
Duela aste batzuk, Oier Mees-en dei bat jaso nuen, non, elurretara joateko eskaintza egiten zidan. 54 euroren truke, Astún-eko (Aragoi) estazioan 3 egunez (abenduaren 27, 28 eta 29) gozatu ahalko genuen. Behin baldintzak jakin nituenean (3 egunetarako Forfait-a, otordu guztiak barneratuta, 2 gauetarako estalpea...) anaiari, gestioa egin ziezadan eta nire izena eman zezan eskatu nion. Honek, eskatutakoa egin zuen. Materiala neure kontu geratzen zen, baina hori ez zen arazo Joel-i esker.
Hala ere, kontu honek, bi gai gatazkatsu ditu. Lehena zera da, Zarauzko Gaztelekuak antolaturiko irteera dela, erakunde arrotza nire hurbileneko lagunentzat (niretzat barne). Bigarrena berriz, abenduaren 29, San Mames futbol zelaian, Euskal Herria - Catalunya norgehiagoka ospatuko dela, selekzio nazionalen ofizialtasunaren aldeko jaialdian. Ospakizun berari lotuta, Gozategi (David Gorosperen taldea) eta Betagarri talde famatuak arituko dira. Sekulako amorrua eta pena ematen dizkit azken ekitaldi hauetara (partida eta bi kontzertuak) ezin joan izanak. Hori gutxi balitz, zenbait lagunek gaua luzatu eta parranda ederra bota ostean Komando Bizkaiaren etxean geratzea erabaki dute.
Guzti honekin ere, ikaragarria da, urtebete eta gero, elurretara joateko dudan gogoa. 3 edo 4 aldiz izan naiz aipatutako estazioan eta oso handia ez denez (40 kilometro eskiagarri inguru) nahiko ondo ezagutzen dut. Orain, kondizio metorologikoak onak izan daitezen esperotzea bakarrik geratzen zait. Dena ondo bidean, pistetan behera arituko gara hurrengo asteko osteguneko lehen orduan.
Besterik gabe, Bilbora joango diren lagunei ondo pasa dezatela aholkatu eta etxea zaindu dezatela eskatu nahi diet.
P.D: Uste dut, ez dela esan ere egin behar egingo dudan kirola Snow(boarding)-a dela.

No hay comentarios:
Publicar un comentario