“Antxus, zuri ez zaizkizu animaliak gustatzen?” To, galdera! Ez
nuke jakingo erantzuten. Eta, batez ere, ez dudalako jakiten galdetzen didanak
zein zentzutan galdetzen didan. Ez
dakit nire kabuz pentsatutako erantzun pasional bat ematen, “bai, ikaragarri”
kasu. Beti pentsatzen dut bost urtez Biologia delako gaietan lizentzia ofiziala
eskuratzeko ahaleginetan ibili izanak arrastoa utzi beharko lukeela nire
erantzunean. Eta, beharbada, ez luke zertan; baina ezin dut ekidin. “Ez
bereziki” erantzun ohi dut, solaskideak nire “lizentziaren” berri baduela uste
badut. Ze, hala bada, neurriko erantzuna nahiko du; eta, hausnarketa eragitea
maite dudanez: hartzank!
“Biologia ikastera sartu huen, animaliak ‘bereziki’ gustuko
izan gabe.” Ideia horrekin gelditzea aukera bat izan ohi da solaskidearentzat,
eta ez da gutxi! Hala ere, 10 puxtarri izango lituzke “zergatik egin zian,
orduan, aukera hori?” pentsatzera iritsiko litzatekeenak.
Azal nadin: hasteko, animaliak ez zaizkit niri gustatu behar,
ez daude horretarako. Hor daude, besterik gabe. Drogak bezala. Eta euren
jatorriaz eztabaida luzea izan genezake. Baina ez da hori kontua.
Zientzialariek eta zientziafiloek A esango dute eta erlijiolariek eta erlijiofiloek
B. Bidenabar derradan, A eta B ez direla beti aurkakoak eta elkarren
baztertzaile. Baina, tira, jatorriak jatorri, hor (hemen) daude eta kitto.
Jarraitzeko: animaliak bezalako talde taxonomiko (bizidunen
taldekapen zeintifikoak taxonomia izena du) handia horrelako erraztasunarekin
definitzeko ahalmenak harrituta uzten nau (uler “definitu” zentzu hertsian;
hots, “mugatu”-ren baliokide gisa) . Eta, “kiskilloso” bat naizela pentsa
dezake norbaitek; baina ulertu bost urtek askorako ematen dutela. Animalia
kontzeptuaren definizio zurruna dutenen aurka, biologiaren (zientzia dinamiko
gisa) erronka nagusietakoa da, gaur egun ere, definizio hori fintzen joatea.
Eta hala izango da, mundu hau konpartitzen dugun izakion zerrenda osotik gero
eta zati handiagoa ezagutzen dugun heinean.
Ikerketek diote, animalien erreinuko indibiduo lurtar guztien
artean zoriz bat aukeratuko bagenu, intsektua izango litzatekeela %99.99ko
probabilitatearekin. Eta, pentsa (ehunekotan nahi baduzue), munduko zoologo
guztien artean zenbat dira entomologoak? Gutxi. Izatez, ni biologo gisa
lizentziatu naiz Entomologia ikasgaian matrikulatu ere egin gabe. Hautazkoa
zen. Animaliak gustatzen zaizkit?
Mota guztietakoak ikusi ditut, liburuetan bada ere: handiak,
txikiak, luzeak, meheak, oso txikiak, indartsuak, ziztatzaileak, hilgarriak,
pozoitsuak, azkarrak, oldarkorrak, isilak, marrukariak, itsaskorrak,
estrangulatzaileak, hegalariak, beroak, hotzak, gautarrak, mimetikoak,
animaliak ere ez diruditenak.... eta animaliak gustatzen zaizkidan galdetzen
didazu?
Animaliek beldurra eragiten didate, lasaitasuna, alaitasuna,
tentsioa, enpatiaz jokatzea, ihes egitea, salto egitea, jolastea, oldarkorra
izatea, apala izatea, kantatzea, laztantzea, besarkatzea, borrokatzea... eta
hori da gustatzen zaidana. Animaliekin dudan harremana egunero hobetzen
saiatuz, gizakiarentzat bakarrik ez den mundu honetako ikuspegi antropozentrikoaren
kontra dihardut.
Agian, galdetzen didanak, “abereak” gustatzen ote zaizkidan
galdetu nahi dit berez, eta arazoa lexiko-semantikoa da soilik. Kasu horretan,
hobe ulertzen dut galdera, ze abereak, etxabereak, behinik behin, gizakiak
sortu ditu; batzuen gainean hein handiagoan eragin du, beste batzuen gainean,
berriz, txikiagoan. Alegia, ugalketa bideratuen bidez (gurutzaketak), gizakiak
bere interesak asebetetzeko izakiak sortu ditu Hautespen Antropiko deitu
genezakeen presio “ebolutibo” (ez dakit eboluzio terminoak kabidarik baduen
esaldi honetan) baten baitan. Beraz, testuinguru horretan, hobe kokatzen dut
galdera, ze gizakiaren eskuhartzea balora nezake; gizakiak jarraitutako
metodologia, hartutako erabaki jakinak, gaiaren kudeaketa eta sortutako abereen
gaitasunen inguruko iritzia eman nezake eta, horrek, nolabaiteko eragina izan
lezake etorkizunean (oso txikia bada ere).

2 comentarios:
Oso ona!!!
zemuz dijoa dana??
Sarai
Ondo, ondo! Ikustezunez, noizian behin emateit idazteko arrebatuak.
Zemouz zu?
Antxus
Publicar un comentario