2012/04/25

Akats baten bila


Nadiak ez zuen behin ere eskola zapaldu, baina bazekien hura zela umeen tokia. Nadiari, ordea, haurtzaroa lapurtu zioten, zapaldu. Eta zapaldu diot ez zutelako haurtzarorik gabe utzi; haurtzaro beldurgarria eman zioten. Berak 10 urte egin aurretik hil zituzten bere gurasoak eta ezin izan zuen eurengandik balorerik jaso. Izebaren platereko apurrak ziren bere eguneroko ogia eta nekazarien gurdietatik gainezka egiten zuen lastoa aterpea. Nadiak bere azalean jasan zituen uzta txarreko urteak.

Baina egun batean, bizitza aldatuko zion bidaia hasi zuen. Al-Yamah-era, eskualdeko hiriburura, joango zela erabaki zuen. Han dena zen berria. Garatutako herrialdeek diru asko sartu zuten bertan eta asko nabari zen; ospitaleak zituzten, eskolak, autobusak nonahi... eta unibertsitatea. Nadiak gerora jakin zuen helduek ere badituztela eskolak. Gerora jakin zuen ez zaiola inoiz uzten ume izateari, ikasteari dagokionean.

Nadiak haurtzaroa berreskuratu nahi zuen, konfiantza irabazi bere buruarengan eta gizarteari ekarpen bat egin ziezakiokeela sentitu. Helduen eskola hartara joan zen. Baina eskola haren prezioa bertara joaten zien umeak bezain handia zen. Nadiak ez zuen sekula irakasle haien eskolak jasotzeko aukerarik izango. Nadiak ezer gutxi zekien liburuetaz, baina aise ezberdin zitzakeen lore mota asko eta asko. Ez zuena Nadiak espero zera zen, loreak tranpa hutsak zirela, estrategia bati jarraiki sorturiko egitura harroputzak, sistema global zapaltzaile batean besteen gaitzetik probetxua ateratzeko modua. Hori jakin zuen egunean, Nadiak, bost urte zeramatzan hiriburuan, hiru unibertsitateko ikasgeletako garbitzaile moduan lanean eta bizitza osoa eskoletako azalpenak arbelean ahaztuta uzten zituen irakasle baten zain.