2008/06/30

Riiiiiiiinnnnnnng!!!

Bi hilabete baino gehiago izarrekin ametsetan. Bada zerbait.
Gauza asko jazo dira, noski, hura amestu nuenetik. Onak batzuk, txarrak besteak. Ikasteko asmo sutsuarekin utzi nion blogean idazteari. Nire orduko fedean, ikasten emango nuen denborarekin ez nuen bertan idazteko betarik izango. Eta izan dut bai, betarik. Nahi baino gehiago gainera.
Gauza askorekin topatu naiz ikasteko garaian. Gogo falta, motibazio eza, benetan ikasteko ohitura gabezia eta izutzerainoko materiarekin topatu naiz, besteak beste. Ondorioa, emaitza txarrak. Oso txarrak esango nuke. Uda jadanik, hainbeste desiotako uda. Zertarako eta inoiz baino gehiago ikasi behar izateko! Beno, kolpeak eta igaroko dudan uda ez hain onak eskarmentutzat balioko didatela espero dut behintzat, hurrengo urtera begira. Irailean ikasgaiak gainditzeaz gain, "egunero" ikasteko ohitura hartzea lortuz gero lorpen handia izango da. Hala ere, ez da erraza izango. Baino beno, oraindik garaiz nagoela uste dut. Esan bezala, ikasgaiak gainditzeko sakrifizio maila igo beharko dut, ordu gehiago sartuz eta lan gehiago eginez. Jende askori ondo doakio azterketa aurretiko "astetxoarekin" eta beharbada duen inteligentzia mailarako, ikasteko gaitasunerako edota burutzen dabilen ikasketen zailtasunerako (denetik egongo delakoan nago) nahikoa zaio. Ni orain koturatu naiz, niretzat ez dela nahikoa.
Ildo honetatik jarraiki, kritika txiki bat egin naiko nuke, zuen baimenarekin. Pixka bat nazkaturik nauka, azken urte honetan, nire "karrerak" jasaten dituen mespretxuak entzun behar izateak. Ez dut zehazki inor akusatu nahi, orokorreak hitz egiten dut. Entzuten dudan gutxiespeneko komentario orok biziki mintzen nau. Garbi utzi nahi dudana zera da, Biologia ikasten nabilela. Bost urteko Lizentziatura dela. Oraindik "amaitu gabe" dagoen zientzia bat dela. Bizia aztergai izanik, gauza konplexuak (bizia ezean, zer da konplexuagoa?) dituela bere baitan. Beste zientzia batzuetan ez bezala (Matematika, Fisika, Kimika... -hauek dira gehienbat ezagutzen ditudanak-) zaila izaten da orokortasunak bilatzea, hau da, multzo bati egotziko zaizkion legeak edo arauak finkatzea. Horregatik asko adarkatzen den zientzia da. Kasuan kasuko klase, ordena, familia, genero, espezie, barietate, arraza... aztertu behar da, eta sinets iezadazue, badira batzuk! Ez dut inola ere beste zientziarik (edo ikasketarik, orokorrean hitz eginez gero) gutxietsi nahi, baina bai Biologia haien parean jarri. Bizkarrean kolpetxoren bat emango nioke gustura, "animalituak ta landariak" ikasten ditugula dioenari (ahoan iribarre bat duela normalean). Eta ikusaraziko nioke hitz tentelok ahoskatzeko beharrezkoak izan diren prozesu biologiko guztien konplexutasuna berak seguraski inoiz imaginatuko lukeena baino altuagoa dela, eta gu haiek ikasten saiatzen garela. Eta esango nioke, baita ere, Biologoa den, eta egungo telebistako programa arroxa anitzetan agertzen den, pertsonaia "maitagarri" bat erabiliz gutxiespena egiten duenari, beharbada bera dela karrera hauxe ateratzeko gai izango ez litzatekeena, eta ez noizean behin telebistan agerraldi bat edo antzerki moduko muntaia bat eginez bizimodu oparoaz gozatzen duena.
Barkatuko nauzue, baina, barrena hustu beharrean sentitzen nintzen. Eta behin hau esanda eta horrelako jendea (telebistako kasposoak alegia) espetxeratu beharko litzatekeela argi utzita, ezer gutxirentzat dut astia. Baditut asmo ugari uda honetarako. Batzuk musikarekin lotuak, beste batzuk kirolarekin, besteak ikasteko planteamenduaren exekuzioarekin, beste batzuk parrandarekin... eta batenbat izarrekin noski!
Besterik gabe, idazten jarraitzea espero dut, zuen bisita fidela amaitzen ez den bitartean behintzat. Zaindu zeuona dena eta zorterik onena guztioi, ikasleei bereziki, uda gogorra baitator. Nirea hala izango da behintzat...

More news as soon as I can!