzen bazaituztet. Hala ere, ni baino ausartagoak izango zarete ezta? Ez da zaila. Jarrai dezagun beraz. Irribarre bat ihesten zait oraintxe bertan, ez baita nazka izan sentitu dudan sentsazio bakarra. Ez, noski. Esan dudan bezala, balantza batean aurkitzen gara, bizirik bagaude behintzat. Bai, Descartesek baietz esan dit. Zirrara sentitu dut. Urduritasuna. Nahia sentitu dut, desira. Eta zeuri esker izan da. Zeuri eta zeure begiei esker. Amesten ari naiz, eta, egia esan, ez dakit zertarako, koldarregia bainaiz. Lehengo konposatzailearen lagun konposatzaile bati galdetuz gero (biziduna hau ere) borrokan jarraitzea aholkatuko liguke. Borroka ezean, hutsik baikaude, hilik. Eta berak esana egin beharko dugu, biziduna baita, eta geuk ere hala izan nahi dugu. Beraz, borrokan jarraituko dut, zuregatik, niregatik, biongatik. Geurea handia da, bizitzaren antzera, eta gauza handi guztiak bezala, zatiz ostuta dago. Bi zatiz, hain zuzen; zeu eta zeureganako nire maitasunaz. Ez beste inor, ez beste ezer. Eskerrak eman nahi dizkizut eta borrokan jarraituko dudala esan. Hil arte. Borrokatzeari uzten diodanean, hil egin naizelako izan dela jakingo duzu. Hiltzen naizenean, borrokartzeari uzteagatik izan dela jakingo duzu. Nahi zaitut, desiratzen zaitut. Lortuko zaitut.
Idazteko bizitza erabiltzen dut. Beno, denbora erabiltzen dut. Baina, ez dio axola, ez baitira ezer bata, bestea gabe. Aurrera darrai beraz, "etengabian". Zuen denbora erabili dut, honaino heldu bazarete behintzat. Hala ere, eskubide guztiekin sentitzen naiz. Atsegina izan ezean, aspaldi utz baitzeniokete irakurtzeari. Zuen aukera izan da, ez nirea. Libre zineten aukera egiteko. Hori baita bizitza; aukera multzoa. Nork bere bidea egin behar. Zuek egin duzue zeuona. Hemendik aurrerakoa, irakurritakoaren ondorioa izango da, maila handiago zein txikiago batean. Baina, ez zen hori nire asmoa. Guzti honekin aukera egin baitut nik ere. Eta ausarta izan naiz azkenean. Ikusi egin behar emaitzak ematen dituen, ea helburua betetzeko balio didan. Ikusten duzuenez, amesten nabil berriro ere, eta fedea zor diet, eta ematen diet. Lortuko zaitut. Gaur edo bihar. Hain polita zara, non, ezin zaitudan burutik kendu. Beti nire baitan zaude. Egiten dudan oron. Eta ez duzu errurik. Ez, noski. Errua ez baita zeurea. Ez da inoiz izan. Txantxetan nenbilen.
Amaitzeko, zera esan nahi dut; euskarak badituela oso antzekoak izanik, oso kontzeptu desberdinak adierazten dituzten bi hitz: Bizitza eta bizia. Barka gaizki erabili baditut, nahita egin dut.

Besterik gabe, agur bero bat biziduna izateaz gain, irakurle zaren horri, errugabeari bereziki.

Norbaitek esan zuen lez: Ulertu behar duenak, uler beza.

P.D: Testu hau, zuen entretenimendua bilatu asmoz idatzi dut. Bertan idatziriko ezer ez da haintzat hartzeko modukoa, egiazko inongo oinarririk gabe egina baita.

2008/03/10

"PHOTO SESSION"








Hona hemen ostiral honetako argazki sesioak (aitorren esku trebeetatik igaro ondoren) eman duen emaitzaren erakusgarri bat. Azken sarreran aipatu nuen arrazoiagatik eginak izan direla azpimarratu behar da. Beno, horregatik eta taldeak formazio berriaren argazkiren bat eduki nahi zuelako. Aurrerantzean, argazki hauek, eta gehiago, webgunean ikusgai egongo direla uste dut.
Data: 2008/03/07
Lekua: Abendaño (Zarautz)
Argazkilaria: Oihan Larrañaga
Efektuak: Aitor Amilibia
Mila esker, beraz, Oihani!
Agur t'erdi!
P.D: Egin komentarioak beldurrik gabe, guztiak onartuko ditut.

2008/03/03

"Musika eta hitzaz aurrera egin nahi nuke!" (SuTaGar - Doinu ta ideiak sortzen)




"Asteburu musikala" izan dela esango nuke, igarotako hiru egun hauek bi hitzetan deskribatu nahiko banitu. Ostiraletik hasi eta igandera arte.

