2013/09/12

Damu naizen arren...


Zazpi. Kantuari izenburua nik jarri beharko banio, “zazpi” izena jarriko nioke. Eta kantua gure da; eta nirea, hein batean. Edo hori uste dut behintzat. Ez dakit. Agian, dagoeneko ez da gurea. Telebista tartean sartzen denean... batek daki. Eskubideak eta lizentziak, lizentziak eta eskubideak. Autoreen lana errespetatzen dela uste duzu? Bakoitzak bere esperientziatik kontatuko du, noski. Nik neuretik egingo dut. Ni kontsumitzaile izan naiz urte askoan eta ez ditut autoreak errespetatu. Beno, errespetatu, ustez, egin ditut; are gehiago, imitatu ere egin ditut, kasuren batean. Nire jarrera, ordea, ez zen helduarena, ez behintzat heldu koherente batena. Eta kulpa Interneteko “piratei” botatzea errazegia zen. Lehen, diska bat grabatzen zuena pirata zen, baimenik gabe kantu-bildumaren bat sarean eskegitzen zuen hura. Baina, gaur egun? 30 urtetik beheragoko inork (eta eskuzabala naizela uste dut) esan al dezake inoiz legerik hautsi ez duenik? Eta horietako zenbatek uste duzue dutela/duzuela gaizkiletzat euren/zeuon burua? Jakina. Lege zaharrek ez dute balio! Eta esaldi horrek ez du inor iraindu nahi...

Edo agian bai! Gaur egun, legeak azkar moldatu behar dira, sortzen diren beharrei erantzuteko. Eta hala egiten ez bada, Internet arduratuko da norbera bere lekuan jartzen. Eta, horretaz, ez dira etxean bakarrik eta gozoak jaten bizi diren ‘pirata gaizkile’ bakartiak arduratzen; zu eta ni arduratzen gara, erabiltzaile oro arduratzen da. Sarean kritikagai bazara, kontuak atera. Eta ‘kontuak atera’ esaten dudanean, ‘autokritika egin’ esan nahi dut.

Orain dela oso gutxi ikasi genuen autokritika egiten. Baloreen bilako barne-borroka etengabe horren baitan kokatzen dut nik jarduera hori. Eta honakoaz ohartu naiz: nazkatzen hasi naizela guztiari men egiten. Ezetz esateak duen balioaz ohartzen hasi naiz, nahiz eta oraindik ez dudan indar nahikoa bildu taldean aritzeko. Baina konbentzituko ditut, konbentzituko zaituztet.

Autokritikarena kontu bat da, baina kontatzen... aspaldi ikasi genuen kontatzen. Ikastolan, Zarautzen. Eta orduko hartan zazpi ginen, ez hiru. Badakizue zertaz ari naizen. Ulertu ez duenak ez dezala irakurtzen jarraitu.

Nioen bezala, eta ea ez naizen gehiegi luzatzen (amorrua pasa egingo zait bestela; horrelakoa naiz), zazpi ginen, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan. Orain, ordea? Bada zuen artean zenbat garen guztiz argi daukanik? Guztiz, guztiz? Hemendik kilometro oso gutxira, argi dute zenbat diren; eta populazioaren erdira irixtear daude, %51 demokratikora. Eta oso pozik jar gaitezke eurengatik... baina gurean zer? Ezer gutxi balioko du gurean; pentsaera aldatzen ez badugu, ez gara inoiz iritxiko %51 horretara. Eta iritxiko bagina ere, ez genuke hitzegiteko eskubidea izango. Eta hori zergatik? Lege zahar puta horiengatik.

Baina dokumentazio fin baten beharrik gabe eta hausnarketa sinple batekin, edonor kontura daiteke lege zahar horien interpretazioa oso irekia dela, edo hobe esanda, irekia izateko diseinatua dagoela; bai ondo diseinatua ere. Horregatik, momentuaren arabera diskurtsoa aldatzeko aukera ematen duen taktikaren jarraitzaile sutsuek defizit bat erakusten dute baloreei dagokionean, nire aurrean behintzat. Baina berdin dio/zaie, ni gutxiengo demokratikoa naiz. Eta nire ideiekin koherente izan ez nadin presioa egingo dute, bai egin ere, absurdoan eta inpotentzian eror nadin; eta inplosiona dezadan, ni neu neure ideiarekin eta neure mundu utopikoarekin, gehiengo demokratikoarentzat ona izatea nahiko nuken mundu ideal horrekin, mundu ‘trakets’ baina solidario horrekin. Eta zein zara zu, ni ekarpena egitetik kanpo uzteko? Pss.

Lehen zazpi ginen; orain, berriz, hiru. “- Hiru? - Bai, hiru. - Eta besteak zer? - Ustel daitezela. - Zergatik? - Ezin dugu dena guk egin. - Baina... asko dira euskaldunak direnak; eta ez diete inoiz hitz egiteko aukera eman eta, emango baliete, euskaraz egingo lukete. - Huskeriak! Beti negarrez! Gainera, diru publikoarekin finantzatzen diren hedabideak moztuko dizkiegu. - Eta hori? Nolatan? Ez al da, bada, ulergaitza hori egitea, gaur egun, informazioak mugarik ez duen honetan? Estrategia zapaltzaile gisa geratuko da gizartearen aurrean... - Berdin dio; egingo dugu zerbait hori estaltzeko, ez kezkatu. - Noski kezkatzen naizela! - Ba hobe duzu ez kexatu, ze diru publikoa kentzeaz gain, herri-ekimenak ere (Irrati Libreen jarduna, esaterako) oztopatu egingo ditugu, haurrek euskara ikasi ere egin ez dezaten. - ...”

Zenbat gara, beraz? Nik ez dut ezertxo ere jakin nahi aurreko elkarrizketa fiktizioa errealitate egiteko gai den jendeaz. Hori da arazoa. Hiru garela dio Madrilek eta punto. Menpekotasuna, sumisioa dirudi, ez? Ez duzue ikusten askoz antzekotasun handiagoa dugula Europako herri zahar askorekin Espainiarekin baino? Utzi sartzen, mesedez.

Horregatik guztiagatik, Hiruaren kontua ez da huskeria niretzat. Eta Internetek norbera merezi duen tokian jarriko duela espero dut. Eta ez espero bakarrik, horretarako lan egingo dut; koherente izaten saiatuko naiz komunitate honetan eta honetatik kanpo.

Navarrakoei iristen zaizkizue guk argitaratutako kontuak, ezta? Bertako norbaitek, irakurriko balu, abisatu diezadala, mesedez. Barkamena eskatu nahiko nioke, nire sormena telebistara bideratzeagatik, EAEko telebista publikora, hain justu, euskaldunen arteko bereizketa sistematikoa egiten duen alderdia boterean dagoen legealdi honetan. Berriz diot: lege zaharrekin, ez diegu arazo berriei irtenbidea emango. Lehengo lepotik burua.

Gurekin behar zaituztegu, euren mugetatik kanpo zaudeten horiek. Zeuok gabe ez gara deus, etsipena baizik.

Bat, bi, zazpi.

No hay comentarios: