2008/04/14

Gora Antoniano!

Denboraren iraganak eta kasualitateak hala nahi izan zuten. 2003an hasi nintzen bere agindupean eta hala jarraitu nuen 2007ko maiatzerarte. Mr. Gontxa.

Beste gazte askok bezala, txiki txikitatik ekin nion auzoko parkean baloiari ostikadak emateari. Kirolen arteko "errege"aren garretan erorita eta Ikastolak eskaintzen zidan aukerari esker, ahal izan nuen bezain laster hasi nintzen eskolarteko hondartza-futbolean, orduko gelakideekin batera. Denbora gutxi behar izan nuen gustoko kirola hura nuelaz ohartzeko, lehendik ez banekien. Gaur egun ere, ez dut futbolaren ordezkorik aurkitu. Urteak pasa hala, kirol honekiko maitasuna handituz zihoan. Zati handi batean garai hartan izandako entrenatzaileari zor diot, Ander Zurutuza lagunaren osaba zen Iñakiri. Hark futbola maite zuen. Hark kutsatu gintuen... Iloba bera, Iza, Joel, Bino, Eñaut, Jonsan, Mendixa, Oiarbide, Mees, Mattin (barka norbait ahazten bazait)... eta ni neu. Gutxik jarraitzen badugu ere, garai haiek garai eder gisa oroitzea ahalbidetu zuela uste dut. Eskertzeko lana egin zuen.

Lehen hezkuntzako 5. edo 6. mailan ordea, taldea uztea erabaki zuen eta Lander eta Alexekin jarraitu genuen. Bigarren hezkuntzara pasatzearekin batera, Asti futbol zelaian entrenatzeari ekin genion Manu Urbieta (Errealeko jokalari ohia) jaunarekin. "Teknifikazio" gisako zerbait izanik oso gustora joaten nitzen entrenamenduetara, bi astetik behin baitziren. Horretaz gain, txapelketaren bat edo beste jolasten genuen noizean behin. Ez dut sekula ahaztuko zumarragako "Argixao" futbol zelaian jolasturiko txapelketa. Oso oroitzapen onak dakarzkit burura eta uste dut ez naizela bakarra. Tartean, komandokide den Itu.

Hala ere, hurrengo urtean hasi nintzen federaturik jolasten. Jaime nuen entrenatzaile eta esperientzia polita izan zen. "Futbol-11"an aritzen nintzen lehen urtea zen. Infantilen ohorezko mailan hartu genuen parte eta denboraldi txukuna egin genuela oroi dezaket. Aipatzekoa, minutu gutxiz gozatzen nuen jokalaria izanda ere, Tolosaren aurkako norgehiagokan eginikoa: Azken bost minutuetan zelairatu eta aurretik jartzen gintuen gola (2 -1) sartzea eta asistentzia (3 -1) ematea lortu nituen. Hori gutxi balitz, aurkako penalty bat egiteko denbora ere izan nuen, Mikel Iruretagoienak geldituko zuen penaltia. Ahaztezina. 1000 emozio une batean.

Hurrengo urtean infantilak izateari utzi genion, "kadete" bilakatuz. Orduko egoerak agintzen zuen eran (beranduago bi elkarte hauek euren arteko harremana hautsiko zuten), Zarautz K.E.-an jokatzetik Antoniano K.E.-an jokatzera pasatu ginen, bigarrena lehenaren "filial"-a baitzen eta herriaren izena zeraman elkarteak beste talde bat baitzuen maila berean. Bertan hasi ginenean ezagutu nuen sarrera hauxe idaztera bultzatu nauen pertsona; Iban Gonzalez-Txabarri, Gontxa. Hasieran entrenatzaile huts bezala ikusten nuen. Hala ere, harreman berezia mantentzen nuen honekin, ordurarteko entrenatzaile bat berarekin ere izan ez nuen harremana. Mirespena nion.

Hala ere, ez nituen minutu asko jolasten. Beti izan nahiz nahiko errealista (edo hala uste dut) eta ez dut inoiz hau ulertzeko arazorik izan. Hamaika jokalarik osatzen dute taldea eta zeu horien artean ez bazaude, entrenatzaileak zeu baino hobeak diren beste hamaika lagun daudela uste duelako da. Jakina da baita ere, entrenatzaileek huts egiten dutela eta egoerak aldatu egiten direla denborarekin. Horregatik, banekien gogo guztiz entrenatzea besterik ez nuela. Entrenatzailea ohartzen zen nonbait minutu gutxi jolasten nituela (oso talde ona izanik, garesti zeuden minutuak) eta gehiago merezi nituelakoan edo, denboraldi amaieran ospatzen zen bazkarian (aipaturiko bi elkarteko talde guztiak batzen ginen bazkari honetan eta sari banaketa egiten zen talde bakoitzeko jokalari onenaren eta goleatzaile nagusiarentzat) jokalari onenaren trofeo bat eman zidan. Ez zen trofeo "ofiziala" (Haritz Arregirentzat izan ze hau, guztiz merezita) izan, baina, hura inork nigatik egin duen keinurik ederrenetarikoa izan zen. Negar egin nuen. Guztiz bete ninduen hark. Batere arrastorik izan ez eta taldeari eskainitako leialtasun, lan, gogo eta sakrifizioagatik saria jaso nuen. Beharbada ez nuen merezi, edo beste batzuk neuk bezainbeste mereziko zuten, baina, Gontxak hala nahi bazuen... ez nintzen ni izango saria onartuko ez zuena.

Hori gutxi balitz, hurrengo denboraldian Gontxak berarekin nahi ninduen eta ohikoena bigarren urteko kadeteak ginenok Zarautz K.E.-ra pasatzea bazen ere (Kadeteen Ohorezko Liga), bere taldean mantendu ninduen Iraitz, Joel, Valen, Eñaut, Kali... rekin batera (barka berriro ere norbait ahazten bazait) urte bat gazteagokoekin jolastera pasatuz. Esan beharra dut, lehen unean ez nuela begi onez ikusi, ez baitzaio inori gustatzen bizitza osoko lagunengandik banatzerik, futbolean jolasteko bada ere. Hala ere, denbora gutxi behar izan nuen Gontxa jaunaren asmoaz ohartzeko. Zaila izango nuen "goiko" ekipoan jolastea, beraz, "behean" egonik minutu gehiagoz gozatzeko aukera izango nuen. Bigarren keinu ikargarria. Maila galdu genuen. Hala ere, gozatu egin nuen, denboraldiko minutu guztiak (literalki diot) jolastu nituen. Gainera kapitaina nintzen. Gontxarekin nuen harremana asko estutu zen urte honetan. Uste dut gustura zegoela ni taldean edukitzearekin, neu behintzat hala nengoen berarekin. Futbolari gisa zerbait izatera heldu banaiz, urte ari eta bertan ikasitakoari esker izan da.

Hurrengo denboraldiari begira, elkarteek, harremana haustea erabaki zuten, nork bere bidea egiteko asmotan. Gatazka sortu zen orduan. Nire adinekoei dudak zituzten buruan, zein talderekin jarraituko zutenaren inguruan. Nik ez nuen dudarik. Antonianorekin jarraituz gero, Gontxa izango zen entranatzailea. Esan dudan bezala, ez nuen dudarik. Gontxak bakarrik, orduan Zarautz K.E.-an zeuden guztiek baino gehiago eman zidan. Gontxarekin zorretan nengoela uste nuen eta ahal nuen guztia egin nuen talderako lagunak biltzeko kanpainan. Ondo atera zen. Gehienek nire bidea egin zuten. Harro nago. Diodan bezala, orduko zuzendariek merezi zuten horrelako "kolpe" bat. Izan ere, ez nuen ontzat ikusten jokalariekiko zuten lehentasun-politika. Hala ere, ez naiz eremu horretan sartuko. Gauza zera da, sekulako taldea osatu genuela. Hurrengo bi urteak ikaragarriak izan ziren. Hain onak izan ziren, non, deskribakaitzak zaizkidan. Gontxarekin nengoen, betiko lagunekin negoen berriro ere (gehienekin behintzat) eta futbolaz gozatzen nuen, giro on, lasai, sano eta aldi berean konpetitibo batean. Gailurra izan zen niretzat. 2000 oroitzapen on gordetzen ditut garai haietatik, zein baino zein hobea. Partiduetako uneak, entrenamenduetakoak eta nola ez afarietakoak. Futbol talde bat baino gehiago izatera heldu ginela uste dut. Eta Gontxa gutako bat gehiago zen. Gozatu egiten zuen. Ezagutzen dut Gontxa eta badakit urte haietaz ezin zezakeela ezer txarrik esan.

Azken urtean, denboraldi on bat burutu ostean, igoera faserako sailkatu ginen. Bertan ere txukun samar moldatu ginen eta zuzenean igo beharrean joan-etorriko bi partidu jokatu behar izan genituen gure helburu berarekin zebilen Sanse (Donostia) taldearen aurka. Lehen partidua beren etxean; 2 - 2. Dena azken partiduan erabakiko zen. Dena aurpegiz genuen, etxean jokatuko baikenuen, gure afizioaren (txapela kentzeko modukoa) aurrean, ezagutzen genuen zelaian eta sekulako motibazioarekin. 3 - 0. Erraz. Epaileak partiduaren amaiera adierazi zuenean ez nuen sinesten, pare bat minutu behar izan nituen asimilaziorako. Ondorengoa festa izan zen. Txanpaina, besarkadak, oihuak, argazkiak... Gontxa besarkatu nuela bakarrik oroi dezkatet. Festa gehiago. Polita benetan.
Diario Vasco egunkariak ataltxo bat eskaini zigun gainera; ikus atala!

Gontxak eragin handia izan du nigan, ikusten duzuen bezala, eta asko ikasi dut beragandik. Hasiera batean urtebetez izango nuen entrenatzailea zen. Azkenean... entrenatzaile lau urtez, lagun, irakasle, parrandakide eta inoiz izan ez dudan anaia zaharra izaten amaitu du.

Azkenaldian lesio batean murgilduta dabil eta oker ez banabil pasa den asteartean (apirilaren 15a) operatzen zuten. Ez dut berarekin egoteko betarik izan eta bai gogoa, izan ere, bada denboralditxo bat elkarrekin ez gaudela. Kontzeru baten falta somatzen hasten naiz... torreoyan eo... iwal dik nun... baina beti re Antonianon izenian!!!

¡¡¡ANTONIANO ME ENAMORÉ DE TÍ!!!

No hay comentarios: