Siesta egiteko asmotan sartu nintzen ohera, baina ezin izan nuen. Ideia
mordo batek hartu zuen nire garuna. Nori ez zaio inoiz halakorik pasa? Eredu
sozioekonomikoaren gorabeheren inguruko gogoetak nituen buruan. Telebistan,
irratian, egunkarietan... ekonomiaz aritzen dira, etengabe, kontuan hartu gabe
garun sentikorra dugunok gaindosia izan dezakegula, amesgaiztoak izateraino.
Ez pentsa izan ditzakegun amesgaiztoak arazo ekonomikoaren ondorio
direnik, kausa baizik. Ez pentsa arazo ekonomikoak guztioi sortzen dizkigunik
amesgaiztoak, buruhausteak, langileriari baizik. Ez pentsa sektore horri
osasuna eta hezkuntza bezalako eskubideak urratzea ez denik aurrera jarraitzeko
modua, bakarra ez bada ere.
Ohartu, hain modan dagoen “krisi” hitzaren erabilera saihestu dudala,
aktiboki, eta “arazo” deitu nahi izan diodala egungo eredu sozioekonomikoari;
arazo, behean egotea tokatu zaidalako. Zergatik ez diodan krisi estatusa eman
nahi izan? Oso erraza: ez dudalako uste hitz horrek gaurko egoera azaltzen
duenik. Imajinatu, fenomeno natural baten ondorioz, ondasunen zati bat galdu
dela, eta ekonomia sustengatzen duten oinarriak kolokan jarri direla; kasu
horretan, krisiaz hitz egingo nuke. Baina ez da antzeko ezer gertatu. Gertatu
dena zera da: orain arte hainbeste babestu den kapitalismoa beste fase batean
sartu dela, beharbada, faserik itsusienean.
Adam Smith-ek (1776) bi ideia plazaratu zituen, nagusiki: bat, esan
zuen, ondasunak pilatzeak aukera berriak eskaintzen zituela jendearen
bizi-baldintzak hobetzeko; eta, bigarrenik, kapitalismoan merkatu libreak eta
ekoizleen arteko konpetentziak ekonomia orekara eramaten zutela, eta ez zela
behar bestelako kanpo-erregulaziorik. Lehenengo zatian, kapitalak ekar zezakeen
onuraz mintzatzen zen, jakinda inor gutxik uka zezakeela esaten zuena. Gehiago
sakonduko dut bigarren zatian esandakoan: “oreka” hitzarekin ulertzen zuena ez
zen pertsona batek “oreka” hitza irakurtzean datorkion berdintasun-oreka
kontzeptua. Alegia, kapitalismoak ontzat ematen duen oreka bakarra
piramide-itxurakoa da: goian dagoenak merezi duelako dagoela ikusaraziko dio
azpikoari, eta horrela, etengabe, maila xumeenera ailegatu arte. Maila
xumeeneko kideak tokatu zaion papera betetzea erabakitzen du, maiz, eta lan
egiten du (sistema onartzearekin batera), bizi-baldintza hobeak ekarriko
dizkion goragoko posizioa lortzeko. Horrela, konturatu gabe, kapitalista
bilakatzen da. Langile xumeari goiko posizioetara heltzeko aukera erakusten
zaio, eta baita eman ere. Prozesu horretan, bera baino gehiago duenarekin
zorpetzen da, itsu-itsuan, eta eskubideak galtzen ditu, ohartu gabe.
Zein da arazoa? Kapitalismoaren faserik itxaropentsuenean, maila
xumeenetako kide askok lortu egiten dutela goragoko posizio hori, eta sistemak
orekan egoteari uzten dio. Eta zer gertatzen da orduan? Kapitalismoaren beste
bertsioa azaleratzen da, makurrena: piramidearen oinarria sendotu behar da,
jendez hornitu, horrek mantenduko baitu sistema martxan. Horretarako, gehiengo
langileak eskuratutako bizi-baldintzak (lan eginez, gogoratu) galdu behar ditu.
Normalean, langileari ez zaio gustatzen atzera pausu hori, baina ordurako
galduak ditu eskubide asko eta asko, tartean borroka egitearena. Ohartu,
populazioaren gehiengoa hartzen duten mailetako kideek dutela eskubide gutxien.
Beraz, eskubideak mantentzen dituztenek alarma sortzen dute, esanez ekonomia
gainbeheran dagoela, eta bizi-baldintzak estutu behar zaizkiela langileei,
nahitaez. Langileak, oraingoan ere, bere egiten ditu goragokoaren hitzak, eta
murrizketak onartzen ditu. Hori bai, langile xumeak lehengo kontsumo-tasa
izaten jarraitzen du, goitik inposaturiko eredu kontsumistari jarraiki, ez
dezan orekak eztanda egin, badaezpada ere...

No hay comentarios:
Publicar un comentario