2008/03/03

"Musika eta hitzaz aurrera egin nahi nuke!" (SuTaGar - Doinu ta ideiak sortzen)




"Asteburu musikala" izan dela esango nuke, igarotako hiru egun hauek bi hitzetan deskribatu nahiko banitu. Ostiraletik hasi eta igandera arte.

Etxera heldu nintzenerako barruan nituen, jadanik, astebukaera nola joango zenaren inguruko ezjakintasunak sortzen zizkidan urduritasunaren eraginak. Bazkaldu eta entrenatu ostean, Bino-ri deitu eta, ahalik eta azkarren, gelditu ziren lekura joateko esan zidan. Hala egin nuen. Iritsi eta kotxea aparkatu genuenean (a zer komeri!), Vladi, Guillermo, Peña, Egurza eta Txufo agertu ziren, soinu probak egiten genituen bitartean. Gero, afaltzera joan ginen Herriko Tabernara, Junzai Txetxera-koekin batera. Sekulako afariaren ostean, nahiko berandu dagoeneko, talde honen kontzertua hasi zen. Gero geuk jo genuen. Balorazioa positiboa izan zen taldekide guztion aldetik. Entseatu genuena kontuan izanda (hau da, bat ere ez), ez kexatzeko modua geundela uste genuen. Hala ere, jende gutxi egoteak pixka bat hoztu zuen emanaldia. Aipatzeko bi gauza; Junzai Txetxera-koen portaera eredugarria (kontzertuan bertan jakinarazi genien, nola ez) eta bertako neska gazte batek erakutsiriko enfasia. Asko poztu eta motibatu gintuen neska hura dantzan ikusteak. Komentarioak sexista itxura izan dezake, baina, guztiz alderantzikakoa da, asko poztu gintuena zera izan baitzen, ondo pasatzeko asmoarekin lotsik gabe dantza egiten dugunak, hala mutilak nola neskak garela ikustea. Izan ere, "lotsagabe" bakarrak mutilak garela dirudi askotan.

Larunbatean, beste kontzertu bat, baina, beste taldearekin, IPAR HAIZEA-rekin. Guztiz giro desberdina. Bazkalostean, 15:45etan, LEIZE, taldearen lokalean egon behar genuen, kontzertuan erabiliko genuen musika-ekipoa beraien entseguetako ekipoa baitzen. Gauza zera da, bi taldeetan nirekin aritzen den bateriajoleak (David Gorospe), aita bateriajolea duela, LEIZE taldean aritzen dena, eta, hauen borondate onenari esker, euren ekipoa erabili ahal izan genuela, sekulakoa. Beraz, furgoneta guztiz kargatuta, Elgoibar aldera abiatu ginen, bertako Gaztetxean, GARABI talde zarauztarrarekin batera eman behar genuen kontzertura. Guztia prest utzi, soinu probak egin, afaldu eta ordua heldu zenean, GARABIk hasiera eman zion, geuk bukatuko genuen emanaldiari. Bukatu ostean, ados geunden gauza batean, ez zela jende askorik egon kontzertuek iraun zuten bitartean. Horrek ez zuen taldeen eta ikusentzulegoaren arteko erlazioa faboratu. Maila pertsonalago batean murgilduta, aitortu behar dut ez nintzela oso gustora geratu egindakoarekin. Letraren bat edo beste ahaztu baizitzaidan, beste gauzen artean. Hala ere, segituan aldatuko zen egoera. Lehenik, "Davittin" ni kontsolatzen saiatu zen, nire goibeltasuna ikusi bezain laister. "Beti iual hao!" esan zidan, nire buruari gehiegi eskatzen niolako sentsazioa trasmititu nahian, edo hori uste dut behintzat. Lagundu bazidan ere, ez zen hori izan iritziz aldarazi ninduena, honen aitaren komentarioa baizik. Kontzertua bukatu eta ekipoaren bidez "giro-musika" jarri ondoren, nigana hurbildu eta eskua luzatu zidan, honakoa esanez: "Hey, muy bien, eh! Tu tranquilo, ya veras como con un poco más de tiempo ensegida te pones... Pero, si si, ya me ha gustado..." Harriturik begiratu nion, ez nuen gehiegi ulertzen. Beharbada, honen hitzak ez zuen sinesgarritasun handiegirik izango Ascomycota taldeko onddoen ugalketari buruzko iritzi batean, baina, bai, musikaren arloko gai batean. Eta ez dut uste, konpromisu hutsagatik esandako hitzak zirenik, hori espero dut behintzat. Horretaz gain, Oihan Larrañagarekin (GARABI eta The Art of Losing taldeetako baxujolea) izandako elkarrizketa batean, zera esan zidan, taldearen abeslari ohia (Beñat Igerabide) baino nahiago ninduela, pertsonalki, taldearen ahotsa izateko. Ondo sentitu nintzen, betiere komenigarria baita, hobekuntza bat eragin duzula (eta ez kontrakoa) jakitea. Horrek gogotsu jartzen nau.

