Hezkuntza-sistema merkantlizatuta dago, merkatu internazionalen eta
dibisen menpe.
“Emprendedor” hitza
hutsaldu egin da. Enpresak bere gain hartu du. Monopolioa. Normalean “ideia”
berria produktu berria da; horretara mugatzen da. Baina hori oso finalista da.
Metodoa ez da aldatzen. Merkatuak sortzen du ideia berria, eta gizakiok, izaki
pentsalari gisa, kontrola galtzen dugu. Diru-multzo bati, kapitalari ematen
diogu, ez zilegitasuna bakarrik, baizik eta botere osoa.
Intelektualak behar dira. Intelektualak, niretzat, honetan bereizten
dira gizon-emakume arruntetatik: ez inteligenteago izatean, bere horretan,
baizik eta erroko gaiek “tarte” (espazio zerebrala gehi denbora) handiagoa
izatean euren garuneko jardueran. Beste modu batera esanda: metafisikak-eta
ehuneko handiagoa hartzen dute pertsona hauen Pentsamendu osotik.
Ongi dagoena ez da mugituko; eta gu, esan gabe doa, ez gaude hain
gaizki. Gaizki dagoena ere mekez mugituko da norantza interesgarri batean,
segurtasun ezak, beldurrek... ez baitiote utziko. Langile-klasea desegonkortzen
eta minatzen dute horrelako gizon-emakumeek. Ez dute kolektiboaren onuragatik
begiratzeko abstrakzio-maila nahikoa. Intelektualek, ordea, bai. Haiek gidatzen
zuten “untzia” kobatan bizi ginenean, eta hala behar luke orain ere. Ez gaizki
ulertu, arren. Ez dut esan nahi Platonen “jakintsu” horiek direnik intelektualak.
Ideia hori onartzeak oligarkiei zilegitasuna ematea litzateke, eta ez da hori
kontua; ez, behintzat, ezagutzen dugun adieran. Intelektualek funtzio soziala
eta politikoa beretzen dituzte, bete beharko lituzkete. Hori bai: ez dakit
intelektual guztiak langileen klasean dauden, baina ziur denak ez daudela
egungo klase dominatzailean. Agintea, ordea, bai; aginte osoa garai bateko “emprendedor”-(e)ek dute, eta lortu duten
bakarra zera izan da: untzia arrisku larrian jartzea. Non daude herritik
sortutako benetako intelektualak? Egian esan, ni ez nago hain gaizki, eta,
sobera ere, ez naiz intelektuala... baina elkartasunez idazten dut. Ez dezatela
esan keinu honek ez duenik balio.
Eta, berez, postua, egon, badago: politikariena. Gauza ez da
politika gaizki dagoela, eguno politikariak traketsak, ezgaiak direla baizik.
Kontua ez da tranpa egitea merkeegia dela; zintzo jokatzea da garestiegia. Eta
denok, den-denok dugu horren errua.
PD: animatu “emprendedor” itzultzailean jartzen.
PD2: esaten duena esaten duela
ere, “emprendedor” izatea klase
batetik bestera salto egiten saiatzea da. Eta, bai, okerrena hori da, ez
lukeela zertan.

No hay comentarios:
Publicar un comentario