2007/11/30

SKASTI-k Fotolog berria aurkezten du!


Joelena (kitarra) izan da ondoko ideia liluragarria. Taldearen egoera ikusirik, sarean tartetxo bat eraikitzea aukera ona zela ondorioztatu zuen. Izan ere, SKASTI-ren zaleei zor genion zerbait zela uste genuen. Horrela, 2007-ko azaroaren 26-an, hain famatua den "fotolog"-ean gunetxo bat sortu zuen. Bertan, kontzertuen datak, argazkiak, berriak eta taldearen inguruko beste zenbait kontu azalduko ditugulako esperantza jarri dugu. Hemendik aurrera link-en artean izango duzue; >>>>>>>>>>>>>>>> FOTOLOG - SKASTI <<<<<<<<<<<<<<<<

2007/11/25

"4433...-W - 10.0"

Orain artean blogaren jarraitzaile izan zartenek jakingo duzue, kimikako lehen azterketan 5.0-a atera nuela. Jakingo duzue, baita ere, emaitza horrek matibazioa jeitsi beharrean igo egin zidala esan nuela. Esandakoari fidel izateko saiakeran, 10.0-a lortu nuen aurreko astean. Harro nago, eta zuekin konpartitu nahi nuen. Lehen emaitzak ikasteari gogotsu ekiteko balio izan bazidan, pentsa ezazue azken honek... Biar, kimikako laugarren "partziala" dut, Atomoaren Egitura Elektronikoa, beraz ikasten hasiko naiz zuen baimenarekin. Hemendik aurrera, ikasketekin zerikusi handiagoa duten gaiak ere jorratzen ahaleginduko naiz.

2007/11/20

"A ze puentia!"

Beno, azkenean denbora pixka bat hartu dut eta, Sarrikoko ordenagailu gelara etorrita, jarraian egin dudan hirugarren zubi honetako gertaera nagusiak kontatzeari ekingo diot. Asko eta "handiak" izanik, ezin izango ditut nahi nituzkeen xehetasun guztiekin azaldu. Hala ere, nire igarotearen zentzua ez galtzeko balioko dizuelakoan nago. Ekin niezaion bada idazteari!

1.GIDABAIMENA: Osteguna, jaieguna zen nire fakultatean (San Alberto, zientzietakoen patroi delakoa). Horrexegatik, asteazkenean bertan etxera itzuli eta zubia egitea erabaki nuen. Ostegunean, autoko gidabaimena ateratzeko azterketaren froga praktikoa nuen. Azpeitiara joan nintzen hau egitera, nire autoeskolak bertan egiten baititu frogak. Bigarren aldia zen eta (beharbada horregatik) lehenengoan baino urduriago nengoen. Oso azterketa txarra egiten ari nintzela iruditu zitzaidan une batzuetan. Hala ere, aztertzailearen izaerak asko lasaitzen ninduen, profesionala iruditu zitzaidan. Azpeitiatik itzulitxo bat eman ostean (arazo handiegirik gabe) autoa aparka nezan agindu zidan. Esan eta egin. Gidatzen ari nintzen bitartean mugikorrera deitzen aritu zitzaizkidan, hiru bider. "Evidentemente, no lo coges" aholkatu zidan aztertzaile errioxarrak. "Por supuesto" batekin erantzun nion, hotz eta zuhur. Behin autoa geldirik nuenean eta berak azterketa amaitutzat eman zuenean... "Llama al que te estaba llmanado y dile que has aprobado" esan zidan. Atsegina izan zen. Bere jokaera profesinalki beroa eskertu nion. Beranduago emaitza (behin behineko gordekina) jaso nuen autoeskolako irakasleagandik eta Falta leve bakarra egin nuela ikusi ahal izan nuen. Gidabaimena badut, autoa falta.