Musikala izan dela esan dut, eta ez nabil txantxetan, jaso nituen onderongo bi berri ikaragarriak ere musikarekin erlazionaturik baitaude. Lehenik, Aitorrek (kitarra), posta elektronikoko "correo no deseado"-an (ez dakit hau eskaraz nola adierazi) arakatzen ari zela, gaitzat "Ipar Haizea" zuen mezu bat zuela ikusi zuen eta irekitzea erabaki zuen. Eta eskerrak hala egin zuen. Bertan zera adierazten zen, Europako talde Heavy gazteen abestiekin bilduma bat egin nahi duen iniziatiba batek, gure taldea aurrehautatu duela (Espainiar Estatuan 17 talde). Jarraian abestiren bat helbide jakin batera bidaltzeko eskatuko zelakoan nago, hala egin baitzuen Aitorrek. Egia esan, ez dakit gaiaren magnitudea zenbaterainokoa den, baina, Europa guztiko taldeek parte hartuko dutela jakitearekin, sekulako maila egongo dela aurreikus daiteke. Ea zorte apur batekin... Ikusi egin behar. Taldearentzat bultzada izugarria izan zitekeela esan daiteke, ezbairik gabe. Anekdota gisa greziar batek maketataz idatzi duen kritika IRAKUR dezakezue, ingelesez badago ere, ulertzen baita. Ez dut hitzik, irakurri eta eman iritzia.

Azkenik, bukaerarako utzi dudan berria:

Martxoaren 15ean, BETAGARRI taldea, Zarauzko Gaztetxean arituko da, guztion gozamenerako. Sarrerak 5 € balioko ditu, baina, nire ustez prezio hori ordaintzea mereziko duen kontzertua izango da, ez baita askotan edukitzen horrelako banda bat bakoitzaren herriko Gatzetxean. Ziur ahaztezina izango dela. Baina, hori gutxi balitz, Gaztetxeko gestioa daramatenek, Ska doinuen linea mantendu nahian edo, SKASTI taldeak bertan jotzea nahi izan du. Gazteizko taldearen emanaldia nahikoa ez balitz, SKASTI-ren aurpegirik onena ikusteko aukera izango da, beraz, hurrengo asteko larunbatean. Eskaintza ez dator talderen unerik onenean, jo gabe egondako tarte luze baten ostean izan baita, baina, ezin uka genezake taldearen orain arteko aukerarik onena. Horregatik, taldeak guztia emango duela diotsuet. Geure herrian, geure Gaztetxean eta geure musikaren oinarrietan dagoen talde batekin batera. Handia benetan.
Ez dut gehiagorik esateko, ez joatea bekatutzat dudala besterik ez. Beraz, jakinaren gainean zaudete. Aukera eduki eta gogoa duen oro gonbidatuta geratzen da!

Bertan ikusiko garelakoan... mila esker...

... ska-ska-ska!!! ...

P.D: LEIZE-ren webgune ofiziala linketan eskuragarri.

No hay comentarios: