2012/12/12

Animaliekin, bai ala ez?


Etengabe aurkikuntza berriak egiteko gaitasuna du gizakiak. Horietako askok onurak dakarzkiote zuzenean, osasunean esaterako. Eta horietako asko eta asko animaliekin eginiko esperimentazioan oinarritzen dira.

Oroitzen dut biologiako ikasle nintzela euliei proba genetikoak egiten genizkiela; mutazioak eragiten genizkien. Eta gutako inor gutxi zen kexu. Aztoratu egiten ginen, ordea, medikuntzakoek sagu gaixoei egiten zizkietenak entzunda. Baina ez dut uste hura hipokrisia zenik. Hala sentitzen genuen.

Ezin da ukatu aurrerapauso handiak eman direla medikuntzan azken urteotan. Gaixotasun askorentzat sendagaia aurkitu da, eta beste eritasun batzuen sintomak arintzeko farmakoak sortu dira. Garapen horretan ez da nahikoa ezagutza teorikoa, ezinezkoa baita diseinatzea organismo baten fisiologiako aldagai guztiak kontuan hartzen dituen eredua. Bigarren mailako eraginak eta albo-kalteak in vivo aztertu behar izaten dira, ez dadin izan efektu negatiboa positiboa baino handiagoa. Ahal dela bestelako eragin horiek ezabatu egiten dira, jakina, baina horretarako ezagutu egin behar dira. Eta, maiz, ez da hala izaten, substantzia organismo batean probatzen den arte. Froga enpirikoak ezinbestekoak dira, beraz. Hala ere, horrek ez du esan nahi arazo etikoekin topo egiten ez dugunik. Gai honek eztabaida bizia sortu izan du beti.

Nire ustez, eztabaida ez da inoiz bukatuko. Helburuak honakoa izan beharko luke: balore etiko sendoetan oinarrituriko kudeaketa lortzea. Ez dut uste ikerketetan animaliak erabiltzea debekatu behar denik. Izan ere, gizakiak ahal izan duenetik erabili ditu animalia-haztegiak jakien ekoizpena handitzeko. Horrekin bizi-kalitatea hobetu nahi izan du. Eta osasungintzaren helburu nagusia hori da: bizi-kalitatea hobetzea. Beraz, ez dut uste azterketetan erabiltzeko animalien kasua ezberdina denik.

Dibertsitatearen puntutik ere eragina hutsala da. Haztegietan sortutako animalia hauek ikerketetan bakarrik erabiltzen dira, eta horien ugalketa guztiak bideratuak dira, ez naturalak. Beraz, ez du inpaktu negatibo zuzenik ekosistema naturalean. Gainera, laborategiko barietate gehienak ez dira gai hortik kanpo bizitzeko.

Bestalde, tontakeria bat badirudi ere, komeni da presente izatea landareak, bakterioak eta bestelako bizidunak ere erabiltzen direla esperimentuetan. Horiek, ordea, ez dute eztabaidarik sortzen. Hortaz, onartzen dugu izaki bizidunekiko sentsibilitatea euren nerbio-sistemaren garapenaren, gurekin duten hurbiltasun filogenetikoaren eta bestelako arrazoien araberakoa dela.

Ene uste apalean, ikerketa bakoitzaren xedearen oinarri etikoek egiten dute zilegi animaliak erabiltzea. Beste modu batean esanda: kirurgia plastikoan ekarpenak egitera bideratutako ikerketa batek debekatua izan beharko luke sagu bakar bat ukitzea. Nahiz eta gero eta jende gehiagok uste izan kirurgia mota horrek ere onura handiak ekartzen dizkiola gizakiari, autoestimuan-eta. Baina hori beste eztabaida bat da. Aldiz, onar dezakegu sagu batzuk infektatu eta hil izana minbiziaren aurkako farmako bat aurkitzeko. Horregatik, erakunde pribatuek inspekzio zorrotza izan beharko lukete, ez ditzaten esperimentuak irabazi-helburuekin egin.

Bestalde, uste dut animalien eskubideak errespetatzeko pausuak eman behar direla. Historian zehar, gizakiak, ezagutza eskuratzearekin batera, onartu du ondoko familiaren, tribuaren, herriaren, arrazaren... eskubideak bermatu behar dituela. Bide horretan jarraitu beharko genuke, primateetatik hasita, adibidez.

Aipatutakoagatik guztiagatik, ezinbestekoa da beste arloetatik datorren jendeak egindako ekarpena. Horiek, gazteek defintuko dute zein izango den etorkizunean animaliekin dugun harremana. Kontrajarriak izango dira, askotan, medikuaren ikuspuntua, biologoarena, ekologoarena, ekologistarena, farmazialariarena... Baina kontrastatuena da, beti, balio handieneko iritzia.

Azkenik, uste dut galdera zehatzetatik has daitekela norbera bere iritzia eraikitzen. Esaterako, ados zaude ikasleak saguekin aritzearekin? Ez dute aurkikuntzarik egingo esperimentu horiekin, baina etorkizunean bai, agian. Eta saio horietan eskuratutako jakintzaz baliatuko dira. Pisuzko justifikazioa da? Ezin da jakintza bera eskuratu animaliarik sakrifikatu gabe?

No hay comentarios: