2008/02/26

www.myspace.com/iparhaizea


Agur bero bat;


Azken egun hauetako batean, taldeko batek, berri pozgarri bat eman zidan; IPAR HAIZEA-ren MySpace-a eskuragarri zegoela dagoeneko. Egia esan behar badut, ez nekien berau egiteko asmorik zegoenik ere, baina, bertan sartu ostean, berria emendik zabaltzea erabaki dut. Orrialde honetatik talderen abestiak entzun daitezke, deskargatu beharrik gabe. Horretaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen ditu, beraz, sartu eta eman iritzia!


Sartzeko egin klik estekan: www.myspace.com/iparhaizea


Hemendik aurrera, hau ere, eskuragarri linketan.


Taldean gauzak nahiko ondo doazela ikus dezakezue beraz, edo hala uste dut nik behintzat. Gainera Aitor kitarraren ausentzia aprobetxatuz dagoeneko pil-pilean ditugun abestiak grabatzea espero dugu. Ea aukerarik izaten dugun zerbait polita egiteko.


Lastima, bihotzeko taldeataz gauza bera esan ezina... GORA SKASTI!!!

Hala ere, SKASTI soraluzen izango da entzungai, ostiral honetan, bertako gaztetxean emango den kontzertuan. Kontzertuan, herriko "Junzai Txetxera" taldearekin batera arituko dira. Ez legoke soberan talde honek erakutsi duen anaitasuna eta tratu ona goraipatzea. Eskerrak beraz.


Besterik gabe, bertan elkar ikusiko dugulakoa... adio.

2008/02/18

Aitortzen dut; haseran jolas soil bat zen... (Latzen - Laztana)


Iepa lagunak! Zer moduz gabiltza? Ondo, espero dut. Ni ere halaxe nabil. Oraintxe amaitu dut etxeko komuna egiteaz. Lehengo astean tokatzen zitzaidan, eta egin ahal izan ez nuenez, gaur egin behar izan dut. Gero, nire logelari pasadatxo bat eman eta ordenagailuaren aurrean eseri naiz, zuei nire berri emanteko asmoz. Inspìrazio gisa Latzen taldearen Kontzientzia Ala Infernua diska jarri dut. Une honetan Laztana abestia... ziur gehienak ezagutuko duzuela.


Azken aldi honetaz askorik ez kontatzeko. Beno, lehenik, lauhilekoa bukatu den aldetik eta berria hasi denez, ikasgai berriekin hasi naizela; Animalien eta Landareen Zitologia eta Histologia-k ederra zirudien hasiera batetik eta hala izaten jarraitzen du. Irakaslea den bezalakoa izateak asko laguntzen du. Izan ere, modu antolatuan eta ulerkorrean irakasteaz gain, giro erlaxatua sortzen laguntzen du. Ibon du izena, 35 urte inguru dituela esango nuke eta "Bakixotarra" denez, bizkaitarrez mintzatzen da. Gaiak berak ere interes handia pizten du nigan, beti atsegin izan baitut zelula mailako Biologia, hau da, zeluletan zer gertatzen den, eta hauek elkarrekin nahiz ingurunearekin nola jokatzen duten, aztertzen duen Biologiaren zatia. Bigarrenik, Botanika; hiru irakasgaietatik zailena egingo zaidala esango nukeena. Orain arte, landareen inguruko ezagutza gutxi neureganatu ditut, bai interes faltagatik, bai eta aurreko kurtsoetako landareei buruzko temario eskasgatik ere. Horregatik, lan ugari egin beharko dudala uste dut, ikasgai honi dagokionez behitzat. Hainbat landareen latinezko izena ikasi beharrak ere ez nau gehiegi ilusionatzen. Hala ere, gauza txar hauen guztien artean bada ona denik ere. Irakaslea, Isabel, gipuzkorra dela, eta, gainera, euskara onean irakasten duela. Hala ere, honen jokabidearen eta irakasteko metodologiaren nondik norakoa interpretatu ezinik nabil oraindik. Ea denbora pixkat bat gehiago daramadanean... Azkenik, Zoologia. Egia da, animalien mundua, ez zaidala landareena bezain arrotza egiten, beraz, alde horretatik, erosoago arituko naizela uste dut. Irakasleak Ana du izena. Berezi samarra dirudi, janzkera bereziagatik batez ere, baina, pertsona ona dela ematen du. Ea pertsona bezain irakasle ona den. Ikusi egin behar.


Bestalde, Osteguna, greba eguna izan zen. Ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak aldarrikatu zuten greba honetan, Euskal Herriko langileen lan-uztea bultzatu nahi zen, aipaturiko orientazio politikoak azken egunotan jasan dituen ilegalizazio formako erasoak salatu asmoz. Horretaz gain, EHU-ko ikasle guztien azterketak ofizialki amaitu ondorengo lehenengo ostegun zen. Arrazoi orregatik, klasekideok, afari bat antolatzea erabaki genuen. Orokorrean nahiko ondo joan zela esan daiteke. Egian esan, janaria ez zen batere ona izan, eta klasekideren batek esan zidan bezala, ezin aldera zitekeen aurretik eurek (nik ezin izan nuen joan, gidabaimena ateratzekotan bainenbilen) egin zuten afariarekin. Hala ere, niri giroa gustatu zitzaidan. Lasaitasuna arnasten zen, laguntasuna... Txiste batzuekin gozaturiko afaria izan zen gainera, Markelen eskutik hauetariko asko. Amaitu ostean, Iturribideko Ekaitz Borda-n egon ginen. Bertan musika ona entzun ahal izan genuen eta beranduago, giroz aldatzeko gogoz, Kafe Antzokira hurbildu ginen. Dantza gogotik egiteko aukera izan genuen bertan. Argiak piztu eta bidali gintuztenean, azken taberna bateko giroa dastatu genuen eta jarraian etxera erretiratu nintzen, ordu gutxi barru klasera joan behar bainuen.


Bilboko berrietatik at, badira eman nahi ditudan beste bi. Lehena, SKASTIk, Otsailaren 29an, Ostirala, emango duen zuzenekoa. Ordua eta beste taldea(k) zehazteko daude, baina zera ziurra da, Soraluzeko Gaztetxean izango dela, beraz, anima zaitezte! Ildo beretik jarraituta, hurrengo egunean, IPAR HAIZEAk, eskainiko duen kontzertuaren berri eman nahiko nuke. Hau, Elgoibarko Gaztetxean izango da, Martxoaren 1ean, GARABI talde zarauztarrarekin batera. Lehengoarekin egin dudan bezala, gonbidaturik zaudetela jakinarazi nahi dizuet. Ikusten duzuenez, Ska nahiz Heavy doinuekin gozatzeko eskaitza paregabea izango duzue bi astebukaera barru.


Azkenik, opari gisa, Ipar Haizearentzat konposaturiko beste abesti bat. Zuen gozagarri izango delakoan:


IPAR HAIZEA – INFERNUAREN BEROA

Jaio garen unetik, bedeinkatuak gara, norena izan ote da erabakia?
Artaldearen parte, burua galdu arte, norena izan ote da erabakia?

Jaungoikoaren menpe, askatasunik gabe, inposaturiko botereari men eginez.
Ezberdina den orok, zigortua behar du, muntaiaren gainbehera eragin ohi baitu.
Askapenaren helmuga, goiko zerua omen da.
Ez zarete konturatzen infernua nahi dugula?!

Fedeaz baliatuz, ondasunak handitu, elizaren enpresak ateak zabaltzen dizkizu.
Gaixotasun ugari, ekidin ahalko ziren, morala arrazoiaren aurretik egongo ez bazen.
Askapenaren helmuga, goiko zerua omen da.
Ez zarete konturatzen infernua nahi dugula?!

Gurutzada Santua, santu gurutziltzatua, hainbat urtez iraun duen inkisizioz.
Egungo sarraskiak, Palestina gaixoan, erlijioaren izenean eginikoak.
Epaiketari beldurra, hildakoan zer ote da?
Etor zaitezte gurekin infernuaren berora!

Infernuaren beroa, infernuaren beroa…

2008/02/06

Terapia


Azterketak amaitu ditut eta hemen naiz, agindu bezala, ene blog honi jarraipena eman asmoz. Garai arraroa bizi izan dut azterketek iraun duten bitartean. Lizentziaturako lehenengo urteko lehenengo ebaluazioan, inoiz baino gehiago ikasiko nuela uste nuen, eta hala beharko luke, baina, ez da horrela izan, ezta gutxiago ere. Azterketen artean inoiz baino denbora gehiago edukitzeak, inoiz baino "lasaiago" egotea eragin dit. Ez nago batere gustora ikasitakoarekin, eta azterketekiko palteamendu txarra egin dudala uste dut. Momentu honetan, eginiko lau azterketetatik biren emaitzak ezagutzen ditut, Kimika eta Geografia Fisikoarena, biak ala biak gaindituak, 5.0 batekin lehena, 6.6 batekin bigarrena. Beste bi emaitzen zain nago, lauhillabete honetan sei ikasgai banituen ere, falta diren biak gainditzeko saiakera aurrerago egitea erabaki baitut. Beste hitz batzuetan esanda, sei azterketa eduki eta laueatara aurkeztu nintzen, Matematika eta Bioestatistika utzita. Uda honetan lan gogorra edukiko dudala ikus dezakezue beraz, irailean, kasurik honenean, bi azterketa gainditu beharko bainituzke (nai izanez gero behintzat). Emaitzak direnak direla ere, eskarmentu gisa balioko didatela uste dut, orain konturatzen bainaiz honek ezin dezakela horrela jarraitu. Bezperan ikastearekin nahikoa zeneko garaiak pasatu dira jada.

Nire gogoetaren nondik norakoa azalduta, bigarren lauhilekoak nahiko motibatzen nauela esan nahi dut, hiru ikasgai soilik edukitzeaz gain, azkenean, biologiarekin zerikusia dutenak baitira, Botanika, Zoologia eta Animalien eta Landareen Histologia eta Zitologia.

Normala den bezala, gero eta gusturago nago gelakideekin, gero eta gehiago ezagutzen baititut eta gero eta konfidantza gehiagoz aritzen baikara. Garai batean deskribatu nizkizuenez gain, jende gehiago deskriba dezaket orain. Era laburrean egiteko...
Ane Posada: Bedian (Bizkaia) jaioa, 1989an. Garaiera baxukoa eta gorpuzkera txikikoa. Ilehoria. Umilla, alaia, jatorra, oso eskuzabala, lotsati ukitu bat duena... buru bizkorrekoa, txantxazalea. Egia esan behar badut ez dakit nola ezagutu genuen elkar, baina, badakit, denbora gutxian, konfidantza handia egin dugula. Datorren ostegunean, otsailaren 14ean, autoko gidabaimena eskuratzeko azterketa praktikoa du, beraz, zorterik onena opa diot.
Maider Beitia: Gasteizen (Araba) jaioa, 1989an. Garaiera arruntekoa. Ile iluna, aurpegi liraina. Alaia, jatorra... egoera zailek erraz urduritzen dutenetakoa. Bizia. Esaten dituenak baino gauza gehiago pentxatzen dituela dirudi. Edozertaz lasai hitz egin daiteke berarekin.
Eva Gonzalez: Hernanin (Gipuzkoa) jaioa. Garaiera arruntekoa baita ere. Ile beltza. Oso motza. Lotzagabe kutsua du. Arrazoia duela uste badu, jakinarazi arte isiltzen ez den horietakoa. Irekia, jatorra... Pasa den astelehenean (otsailaren 4ean), Iñauteri eguna zela eta, futboleko jokalariz mozorrotuta azaldu zen azterketara. Ekintza honek deskribatzen du ondoen. Aipatekoa da, duela urte batzuk, udaleku berean egon ginela, 11-12 urte genituenenan.
Nekane Ibarretxe: Llodion (Araba) jaioa. Aurreko bien garaierakoa. Ile iluna du, beti ondo orraztua. Isila, hitzak asko neurtzen baititu. Beharrezkoa zaionean soilik egiten du hitz. Hala ere, oso jatorra da eta noiz behinka barreren bat edo beste ihesten zaio.
Alex: Orion (Gipuzkoa) jaioa, 1989an. Altu samarra eta gorpuzkera sendokoa. Bigarren mailako ikasketak zarauzko Antoniano Ikastetxe Politeknikoan burutu zituen, beraz, nire hainbat lagunen gelakidea izan zen. Oso jatorra. Berezia. Irekia, baina, aldi berean, lotsati kutsua mantentzen du. Eskuzabala. Horren erakusgarri, Alan eta nirekin lehengo astean izan zuen keinua; azterketara sartu aurretik, guregana hurbildu eta, nahi izanez gero, hau amaitu ostean, zarautzera autoan eraman gintzakela esan zigun. Hala izan zen.
Ane Olazabal: Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, 1989an. Bigarren mailako ikasketak Donostiko "La Salle" ikastetxean burutu zituen, nire lagun Alfonso Aduna eta Jorge Aranbururekin batera. Neu baino zertxobait baxuagoa. Ilehoria. Aurpegi lerdena. Irekia. Oso urduria, gainontzekoak urduritzeko bezain urduria. Alaia. Gela berdinean bagaude ere, Messenger-aren bidez egin dugu konfidantza.
Diego Lopez: Bizkaitarra. Nahiko baxua. Ile kizkurtua. Lehenen begiradan harroa iruditu zitzaidan, lagunekin hitz egiten zuen moduagatik. Pixkat gehiago ezagutu dudanean ordea, guztiz erratzen nintzela ohartu naiz. Bere izateko (eta hitz egiteko) era horrelakoa dela ulertu dut. Gainera, behar izan nuen batean, azalpen bat eman zidan, bere borondate onenarekin.

Lehengoan esan nuen bezala, jende asko geratzen zait oraindik ezagutzeko. Hala ere, ezagutzen dudan jende gehiago badago nire klasean, baino, guztiak deskribatu nahiko banitu, denbora asko beharko nuke.

Agindu nuen beste gauza bat zera izan zen, etxe berrian egonkortzen nintzenean hemen azalduko nuela. Bi hilabete igaro dira eta uste dut prozesu nagusia pasa dela, eta ondorioz finkaturik aurkintzen naizela "kaiola berrian". Hala ere, denok ezagutzen dituzue (edo imagina ditzakezue) etxe aldaketa batek dituen arazoak. Horregatik, oraindik ere, denborarekin osatuko diren txikikeriak geratzen dira, baina, ezer garrantzitsurik ez.

Behin zuekin nituen zorrak kitaturik, nire bi musika taldeek, SKASTI eta IPAR HAIZEAk eragin dizkidaten bizipenak kontatu nahi nizkizueke. Lehenak albiste txarrak dakartza oraingoan. Egun batzuk atzera, entseatzeko genuen lokalean sartu eta bertan genituen bi anplifikagailuak lapurtu zizkiguten. Bien artean ia 1000 euroko balioa zuten. Uste dut, une hontan sentitzen dugun inpotentzia eta etsipena ulertzeko gai izango zaretela. Anplifikagailuez gain, kitarraren distortsio-pedala, mikrofonoak, kableak... eraman dituzte. Taldea, momentu on bat pasatzen ari ez zenean, jipoi honekin "zigortua" izan da, egoera asko okertuz. Izan ere, kontzertuak emateko esakerak jaso ditugu, Soraluzetik esaterako, eta taldekiedeok bertan jotzeko gogo ikaragarria badugu ere, oso zaila izango da. Ea guztiok taldeagatik lan apur bat gehiago egiten dugun eta egungo egoera gainditzea lortzen dugun. Nire talde berriak aldiz, poz bat eman zidan orain dela bi aste, urtarrilaren 25ean, hain zuzen. Egun honetan Idiazabalen emanaldi bat egitera deituak geunden, bertan ospatuko zen "II. Pop-Rock Lehiaketa"-ren finala zela eta. Esan beharra dut, lehendik Aitorrek (kitarra) bidalitako grabazio batzuei esker sailkatu ginela aipaturiko finalerako. Zortzi talde ginen finalean. Gure ordua iritxi zenean eszenatokira igo eta lau kanta jo genituen (horietako bat neuk konposaturikoa zen gainera), ezin baikinen denbora mugatik (15 minutu) pasa. Eszenatokia oso txikia zen, lehiaketaren izaera kontutan hartuta, eta talde gehienek bertan kabitu ahal izateko arazoak izan genituen, baina, guztia bukatu zenean, antolatzaileetariko bat igo zen, hurrengo urterako hobekuntza planak daudela argitzera. Hobe horrela, lehiaketak askoz maila altuagoa lor baitezake, nire ustez. Jarraian, epaimaiaren epaia jakinarazi zuen mikrofonotik. Hauen ustez 3. talderik onena izan ginen, 94 punturekin, lehenengoarengandik eta bigarrengoarengandik 5 eta 2 puntura, hurrenez hurren. Hala ere, bertan bildutako entzuleek ere eduki zuten zeresana, papertxo batzuen bidez, euren ustez talderik onena zenari (edo ongien egin zuenari) beren bozka eman ahal izan baitzioten. Papertxoen zenbaketa egin ostean, talderik bozkatuena izan ginela jakinarazi ziguten. Horri esker, datorren urteko Idiazabalgo San Blas jaietan kontzertua eman ahal izango dugu. Hala ere, sariagandik aparte, harro egotekoa da entzuleen talderik gustukoena izatea, noski baietz. Hala ere, hurrengo urtean, jaietan kontzertua emateaz gain, "III. Pop-Rock Lehiaketa"-ko finalerako sailkatu eta hau irabazten saiatuko gara, horixe baietz. Goierriko Hitza-k artikulu bat idatzi zuen lehiaketaren inguruan. Hemen klik eginez irakur dezakezue.

Albiste pozgarriekin jarraitzeko, Ibanen egoeraren hobetzea aipatu behar dut. Geheinek jakingo duzuen arren, Iban, komatik irten eta etxera bidali zuten hobekuntza ikusirik. Gainera, memorian arazorik aurkitu gabe egin dute. Denbora gutxi barru istripuaren aurretik bezain ondo, edo hobeto egotea espero dut, horrela amaituko baita susto galantarekin hasi zen istorioa.

Nire komandokideez hitz eginez bukatzen joan nahiko nuke. Azterketak bukatu dituzte biek eta nork baino nork emaitza hobeekin. Hala ere Itu-taz arituko naiz, Adrianen berri jakin nahi izanez gero, bere "ahotik" eta lehen pertsonan jakin ahal baitezakezue FROM BILBO WITH LOVE blogaren bidez. Nioen bezala, emaitza onak lortu ditu Itu-k, 8.8 adibidez, Kalkulo deituriko ikasgai "tentagarri" batean. Hala ere, bi ikasgai irailerako utziko dituela uste du. Ea zorte aupur batekin bietakoren bat (edo biak) gainditzea lortzen duen, eta bestela, ez dio axolarik, ziur bainaiz bigarrengo deialdian aterako dituela.

Beste gauza asko idaztea gustatuko litzaidake; azterketen garaiak iraun duen bitartean eginiko gogetak, futbolari loturikoak, Bilboko gau giroan igarotako beste Ostegun bat... baina, astunegia egingo zenez, aurrerago egingo dudala uste dut. Hobe guztiontzat. Gainera bisita kopurua ikusita (1000tik gora, Ai ama!) suposa dezaket orain arteko dinamika atsegin duzuela, beraz hala jarraituko dut.
Besterik gabe, agur bero bat irakurle orori, eta eskerrik asko nire Terapiaren (hemendik izenburua) parte izanik laguntzen nauzuen hoiei. Azkenik, besarkada berezi bat, kanpoan ikastearen erruz, geure artean ez zaituztegunei. Faltan botatzen zaituztegu.

Ondo bizi!

P.D: Argazkian, Antoniano K.E.-ren jubeniletako taldearen argazkia, 2006-2007 denboraldian "Jubenilen Ohorezko Maila"-ra igoera lortu zuenekoa.
P.D.2: Barka, hala eta guztiz ere luzeegi idatzi badut.