2.GASTEIZ: Ostegunean, azterketa egin, etxera iritsi, bazkaldu eta Donostiarako trena hartu nuen bi lagunekin elkartu (Bino eta Mikel Alberdi) eta Gasteizera eramango zigun trena hartzeko asmoz. Gaua bertan igarotzeko asmoa genuen, Josu Tete jaunaren gidaritzapean. Arratsaldetik sartu ginen giroan. Bertxo-rekin (lehengo kuadrillakidea) topatu ginen, Gasteizen ari baita Euskal Filologiako ikasketekin. Erosketa batzuk egin eta Josuren lagun baten etxera joan ginen Pizza batzuk afaltzera. Ordurako laugarren azkenportutar bat batu zitzaigun, Itu. Afaria oso ondo joan zen, parre batzuk egin genituen eta ordurarte Josurenak ziren lagunak, guztionak bilakatu ziren. Alde Zaharrean egin beharrekoa eginda (benetan giro polita), People izeneko taberna joan ginen, beste guztia itxi baitziguten. Giroak jarraitu egiten zuen. Ederki egon ginen eta denbora hegan joan zitzaigun, niri behintzat. Tabernara sartu eta erlojua lehenegoz begiratu nuenean 03:20 adierazten zuen, bigarrengoz begiratzean, 06:03. Harrituta geratu nintzen. Argiak piztu zituzten eta Josuren etxera joan behar izan genuen. Lehenago, Itu-k Bilborako autobusa hartu behar zuen eta geltokiraino lagundu genion. Etxean ordu eta erdi eskas lo egin eta gero, tren geltokira itzuli ginen, Donostiara joateko. Han, bigarren tren bat hartu eta herrira iritsi ginen.
UUEEEEPA GASTEIZ!

3.TXURI: Egun berezia larunbata ere. 10:30-etan, Lege Zaharren Enparantzan bildu ginen taldekideak. Azken xehetasunak konpondu eta Itxaso tabernan kafe bat hartu genuen, hotz egiten zuen eta. Bitartean, joko genituen abestiak, eta hauen egitura, adostu genituen, izan ere, 8 minutu edukiko genituen eszenatoki gainean, 20 taldek jo behar baikenuen egun osoan zehar. Omenaldia 12:00-etan hasi zen. 13:00 inguruan jo genuen. Kontzertua ondo joan zen eta jendeak gustura hartu gintuela ematen zuen. Bukatu genuenean, "Aupa SKASTI!" bat entzun zen. Momentuan ez nion garrantziarik eman (hotzagatik edo), baina, taldekideek ea entzun nuen galdetu zidatenean, baietz erantzun eta ondo sentitu nintzen. Eskertzekoa da horrelako keinu bat. Ez dakit nor izan zen, baina, ez dut ahaztuko.
"Egun hotz hau, ziur hotzagoa dela maite zaituztenengandik urrun." (SKASTI - TXURI - 07/11/17)

4.SKINHEAD: Bazen denboraldi bat, lagunei, ilea moztuko nuen hurrengo aldian rapatu egingo nuela esaten niela. Esan eta egin. Igandean izan zen, aitari makina hartu eta burutik pasa ziezadan eskatu nion. Beharbada arrazoia jakin nahiko duzue. Ez daukat bada arrazaoi garbirik, aldatzearren egin dut, erosotasunagatik ere bai beharbada. Beraz, ikusiko nauzue nire look berriarekin.

Badakit ez dudala sekula erreferentziarik egin, eta bada ordua. Igaro da denboraldi bat kontagailua jarri nuenetik eta momentu honetara arte 468 bisita jaso ditu nire blog-ak. Edonola ere, espero nuena baino askoz ere gehiago. Eskerrak ematea dut helburu. Zenbakia handitzen doala ikusteak, jendeak irakurtzen duela erakusten dit, eta horrek, idaztera bultzatzen nau. Besterik gabe, esker mila momentu honetantxe lerro hauek irakurtzen ari zaren horri.
Gogoratu, edozer idatzi nahi izanez gero (EDOZER), komentarioak utzi ditzazkezuela. Horrela, zuen berri izateko aukera emango zenidakete eta asko eskertuko nuke hori ere.
Agur bat Bilbotik "zauden lekuan zaudela"-ra...

2007/11/14

"Txuri"-ri omenaldia, 20 urte 20 kontzertu

Jarraian, atzoko egunean, (Urola Kostako) Hitza-n irakurri ahal izan nuen artikulua:

"2007-11-10 15:47:01
‘Txuri’ presoaren alde 20 musika taldek elkarretaratzea egingo dute
Datorren larunbatean elkartuko dira Lege Zaharren enparantzan Jose Mari Perez ‘Txuri’-ren egoera salatzeko asmoz
«Ideia eta estilo desberdinetako jendea gara, guztiak zarauztarrak, gazteak eta egoera aldatu nahi dugunak», zioen herenegungo aurkezpenean Jon Lopezek. Herriko 20 musika taldek elkarretaratzea egingo dute datorren larunbatean Jose Mari Perez Txuri preso zarauztarrak bizi duen egoera salatzeko. «Txuriren egoera ilegala da. Azaroaren 25ean 20 urte beteko ditu espetxean, eta bere kondenaren hiru laurdenak bete zituenetik bost urte igaro dira. Legean oinarritzen baldin bagara, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke», adierazi zuen Gorka Silvanek. Putzuzulo gaztetxean egin zuten aurkezpenean musika taldeetako ordezkariak bildu ziren, eta datorren asteko elkarretaratzearekin Txuriren egoera salatuko dutela adierazi zuten. «Legea ezartzeko garaian argi gelditzen da batzuekiko eskuzabaltasuna eta besteekiko esku gogorra. Bestalde, azpimarratu beharra dago egoera honek dakarren kostu ekonomikoa eta fisikoa, bai familiarentzat baita lagunentzat ere», gaineratu zuen Silvanek. Hainbat espetxe pasatuta, gaur egun Jose Mari Perez Burgosko espetxean dago. Musika taldeen elkarretaratzea 12:00etan hasiko da , Lege Zaharren enparantzan; 14:00ak aldean babarrun jana izango dute. Herritarrei animatzeko deia egin diete musika taldeetako kideek, «partaidetza ezinbestekoa delako».

Musika taldeen zerrenda:
Burkina faso, Dirtaa, Diskoira, Erail, Erantzun, Harlore, Inor ez, Kalanbrazo, Latitud O, Mantisa, Mattinada, Metralleta, MKT, Shitak, Skasti, SKT, Stocholm S, Tantra, The art of lossing, Txixaparrazta."

2007/11/13

Beti ere, maila mantenduz...

Igandean, "kezkaturik" nengoela esan daiteke. Esan bezala, Dabitxinek mintegiko saioa burutu behar zuen larunbatean eta iada bueltan izango zen. Deitzekotan eongo nintzen, baina, arratsaldean egongo ginenez, itxarotea erabaki nuen.
Lokalera heldu nintzenean Dabitxin bakarrik aurkitzen zen bertan eta egin nion lehen galdera izan zen, noski, ea zer moduz joan zitzazkion "proba" moduko haiek. Erantzuna garbia izan zen. Oso ondo joan omen zitzaizkion. Pozik ikusten nuen laguna, bezperan zuen tentsioa kontuan hartuta, eskeinitako mailarekin gustora zegoela zirudien. Asko lasaitu ninduen, izan ere, ostiralean kontzertua eman behar izanak, urduri jartzen ninduen, lagunagatik. Are gehiago, Pearl izeneko bateria-markako arduradunetako batek kontratu moduko bat egitea eskeini zion Dabitxini. Horrek, nire lasaitasuna poz bilakatu zuen. Aurreneko gauza (maila emango zuela) jakina zen, baina, bigarrena, benetan lorpen handia zen. Daviden talentu eta esfortzuak merezi duten saria jasotzen hari dira, eta ziur nago lehenego pausoa besterik ez dela.
Entseguari dagokionean, gauza gutxi; oraingoan ere ez zela Mattin (baxua) agertu eta, nuen katarroaren erruz (aitzakia dirudien arren), zenbait abestitan desafinatu egin nuela. Datorrenerako Asgarth taldearen Goian bego kantua ikasi behar dut, eta horretan dihardut.
Gauzak horrela, Dabitxini zorionak ematea bakarrik geratzen zait. Beste guztiei, Euskal Herriak emango duen bateria jole ezagunenetarikoa izango denaren pausoak gertutik jarraitzea aholkatzen dizuet.

P.D: IPAR HAIZEA taldearen web-gunea iadanik linketan eskuragarri.

2007/11/10

Jirako Egunerokoa (Mendaro, 09/11/9)

Nola edo hala, iritsi ginen mendaroko Gaztetxera. Pixka bat itxaron ostean, taldekide guztiak elkartu ginen, bi taldetan banaturik bidaiatu baikenuen. Beste denbora tarte bat pasa zen gaztetxeko atea irekiko zuen ardura heldu zen arte. Hau gertatu zenean, barrura sartu eta bertako edertasunaz gozatu genuen. Sekulako "txokoa" zen hura. Edifizio ederra, kondizio onak, garbitasuna, txukuntasuna, apainketa polita... biltzen zituen. Jarraian, materiala barruan sartzeari ekin genion. Orduan, antolaketa akats batekin topatu ginen; musika-ekipoa oraindik ez zen han aurkitzen eta hau bertan egotearen ustezko arduradunak ez zekien ekipoa ekarri behar zuenik ere. Beraz, nahiko denbora itxaron behar izan genuen. Ekipoa jarri zutenean, eta instrumentuak probatzeko aukerarik izan gabe ere, afaltzera bidali gintuzten. Horretarako, herri guztia zeharkatu behar izan genuen, edo hori ematen zuen behintzat. Afaria ondo joan zen. Hala ere, motzegia iruditu zitzaidan eta ez genuen postrea jateko aukerarik ere izan, izan ere, denbora gainera zetorkigun. Bueltako bidea egin ostean (beste taldeko kideekin hitzegiten ihardun genuen) aipaturiko proba burutu ahal izan genuen. Geuk lehendabizi eta beste taldeak beranduago, gu izango baikinen bigarren joko genuenak. Gure pozerako Guillermo (Giller), Ander Peñagarikano (Peña) eta Xabier Alberdi (Vladi) iritsi ziren, guztiak, azken honen kotxean.
Beste taldeak proba bukatu zuenean kontzertua hasi zen.
Lehenengo abestiek ez zuten oso soinu ona eduki, baina, egokitze teknikoak egin heinean asko hobetu zen. Kontzertuak iraun zuen bitartean jendea nahiko lasai egon zen, hala ere, soraluzeko taldeak, kanta ezagun batzuen bertsioak jo zituen eta horrek ikusentzuleak pixkat bat piztuarazi zituen. Taldeko kitarrak arazo bat izan zuen bere instrumentuarekin eta Joelek utzi behar izan zion berea. Kontzertua bere amaierara heltzen ari zela, kalera irten ginen arropaz aldatzera. Izan ere, eszenografia hobetuko zuten itxura hartzea erabaki genuen.
Kontzertua hasi genuen. Lehenik, Josuk kasurako prestatu zuen bertsoa abestu ostean, Spider Ska jo genuen, koreografia eta guzti. Jarraian Autodeterminazioa, jarraian... Kontzertuaren lehen atala ondo joan zen, jendeak gustora begiratzen zigula iruditzen zitzaidan. Hala ere, lasai ziharduten. Kontzertuaren erdialdera heltzen ari ginen heinean, bertsioak jotzen hasi ginen, Enamorado de la Muerte (R.I.P.), Mierda de Ciudad (KORTATU), Kualkier Día (PIPERRAK)... eta abesti hauetan, jendeak dantza egin zezan lortu genuen. Kontzertuaren gailurra, oraingoan ere, Latinoamerikanos abestia jotzean heldu zen, taldearen ustetan, kanturik landuena eta garatuena. Bukatzeko, Jamaika izeneko reggae-ska baten ostean, El Amo de la Barraka jo genuen, askorentzat taldearen identifikazio zeinua. Eszenatokia utzi bagenuen ere, jendeak "Beste bat!" jo genezan nahi zuen. Beraz, lortutakoarekin gustora, berriro igo eta Betagarrik bertsionatu zuen Baldin Bada (BALDIN BADA) bertsionatu genuen, aldi berean. Orduan guztiok bukatutzat eman genuen emanaldia, Josu Tete-k izan ezik. Oraindik gogotsu, eszenatokira igo eta azken entseguan ateratzen saiatu ginen kantua abestu zuen. Berak konposatu zuen eta, Iza, Joel eta Dabitxinen laguntzaz aurkeztu zuen lehenengoz, bertara hurbildu zen ororentzat. Orain bai, bukatu zen kontzertua.
Taldekideak (Alberdi, Iza, Joel, Bino, Itu, Tete, Dabitxin eta Antxus) elkar zoriondu ginen. Ondorengoaz, gutxi esan daiteke; beste taldekoekin hitz egiten geratu ginela, Bino eta bion aitek kotxean jaso gintuzten arte.
Hurrengo kontzertua, Zarautzen izango da, datorren larunbatean Txuri-ren gartzelaratzearen 20. urteurrena dela eta ospatuko den omenaldian. "Euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugulako..." bertan ikusiko dugu elkar.

P.D: Esan beharra dago, larunbatean, Dabitxinek, munduko bateriajole onenekin egingo den madrilgo Mintegian hitzordua edukita (07:00 zuen irteera), taldearekin jotzeko esfortzua egin zuela. Beraz, eskerrak eman eta zorterik onena opa nahi diot hemendik. Emayok eurra!

2007/11/06

SKASTI TOUR '07 (Azaroak 9, ostirala, Mendaron!)

Atzo, SKASTI taldeko beste abeslari eta lagun den Xabierrekin (Bino), kontaktuan jartzen saiatu nintzen ostiralean taldeak emango duen kontzertuari buruz informazioa lortzeko asmoz. Momentu horretan ez zen etxean aurkitzen, beraz, iristean e-mail bat bidal ziezadan eskatu nion, Bilbon egonik, informazioa lortzeko modu egokiena zela pentsatuz.
Hona hemen bada, "Bino"-k, SKASTI taldearen kontzertuaz gaur egun dituen ezagutzekin emandako erantzuna:

"SKASTI TOUR 2007
Urteari amaiera emateko kontzertu pare bat egongo direlaren zurrumurrua dago. jadanik bat argia eta finkatua dago. Azaroaren 9an izango da Menadroko gaztetxean Soraluzeko beste talde bat "telonero" moduan arituko direlarik. Beraien hitzetan ohore bat da honelako talde garrantzitsu batekin kontzertu bat eman ahal izatea. Gainera entzuna da Skasti taldeak Europan barrena Holanadan hain zuzen ere kontzertu batzuk ematea, baina hori biharko gauza da. Lehengora bueltatuta Mendaroko gaztetxean dohainik edo 2 euro inguru izango dela suposatzen da(garesti ez behintzt) eta ordua finkatu gabe dago. 22.30 aldera hasiko direla suposatzen da. Besterik ezean Bilobon ondo segi ta preparatu urte gazigozo honi amaiera zerutiar bat ematekoayo!!! kabrones!!! ta ostegunen fuck fuck!!!"

Horrela izanik, planen bat egina bazenute, orduz, egunez edota urtez aldatzea aholkatzen dizuet, ez baitut uste SKASTI-ren kontzerturik onena galtzeko gogo handiegirik izango duzuenik.

Besterik gabe, bertan ikusiko garelakoan agurtzen zaituztet. Ska! Ska! Ska!

P.D: Ez itzazue Bino-ren akats ortografikoak aintzat hartu, izan ere, tratamenduarekin dabil. Ea denon artean sendatzea lortzen dugun. BESARKADA BAT BINO HANDIARI!

2007/11/03

Casting-aren 2. fasea

Asteazkeneko entrenamenduaren osteko dutxa garaian, Dabitxinek, ea egun bertako gauean entseatzera azalduko nintzen galdetu zidan. Erantzuna jakina da, oso nekaturik banengoen ere.
Bigarren aldi honetan askoz ere lasaiago nengoen. Mattin (baxua) ez egotean, entseguak ukitu ez-ofizialagoa hartu zuen. Horregatik eta bigarren aldia izateagatik, erosoago sentitu nintzen. Lehenengo aldiko kantu antzerakoak jotzen aritu ginen, baina, giro festazaleago batean. Horrek, erlaxatuago jotzeko aukera eman zidan. Abestien zatiak gogoratzearen arloa hobeto menperatu nuen. Hala ere, "sartzeko" denborak kontrolatzeko zailatsunak izan nituen, baxuaren falta somatzen bainuen. Honek, erritmoaren erreferentzia galduarazten zidan une batzuetan.
Egia esan, oraingo honetan, gustorago geratu nintzen eskainitako nire mailarekin. Gainera, Mikel, Aitor eta Dabitxinek koroak egiten zizkidaten eta abestiak osatuago geratzen ziren.
Entseguaren emaitzak: Parre batzuk bota izana, eztarria bertan uztea eta berriz itzultzeko aukera.