2012/07/30

EGUNEROKOA


Azken Portu, Nafarroako Erresuma, 1512ko uztailaren 9a, goizaldeko ordubi t’erdiak

Filosofiaren inguruko hausnarketez beteriko artikulu bat irakurtzeak eraman nau hau idaztera; idazteko sena piztu du nere baitan, kilimak egin dizkio nire barren intelektualari.

Gizakiaren desioetatik sortzen omen dira ilusioak. Ilusioak jainkoek ilustrazioaren garaiaren aurretik betetzen zuten funtzio bera betetzen dute gaur egungo gizartean. “Jainkoa hil egin dela jakinarazi zigun Nietzschek” zetorren artikuluan; arrazoi, baina hein batean. Hil egin zela esan zuen Friedrich jaunak, ziurrenik lelo indartsu baten bila-edo, baina nik uste hura jakitun zela jainkoa hil ez baina eraldatu egin zela, sofistikatu, bere irudia difuminatu egin z(ut)ela, zientzia eta arrazoia bezalako alorrek eman duten jakintza sinesgarritik ihesi, beti ihesi. Hori da erlijioa, fedea; hori dira sinesmenak, mitoak. Horrelakorik ez duena da ateoa hortaz; alegia, ia inor ere ez.

Gizakiak bizitzeko, bizirauteko behar omen du nolabaiteko iherarkia bat. Oso hausnarketa interesgarria. Nik zera gehituko nuke: ez dela ezinbestekoa norbanakoak iherarkia hori onartzea, nahikoa dela ulertzearekin. Alegia, erreferente bat behar du, buruan eskema bat izan, egiten duenak (eta agian sentitzen duenak) zentzua izan dezan. Iherarkiaren aurkako borroka ere bizimodu bat da; guztiz zentzuzkoa, gainera.

Bestalde, difusoa da norbanakoaren garrantziaz hitz egiten digutenean nire buruak eraikitzen duen ideia. Batetik, esaten didate ezberdina naizela, berezia, ez dagoela ni bezalakorik... Gainera, zientziak hori frogatu egin dezake: biologiak dio, esaterako, bi pertsonen genomak ez direla inoiz berdinak, eta psikologiak dio... guztiok dakigu psikologiak zer esaten duen, gutxi gorabehera. Bestetik, esaten didate askatasun pertsonalek ez nautela inora eramango. Batasunak egiten omen du gizakia indartsu. Ez ditut atsegin ideia neoliberalak; ez ekonomian, ez politikan, baina ez dakit zergatik. Uste dut gizartean sinensten dudalako dela; baina ez dakit sinesmen hori kanpotik datorkidan edo nire barnean sorturikoa den. Gene berekoiaren teoriak dio geneek (bizidunen bi belaunaldiren artean heredatzen den informazio-unitaterik txikiena) beren biziraupenaren alde egiten dutela presioa, eta organismo mailaraino hedatzen diren jokabide guztiak azaldu daitezkeela presio horrekin, alegia: geneen helburu bakarra mantentzea da, eta horretarako organismoetaz baliatzen da, hauek ugal daitezen saiatzen da (jokabidea baldintzatuz/erregulatuz/kontrolatuz) ondorengoetan ere, herentziaz, presente egoteko. Ideiak beldurra eman dakioke edonori, eta ziurrenik nik erredaktatzeko erabilitako estiloak badu erru apur bat horretan, baina oso posiblea den teoria bat da, ezin daiteke baztertu. Zurrenik hutsuneak izango ditu teoria honek, edo ez da osoa izango, edo ez da ehukeneko ehunean beteko... baina ez da erokeria bat.

Bide batez, azal dezadan informazio genetikoaren propietate duala. Informazioa bera materia da, bai; base nitrogenatuen segida bat, molekulak, atomoz osaturiko ezer, beraz. Baina, informazio genetikoa ez da materia bakarrik; izaki batetik ondorengora igarotzen dena molekula sorta bat da, bai, baina molekula horiek ezaugarri berezi bat dute ezen beren burua bezalako molekula gehiago sintetizatzeko “agindua” eta gaitasuna baitituzte. Horra ohar bat: unibertsoko sistema orok desordenera, desantolaketara jotzen du, entropia handiago batera, bizidunek izan ezik. Zergatik ezkutatu bizidun/bizigabe dualismoak eta informazio genetikoaren izaraera dualak Platonen ideia ustez zaharkituak dakarzkidala burura?

Ez dakit absurdoak zer esan nahi duen filosofian. Ez dakit berez sortzen den edo aktiboki bilatzen den. Ez dakit zerbait unibertsala den edo gai bakoitzaren bukaeran, muturrean, degenerazioan aurkitzen den. Ez dakit bertara heltzea erraza den, alegia, konturatu gabe heltzen/iristen (ikus ñabarura ezberdintasuna) den edo aparteko esfortzua egin behar den berau aurkitzeko. Elkarrizketa batean, solaskide batek eraman dezake bestea absurdora? Edo bestalde, asumituz gero bien ideiak ez direla inoiz egongo zentzu berean proiektaturik, ezinezkoa da bien artean gai bati buruzko muturrera, absurdora heltzea? Hor beste geldialdi bat egin behar da: ideia bat, kontzeptu bat, zer da, puntu fisiko baten homologo intelektuala eta, beraz, norbanakoaren pentsamendua hurbilketa direkzional bat, alegia, nonbaitetik abiatu eta ideiara/kontzeptura gerturatu dena? Parrafo honen amaieran ez dakit, oraindik, absurdoak zer esanahi duen filosofian.

Gai hetereoen inguruan hausnartzen aritzeak funtzio terapeutikoa bete dezakeela uste dut; ikertu egin beharko litzateke. Horra hipotesi bat: ikertzaile emankorrenen artean arazo pertsonal larriak dituztenak daude.

Gauza ederra da oreka.