Etxera heldu nintzenerako barruan nituen, jadanik, astebukaera nola joango zenaren inguruko ezjakintasunak sortzen zizkidan urduritasunaren eraginak. Bazkaldu eta entrenatu ostean, Bino-ri deitu eta, ahalik eta azkarren, gelditu ziren lekura joateko esan zidan. Hala egin nuen. Iritsi eta kotxea aparkatu genuenean (a zer komeri!), Vladi, Guillermo, Peña, Egurza eta Txufo agertu ziren, soinu probak egiten genituen bitartean. Gero, afaltzera joan ginen Herriko Tabernara, Junzai Txetxera-koekin batera. Sekulako afariaren ostean, nahiko berandu dagoeneko, talde honen kontzertua hasi zen. Gero geuk jo genuen. Balorazioa positiboa izan zen taldekide guztion aldetik. Entseatu genuena kontuan izanda (hau da, bat ere ez), ez kexatzeko modua geundela uste genuen. Hala ere, jende gutxi egoteak pixka bat hoztu zuen emanaldia. Aipatzeko bi gauza; Junzai Txetxera-koen portaera eredugarria (kontzertuan bertan jakinarazi genien, nola ez) eta bertako neska gazte batek erakutsiriko enfasia. Asko poztu eta motibatu gintuen neska hura dantzan ikusteak. Komentarioak sexista itxura izan dezake, baina, guztiz alderantzikakoa da, asko poztu gintuena zera izan baitzen, ondo pasatzeko asmoarekin lotsik gabe dantza egiten dugunak, hala mutilak nola neskak garela ikustea. Izan ere, "lotsagabe" bakarrak mutilak garela dirudi askotan.

Larunbatean, beste kontzertu bat, baina, beste taldearekin, IPAR HAIZEA-rekin. Guztiz giro desberdina. Bazkalostean, 15:45etan, LEIZE, taldearen lokalean egon behar genuen, kontzertuan erabiliko genuen musika-ekipoa beraien entseguetako ekipoa baitzen. Gauza zera da, bi taldeetan nirekin aritzen den bateriajoleak (David Gorospe), aita bateriajolea duela, LEIZE taldean aritzen dena, eta, hauen borondate onenari esker, euren ekipoa erabili ahal izan genuela, sekulakoa. Beraz, furgoneta guztiz kargatuta, Elgoibar aldera abiatu ginen, bertako Gaztetxean, GARABI talde zarauztarrarekin batera eman behar genuen kontzertura. Guztia prest utzi, soinu probak egin, afaldu eta ordua heldu zenean, GARABIk hasiera eman zion, geuk bukatuko genuen emanaldiari. Bukatu ostean, ados geunden gauza batean, ez zela jende askorik egon kontzertuek iraun zuten bitartean. Horrek ez zuen taldeen eta ikusentzulegoaren arteko erlazioa faboratu. Maila pertsonalago batean murgilduta, aitortu behar dut ez nintzela oso gustora geratu egindakoarekin. Letraren bat edo beste ahaztu baizitzaidan, beste gauzen artean. Hala ere, segituan aldatuko zen egoera. Lehenik, "Davittin" ni kontsolatzen saiatu zen, nire goibeltasuna ikusi bezain laister. "Beti iual hao!" esan zidan, nire buruari gehiegi eskatzen niolako sentsazioa trasmititu nahian, edo hori uste dut behintzat. Lagundu bazidan ere, ez zen hori izan iritziz aldarazi ninduena, honen aitaren komentarioa baizik. Kontzertua bukatu eta ekipoaren bidez "giro-musika" jarri ondoren, nigana hurbildu eta eskua luzatu zidan, honakoa esanez: "Hey, muy bien, eh! Tu tranquilo, ya veras como con un poco más de tiempo ensegida te pones... Pero, si si, ya me ha gustado..." Harriturik begiratu nion, ez nuen gehiegi ulertzen. Beharbada, honen hitzak ez zuen sinesgarritasun handiegirik izango Ascomycota taldeko onddoen ugalketari buruzko iritzi batean, baina, bai, musikaren arloko gai batean. Eta ez dut uste, konpromisu hutsagatik esandako hitzak zirenik, hori espero dut behintzat. Horretaz gain, Oihan Larrañagarekin (GARABI eta The Art of Losing taldeetako baxujolea) izandako elkarrizketa batean, zera esan zidan, taldearen abeslari ohia (Beñat Igerabide) baino nahiago ninduela, pertsonalki, taldearen ahotsa izateko. Ondo sentitu nintzen, betiere komenigarria baita, hobekuntza bat eragin duzula (eta ez kontrakoa) jakitea. Horrek gogotsu jartzen nau.

Musikala izan dela esan dut, eta ez nabil txantxetan, jaso nituen onderongo bi berri ikaragarriak ere musikarekin erlazionaturik baitaude. Lehenik, Aitorrek (kitarra), posta elektronikoko "correo no deseado"-an (ez dakit hau eskaraz nola adierazi) arakatzen ari zela, gaitzat "Ipar Haizea" zuen mezu bat zuela ikusi zuen eta irekitzea erabaki zuen. Eta eskerrak hala egin zuen. Bertan zera adierazten zen, Europako talde Heavy gazteen abestiekin bilduma bat egin nahi duen iniziatiba batek, gure taldea aurrehautatu duela (Espainiar Estatuan 17 talde). Jarraian abestiren bat helbide jakin batera bidaltzeko eskatuko zelakoan nago, hala egin baitzuen Aitorrek. Egia esan, ez dakit gaiaren magnitudea zenbaterainokoa den, baina, Europa guztiko taldeek parte hartuko dutela jakitearekin, sekulako maila egongo dela aurreikus daiteke. Ea zorte apur batekin... Ikusi egin behar. Taldearentzat bultzada izugarria izan zitekeela esan daiteke, ezbairik gabe. Anekdota gisa greziar batek maketataz idatzi duen kritika IRAKUR dezakezue, ingelesez badago ere, ulertzen baita. Ez dut hitzik, irakurri eta eman iritzia.

Azkenik, bukaerarako utzi dudan berria:

Martxoaren 15ean, BETAGARRI taldea, Zarauzko Gaztetxean arituko da, guztion gozamenerako. Sarrerak 5 € balioko ditu, baina, nire ustez prezio hori ordaintzea mereziko duen kontzertua izango da, ez baita askotan edukitzen horrelako banda bat bakoitzaren herriko Gatzetxean. Ziur ahaztezina izango dela. Baina, hori gutxi balitz, Gaztetxeko gestioa daramatenek, Ska doinuen linea mantendu nahian edo, SKASTI taldeak bertan jotzea nahi izan du. Gazteizko taldearen emanaldia nahikoa ez balitz, SKASTI-ren aurpegirik onena ikusteko aukera izango da, beraz, hurrengo asteko larunbatean. Eskaintza ez dator talderen unerik onenean, jo gabe egondako tarte luze baten ostean izan baita, baina, ezin uka genezake taldearen orain arteko aukerarik onena. Horregatik, taldeak guztia emango duela diotsuet. Geure herrian, geure Gaztetxean eta geure musikaren oinarrietan dagoen talde batekin batera. Handia benetan.
Ez dut gehiagorik esateko, ez joatea bekatutzat dudala besterik ez. Beraz, jakinaren gainean zaudete. Aukera eduki eta gogoa duen oro gonbidatuta geratzen da!

Bertan ikusiko garelakoan... mila esker...

... ska-ska-ska!!! ...

P.D: LEIZE-ren webgune ofiziala linketan eskuragarri.

2008/02/26

www.myspace.com/iparhaizea


Agur bero bat;


Azken egun hauetako batean, taldeko batek, berri pozgarri bat eman zidan; IPAR HAIZEA-ren MySpace-a eskuragarri zegoela dagoeneko. Egia esan behar badut, ez nekien berau egiteko asmorik zegoenik ere, baina, bertan sartu ostean, berria emendik zabaltzea erabaki dut. Orrialde honetatik talderen abestiak entzun daitezke, deskargatu beharrik gabe. Horretaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen ditu, beraz, sartu eta eman iritzia!


Sartzeko egin klik estekan: www.myspace.com/iparhaizea


Hemendik aurrera, hau ere, eskuragarri linketan.


Taldean gauzak nahiko ondo doazela ikus dezakezue beraz, edo hala uste dut nik behintzat. Gainera Aitor kitarraren ausentzia aprobetxatuz dagoeneko pil-pilean ditugun abestiak grabatzea espero dugu. Ea aukerarik izaten dugun zerbait polita egiteko.


Lastima, bihotzeko taldeataz gauza bera esan ezina... GORA SKASTI!!!

Hala ere, SKASTI soraluzen izango da entzungai, ostiral honetan, bertako gaztetxean emango den kontzertuan. Kontzertuan, herriko "Junzai Txetxera" taldearekin batera arituko dira. Ez legoke soberan talde honek erakutsi duen anaitasuna eta tratu ona goraipatzea. Eskerrak beraz.


Besterik gabe, bertan elkar ikusiko dugulakoa... adio.

2008/02/18

Aitortzen dut; haseran jolas soil bat zen... (Latzen - Laztana)


Iepa lagunak! Zer moduz gabiltza? Ondo, espero dut. Ni ere halaxe nabil. Oraintxe amaitu dut etxeko komuna egiteaz. Lehengo astean tokatzen zitzaidan, eta egin ahal izan ez nuenez, gaur egin behar izan dut. Gero, nire logelari pasadatxo bat eman eta ordenagailuaren aurrean eseri naiz, zuei nire berri emanteko asmoz. Inspìrazio gisa Latzen taldearen Kontzientzia Ala Infernua diska jarri dut. Une honetan Laztana abestia... ziur gehienak ezagutuko duzuela.


Azken aldi honetaz askorik ez kontatzeko. Beno, lehenik, lauhilekoa bukatu den aldetik eta berria hasi denez, ikasgai berriekin hasi naizela; Animalien eta Landareen Zitologia eta Histologia-k ederra zirudien hasiera batetik eta hala izaten jarraitzen du. Irakaslea den bezalakoa izateak asko laguntzen du. Izan ere, modu antolatuan eta ulerkorrean irakasteaz gain, giro erlaxatua sortzen laguntzen du. Ibon du izena, 35 urte inguru dituela esango nuke eta "Bakixotarra" denez, bizkaitarrez mintzatzen da. Gaiak berak ere interes handia pizten du nigan, beti atsegin izan baitut zelula mailako Biologia, hau da, zeluletan zer gertatzen den, eta hauek elkarrekin nahiz ingurunearekin nola jokatzen duten, aztertzen duen Biologiaren zatia. Bigarrenik, Botanika; hiru irakasgaietatik zailena egingo zaidala esango nukeena. Orain arte, landareen inguruko ezagutza gutxi neureganatu ditut, bai interes faltagatik, bai eta aurreko kurtsoetako landareei buruzko temario eskasgatik ere. Horregatik, lan ugari egin beharko dudala uste dut, ikasgai honi dagokionez behitzat. Hainbat landareen latinezko izena ikasi beharrak ere ez nau gehiegi ilusionatzen. Hala ere, gauza txar hauen guztien artean bada ona denik ere. Irakaslea, Isabel, gipuzkorra dela, eta, gainera, euskara onean irakasten duela. Hala ere, honen jokabidearen eta irakasteko metodologiaren nondik norakoa interpretatu ezinik nabil oraindik. Ea denbora pixkat bat gehiago daramadanean... Azkenik, Zoologia. Egia da, animalien mundua, ez zaidala landareena bezain arrotza egiten, beraz, alde horretatik, erosoago arituko naizela uste dut. Irakasleak Ana du izena. Berezi samarra dirudi, janzkera bereziagatik batez ere, baina, pertsona ona dela ematen du. Ea pertsona bezain irakasle ona den. Ikusi egin behar.


Bestalde, Osteguna, greba eguna izan zen. Ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak aldarrikatu zuten greba honetan, Euskal Herriko langileen lan-uztea bultzatu nahi zen, aipaturiko orientazio politikoak azken egunotan jasan dituen ilegalizazio formako erasoak salatu asmoz. Horretaz gain, EHU-ko ikasle guztien azterketak ofizialki amaitu ondorengo lehenengo ostegun zen. Arrazoi orregatik, klasekideok, afari bat antolatzea erabaki genuen. Orokorrean nahiko ondo joan zela esan daiteke. Egian esan, janaria ez zen batere ona izan, eta klasekideren batek esan zidan bezala, ezin aldera zitekeen aurretik eurek (nik ezin izan nuen joan, gidabaimena ateratzekotan bainenbilen) egin zuten afariarekin. Hala ere, niri giroa gustatu zitzaidan. Lasaitasuna arnasten zen, laguntasuna... Txiste batzuekin gozaturiko afaria izan zen gainera, Markelen eskutik hauetariko asko. Amaitu ostean, Iturribideko Ekaitz Borda-n egon ginen. Bertan musika ona entzun ahal izan genuen eta beranduago, giroz aldatzeko gogoz, Kafe Antzokira hurbildu ginen. Dantza gogotik egiteko aukera izan genuen bertan. Argiak piztu eta bidali gintuztenean, azken taberna bateko giroa dastatu genuen eta jarraian etxera erretiratu nintzen, ordu gutxi barru klasera joan behar bainuen.


Bilboko berrietatik at, badira eman nahi ditudan beste bi. Lehena, SKASTIk, Otsailaren 29an, Ostirala, emango duen zuzenekoa. Ordua eta beste taldea(k) zehazteko daude, baina zera ziurra da, Soraluzeko Gaztetxean izango dela, beraz, anima zaitezte! Ildo beretik jarraituta, hurrengo egunean, IPAR HAIZEAk, eskainiko duen kontzertuaren berri eman nahiko nuke. Hau, Elgoibarko Gaztetxean izango da, Martxoaren 1ean, GARABI talde zarauztarrarekin batera. Lehengoarekin egin dudan bezala, gonbidaturik zaudetela jakinarazi nahi dizuet. Ikusten duzuenez, Ska nahiz Heavy doinuekin gozatzeko eskaitza paregabea izango duzue bi astebukaera barru.


Azkenik, opari gisa, Ipar Haizearentzat konposaturiko beste abesti bat. Zuen gozagarri izango delakoan:


IPAR HAIZEA – INFERNUAREN BEROA

Jaio garen unetik, bedeinkatuak gara, norena izan ote da erabakia?
Artaldearen parte, burua galdu arte, norena izan ote da erabakia?

Jaungoikoaren menpe, askatasunik gabe, inposaturiko botereari men eginez.
Ezberdina den orok, zigortua behar du, muntaiaren gainbehera eragin ohi baitu.
Askapenaren helmuga, goiko zerua omen da.
Ez zarete konturatzen infernua nahi dugula?!

Fedeaz baliatuz, ondasunak handitu, elizaren enpresak ateak zabaltzen dizkizu.
Gaixotasun ugari, ekidin ahalko ziren, morala arrazoiaren aurretik egongo ez bazen.
Askapenaren helmuga, goiko zerua omen da.
Ez zarete konturatzen infernua nahi dugula?!

Gurutzada Santua, santu gurutziltzatua, hainbat urtez iraun duen inkisizioz.
Egungo sarraskiak, Palestina gaixoan, erlijioaren izenean eginikoak.
Epaiketari beldurra, hildakoan zer ote da?
Etor zaitezte gurekin infernuaren berora!

Infernuaren beroa, infernuaren beroa…

2008/02/06

Terapia


Azterketak amaitu ditut eta hemen naiz, agindu bezala, ene blog honi jarraipena eman asmoz. Garai arraroa bizi izan dut azterketek iraun duten bitartean. Lizentziaturako lehenengo urteko lehenengo ebaluazioan, inoiz baino gehiago ikasiko nuela uste nuen, eta hala beharko luke, baina, ez da horrela izan, ezta gutxiago ere. Azterketen artean inoiz baino denbora gehiago edukitzeak, inoiz baino "lasaiago" egotea eragin dit. Ez nago batere gustora ikasitakoarekin, eta azterketekiko palteamendu txarra egin dudala uste dut. Momentu honetan, eginiko lau azterketetatik biren emaitzak ezagutzen ditut, Kimika eta Geografia Fisikoarena, biak ala biak gaindituak, 5.0 batekin lehena, 6.6 batekin bigarrena. Beste bi emaitzen zain nago, lauhillabete honetan sei ikasgai banituen ere, falta diren biak gainditzeko saiakera aurrerago egitea erabaki baitut. Beste hitz batzuetan esanda, sei azterketa eduki eta laueatara aurkeztu nintzen, Matematika eta Bioestatistika utzita. Uda honetan lan gogorra edukiko dudala ikus dezakezue beraz, irailean, kasurik honenean, bi azterketa gainditu beharko bainituzke (nai izanez gero behintzat). Emaitzak direnak direla ere, eskarmentu gisa balioko didatela uste dut, orain konturatzen bainaiz honek ezin dezakela horrela jarraitu. Bezperan ikastearekin nahikoa zeneko garaiak pasatu dira jada.

Nire gogoetaren nondik norakoa azalduta, bigarren lauhilekoak nahiko motibatzen nauela esan nahi dut, hiru ikasgai soilik edukitzeaz gain, azkenean, biologiarekin zerikusia dutenak baitira, Botanika, Zoologia eta Animalien eta Landareen Histologia eta Zitologia.

Normala den bezala, gero eta gusturago nago gelakideekin, gero eta gehiago ezagutzen baititut eta gero eta konfidantza gehiagoz aritzen baikara. Garai batean deskribatu nizkizuenez gain, jende gehiago deskriba dezaket orain. Era laburrean egiteko...
Ane Posada: Bedian (Bizkaia) jaioa, 1989an. Garaiera baxukoa eta gorpuzkera txikikoa. Ilehoria. Umilla, alaia, jatorra, oso eskuzabala, lotsati ukitu bat duena... buru bizkorrekoa, txantxazalea. Egia esan behar badut ez dakit nola ezagutu genuen elkar, baina, badakit, denbora gutxian, konfidantza handia egin dugula. Datorren ostegunean, otsailaren 14ean, autoko gidabaimena eskuratzeko azterketa praktikoa du, beraz, zorterik onena opa diot.
Maider Beitia: Gasteizen (Araba) jaioa, 1989an. Garaiera arruntekoa. Ile iluna, aurpegi liraina. Alaia, jatorra... egoera zailek erraz urduritzen dutenetakoa. Bizia. Esaten dituenak baino gauza gehiago pentxatzen dituela dirudi. Edozertaz lasai hitz egin daiteke berarekin.
Eva Gonzalez: Hernanin (Gipuzkoa) jaioa. Garaiera arruntekoa baita ere. Ile beltza. Oso motza. Lotzagabe kutsua du. Arrazoia duela uste badu, jakinarazi arte isiltzen ez den horietakoa. Irekia, jatorra... Pasa den astelehenean (otsailaren 4ean), Iñauteri eguna zela eta, futboleko jokalariz mozorrotuta azaldu zen azterketara. Ekintza honek deskribatzen du ondoen. Aipatekoa da, duela urte batzuk, udaleku berean egon ginela, 11-12 urte genituenenan.
Nekane Ibarretxe: Llodion (Araba) jaioa. Aurreko bien garaierakoa. Ile iluna du, beti ondo orraztua. Isila, hitzak asko neurtzen baititu. Beharrezkoa zaionean soilik egiten du hitz. Hala ere, oso jatorra da eta noiz behinka barreren bat edo beste ihesten zaio.
Alex: Orion (Gipuzkoa) jaioa, 1989an. Altu samarra eta gorpuzkera sendokoa. Bigarren mailako ikasketak zarauzko Antoniano Ikastetxe Politeknikoan burutu zituen, beraz, nire hainbat lagunen gelakidea izan zen. Oso jatorra. Berezia. Irekia, baina, aldi berean, lotsati kutsua mantentzen du. Eskuzabala. Horren erakusgarri, Alan eta nirekin lehengo astean izan zuen keinua; azterketara sartu aurretik, guregana hurbildu eta, nahi izanez gero, hau amaitu ostean, zarautzera autoan eraman gintzakela esan zigun. Hala izan zen.
Ane Olazabal: Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, 1989an. Bigarren mailako ikasketak Donostiko "La Salle" ikastetxean burutu zituen, nire lagun Alfonso Aduna eta Jorge Aranbururekin batera. Neu baino zertxobait baxuagoa. Ilehoria. Aurpegi lerdena. Irekia. Oso urduria, gainontzekoak urduritzeko bezain urduria. Alaia. Gela berdinean bagaude ere, Messenger-aren bidez egin dugu konfidantza.
Diego Lopez: Bizkaitarra. Nahiko baxua. Ile kizkurtua. Lehenen begiradan harroa iruditu zitzaidan, lagunekin hitz egiten zuen moduagatik. Pixkat gehiago ezagutu dudanean ordea, guztiz erratzen nintzela ohartu naiz. Bere izateko (eta hitz egiteko) era horrelakoa dela ulertu dut. Gainera, behar izan nuen batean, azalpen bat eman zidan, bere borondate onenarekin.

Lehengoan esan nuen bezala, jende asko geratzen zait oraindik ezagutzeko. Hala ere, ezagutzen dudan jende gehiago badago nire klasean, baino, guztiak deskribatu nahiko banitu, denbora asko beharko nuke.

Agindu nuen beste gauza bat zera izan zen, etxe berrian egonkortzen nintzenean hemen azalduko nuela. Bi hilabete igaro dira eta uste dut prozesu nagusia pasa dela, eta ondorioz finkaturik aurkintzen naizela "kaiola berrian". Hala ere, denok ezagutzen dituzue (edo imagina ditzakezue) etxe aldaketa batek dituen arazoak. Horregatik, oraindik ere, denborarekin osatuko diren txikikeriak geratzen dira, baina, ezer garrantzitsurik ez.

Behin zuekin nituen zorrak kitaturik, nire bi musika taldeek, SKASTI eta IPAR HAIZEAk eragin dizkidaten bizipenak kontatu nahi nizkizueke. Lehenak albiste txarrak dakartza oraingoan. Egun batzuk atzera, entseatzeko genuen lokalean sartu eta bertan genituen bi anplifikagailuak lapurtu zizkiguten. Bien artean ia 1000 euroko balioa zuten. Uste dut, une hontan sentitzen dugun inpotentzia eta etsipena ulertzeko gai izango zaretela. Anplifikagailuez gain, kitarraren distortsio-pedala, mikrofonoak, kableak... eraman dituzte. Taldea, momentu on bat pasatzen ari ez zenean, jipoi honekin "zigortua" izan da, egoera asko okertuz. Izan ere, kontzertuak emateko esakerak jaso ditugu, Soraluzetik esaterako, eta taldekiedeok bertan jotzeko gogo ikaragarria badugu ere, oso zaila izango da. Ea guztiok taldeagatik lan apur bat gehiago egiten dugun eta egungo egoera gainditzea lortzen dugun. Nire talde berriak aldiz, poz bat eman zidan orain dela bi aste, urtarrilaren 25ean, hain zuzen. Egun honetan Idiazabalen emanaldi bat egitera deituak geunden, bertan ospatuko zen "II. Pop-Rock Lehiaketa"-ren finala zela eta. Esan beharra dut, lehendik Aitorrek (kitarra) bidalitako grabazio batzuei esker sailkatu ginela aipaturiko finalerako. Zortzi talde ginen finalean. Gure ordua iritxi zenean eszenatokira igo eta lau kanta jo genituen (horietako bat neuk konposaturikoa zen gainera), ezin baikinen denbora mugatik (15 minutu) pasa. Eszenatokia oso txikia zen, lehiaketaren izaera kontutan hartuta, eta talde gehienek bertan kabitu ahal izateko arazoak izan genituen, baina, guztia bukatu zenean, antolatzaileetariko bat igo zen, hurrengo urterako hobekuntza planak daudela argitzera. Hobe horrela, lehiaketak askoz maila altuagoa lor baitezake, nire ustez. Jarraian, epaimaiaren epaia jakinarazi zuen mikrofonotik. Hauen ustez 3. talderik onena izan ginen, 94 punturekin, lehenengoarengandik eta bigarrengoarengandik 5 eta 2 puntura, hurrenez hurren. Hala ere, bertan bildutako entzuleek ere eduki zuten zeresana, papertxo batzuen bidez, euren ustez talderik onena zenari (edo ongien egin zuenari) beren bozka eman ahal izan baitzioten. Papertxoen zenbaketa egin ostean, talderik bozkatuena izan ginela jakinarazi ziguten. Horri esker, datorren urteko Idiazabalgo San Blas jaietan kontzertua eman ahal izango dugu. Hala ere, sariagandik aparte, harro egotekoa da entzuleen talderik gustukoena izatea, noski baietz. Hala ere, hurrengo urtean, jaietan kontzertua emateaz gain, "III. Pop-Rock Lehiaketa"-ko finalerako sailkatu eta hau irabazten saiatuko gara, horixe baietz. Goierriko Hitza-k artikulu bat idatzi zuen lehiaketaren inguruan. Hemen klik eginez irakur dezakezue.

Albiste pozgarriekin jarraitzeko, Ibanen egoeraren hobetzea aipatu behar dut. Geheinek jakingo duzuen arren, Iban, komatik irten eta etxera bidali zuten hobekuntza ikusirik. Gainera, memorian arazorik aurkitu gabe egin dute. Denbora gutxi barru istripuaren aurretik bezain ondo, edo hobeto egotea espero dut, horrela amaituko baita susto galantarekin hasi zen istorioa.

Nire komandokideez hitz eginez bukatzen joan nahiko nuke. Azterketak bukatu dituzte biek eta nork baino nork emaitza hobeekin. Hala ere Itu-taz arituko naiz, Adrianen berri jakin nahi izanez gero, bere "ahotik" eta lehen pertsonan jakin ahal baitezakezue FROM BILBO WITH LOVE blogaren bidez. Nioen bezala, emaitza onak lortu ditu Itu-k, 8.8 adibidez, Kalkulo deituriko ikasgai "tentagarri" batean. Hala ere, bi ikasgai irailerako utziko dituela uste du. Ea zorte aupur batekin bietakoren bat (edo biak) gainditzea lortzen duen, eta bestela, ez dio axolarik, ziur bainaiz bigarrengo deialdian aterako dituela.

Beste gauza asko idaztea gustatuko litzaidake; azterketen garaiak iraun duen bitartean eginiko gogetak, futbolari loturikoak, Bilboko gau giroan igarotako beste Ostegun bat... baina, astunegia egingo zenez, aurrerago egingo dudala uste dut. Hobe guztiontzat. Gainera bisita kopurua ikusita (1000tik gora, Ai ama!) suposa dezaket orain arteko dinamika atsegin duzuela, beraz hala jarraituko dut.
Besterik gabe, agur bero bat irakurle orori, eta eskerrik asko nire Terapiaren (hemendik izenburua) parte izanik laguntzen nauzuen hoiei. Azkenik, besarkada berezi bat, kanpoan ikastearen erruz, geure artean ez zaituztegunei. Faltan botatzen zaituztegu.

Ondo bizi!

P.D: Argazkian, Antoniano K.E.-ren jubeniletako taldearen argazkia, 2006-2007 denboraldian "Jubenilen Ohorezko Maila"-ra igoera lortu zuenekoa.
P.D.2: Barka, hala eta guztiz ere luzeegi idatzi badut.

2008/01/09

"...denborak dena osatzen omen du ta!" (Jikuri - Altza Burua)

Urtarrilaren 9a da gaur, asteazkena, eta segur aski, azterketen aurretik idatziko dudan azken sarrera da hauxe. Azterketa garaiaren mamuak, ikasle unibertsitario gehienak bereganatu gaitu jadanik. Nire kasuan urtarrilaren 23tik (Kimika) otsailaren 6ra (Bioestatistika) luzatzen dira azterketak. Daten gertutasuna ikusirik, ez dut uste blogari eskaintzeko denbora gehiegi izango dudanik gaurtik aurrera. Sarrera hau idazteko ere dudetan ibili naiz, azaldu dudan arrazoiagatik, baina Josuren bloga-ri bisita bat egin ostean (benetan merezi du bisita bat egiteak, hunkigarria baita), eta bertan jartzen duena irakurri eta gero, pentsatu dut ezin utz niezaiokela idazteari aldezaurretiko abisurik gabe, ez bailitzateke duina izango nire aldetik. Gauzak horrela, hurrengo sarrera, ziurrenik, azterketen ondoren, hau da, otsailaren 7 edo 8 inguruan, argitaratuko dudala diotsuet.
Josuren blogeko sarreraren gaira itzuliz, bertan egia anitz eta handiak esaten direla iruditzen zait. Lehenik, eguberri hauek arraroak egin zaizkiola dio eta arrazoiak azaltzen ditu. Neure arrazoiek, zerikusirik ez badute ere (etxe aldaketa, familiako egoera berezia, unibertsitateko ikasle gisa igarotako lehen gabonak izatea...), eguberri hauek bereziak izatea eragin dute. Jorratzen duen bigarren gaia, ikasle egoitzara (edo hirira) itzultzearen gogortasuna da. Etxetik kanpo ikasten ari garenok badakigu zertaz ari den, ezta? Noski. Bakardadeaz ere mintzo da, eta hau gainditzeko zailtasunaz, eta... Josuri esan nahi diot, aurrera jarraitzeko motiborik ez daukagula uste dugunean azaltzen direla benetan bidean mantentzen gaituzten arrazoiak. Hala ere, gauza jakina da hau Tete-rentzat, jada aukeratu baitu indarra emango dion arrazoia. Konpartitzen dudan beste egia bat denborarena da. Azkar pasako da, ziur, beti pasatzen baita uste baino azkarrago. Kasualitatez, gaur hitz egin dugu, Adrian, Itu eta hirurok, ohartzen garenerako udaz gozatzen ariko garelaren inguruan. Josuk data bat du helmuga gisa. Nirea uztailaren 1 ean kokatzen dut, gutxi gorabehera. Hala ere, seguruenik, ez naiz egun honekin (edo inguruko batekin) amesten duen ikasle bakarra. Beraz, denbora azkar igaro dadin eta desiotako egunerarteko esperoa arina egin dagizuen opa dizuet, Josuri bereziki. Ongi dio, baita ere, bitartean geratzen zaigun bakarra, "burua ondo altzata" aurrera jarraitzea dela, "denborak dena osatzen omen du ta".
Asko pozten nau euskara batuan (edo hurbileko zerbaitean, jeje) idazteari berrekin diola ikusteak. Lagunarekin edukitako hizketaldi batean, euskara batuaren erabilerak helarazi nahi zuen mezua hozten (arrotzago egiten) zuela esan zidan. Guztiz bat nator esandakoarekin. Hala ere, nire ikuspuntutik, badira "zauztarrez" idazteko aukera ematen diguten beste tresna batzuk, Messenger-a adibidez. Bertan, zuzenean hitz egin dezakegu (denbora errealean) lagunekin, eta baita bakoitzarekin dugun harremanaren araberako hizkera erabili ere. Blogaren kasuan, talde bati zuzendutako hizkuntza baten erabilpenaren ideia egokia dela uste dut. Aldi berean, euskara batuan idazteak, "maila" mantentzen laguntzen dit, hau da, hizkuntza idatziaren alderdi akademikoa lantzeko tresna gisa balio dit. Izan ere, gero eta zailagoa baita, zoritxarrez, euskara onean idazten duen jendea aurkitzea. Honekin ez ditut bere jatorrizko euskaran idazten duten pertsonak gutxietsi nahi, ezta gutxiago ere, eta ez dut esan nahi, ezta ere, nire euskara idatziaren maila apartekoa denik (akatsak baititu, noski), baina bai, blogaren bitartez, geure hizkuntzaren alor guztietako garapena bultzatzen dudala, nire onerako lehenik, hizkuntzaren alde bigarrenik.
Azkenik, Jikuri taldeko abesti baten letrarekin agurtzen gaitu, beraz, nik berdina egitea erabaki dut. Gaiak zerikusi handirik ez badu ere, Ipar Haizea taldearekin konposatu dudan lehen kantua den aldetik, zuekin konpartitu nahi dut.

Agur t'erdi!

IPAR HAIZEA - MALKOAK

Atzo isuritako malkoak dira
gaur indarra ematen didatenak.
Indar gehiago ematen didate
arerioarenak badira!

Bidean, segi aurrera.
Ez etsi!
Borrokan, denok batera.
Asmoa!

Gaur jasotako erasoak dira
bihar itzuliko ditudanak.
Indar gehiagoz emango diegu
nekaturik egongo baitira!

Bidean,..

Zapalkuntzaren bidean barneretuak gaude
eta horrela jarraituko dugu ez badugu zerbait egiten oraintxe.
Ez ahaztu gaurkoan herria dela erabakiak hartzen dituena.
Askatu barnean duzun sugarra, entzun dezatela herriaren oihua!

2008/01/04

Animo Iban!

Eski bidaia ezin hobeto zihoan bigarren eguneko bazkalordurarte. Paul pistetatik aparkalekura jeitsi zen, aurkitzen ginen lekura, eta jadanik gehienok jakingo duzuen berri beldurgarria eman zigun. Ibanek, oso azkar zihoan batean, eskien gainean kontrola galdu eta pistako izotzaren aurka sekulako kolpea hartu omen zuen. Lehenik (oso damuturik nago honegatik), inozentada bat zela pentsatu genuen (abenduaren 28a baitzen), eta ez genion garrantzia handiegirik eman. Paulen insistentzia ikusirik, sinestea beste aukerarik ez zitzaigun geratu, hura sinetsi nahi ez bagenuen ere. Paulek esan zuenez, erorketaren ostean bere martxan jarraitzea lortu zuen. Hala ere, denbora gutxira, eta lesio anitzekin, Iruñeako ospitalera eraman behar izan zuten.
Asko hitz egin da, egun hauetan, lagunaren egoeraz eta eboluzioaz. Blog honetaz baliatuz, "morbo" kutsua duen edozein komentario iraingarri baztertu nahi dut. Aldi berean, Ibanen familiari eta lagun gertukoenei, gertaerak unkitu gaituenon kemena eta desiorik onena helarazi nahi diet. Konbentziturik nago, eta ziur nago ezagutzen duzuen guztiak ere hala zaudetela, gertaera susto batean geratuko dela. Ziurra da baita ere, bere egoera uneoro kontrolatzen duten profesionalez eta gehien maite dutenen ondoan aurkituko dela momentu honetantxe. Beraz, behin guztia anekdota batean geratu eta gertatutakoaren azalpenak Ibanen ahotik entzungo ditugun egunaren zain geratzen naiz.

ANIMO IBAN!