2012/10/09

Etorkinak direla-eta


Barrena jaten dit. Jendeak gorrotoa die etorkinei. Are gehiago esango dut: gero eta jende gehiagok sentitzen du gorroto hori.

Guztion gainean dagoen kisi ekonomikoaren lainoak giroa ilundu du, eta jendearen jarrera gogortzea eragin du zentzu guztietan, alor guztietan. Izatez, norbanakoari bere sudurretik haratago begiratzea ahaztu zaio; helburu eta helmuga bakarra bilakatu zaio gertukoenen ongizatea bermatzen saiatzea, urrunagokoen kaltean bada ere. Horrek, politikan, ‘abertzaletasun xenofoboa’ esan nahi du; alegia, pentsatzea etorkinen xedea bertakoen ongizatea urratzea dela, aberkideen esfortzuarekin eraikitako baliabide eta zerbitzuez aprobetxatuz.

  Ezin dut burutik kendu, hilabete batzuk pasa badira ere, greziako hauteskundeetan gertatutakoa: Urrezko Egunsentia delako alderdi politikoak parlamentuan sartzeko gutxieneko bozka kopurua eskuratu zuen, eta bertako kideak lanean ari dira etorkinak estatutik kanporatzeko egitasmo krudela ardatz. Hiru arrazoi nagusik arduratzen naute aipatutakotik: lehena, ez dela gertaera isolatu bat, europako joera nagusiaren muturreko adierazpena baizik; bigarrena, Grezia krisi ekonomikoa gehien pairatu duten estatuen buruan kokatzen bada ere, Espainia antzeko egoeran dagoela, eta horrek zuzenean eragiten diola euskal herritarron zati handi bati; eta hirugarrena, politikako goi-esfera horietako korrontea kalean ere badabilela.

Azal dezadan bada azken puntua xeheago, horixe baita testua idaztera eraman nauena. Nik uste nuen gaindituta zegoela, nire lagunartean, gai jakin batzuen inguruko eztabaida; bada, azken asteotan bolo-bolo ibili da, nire harridurarako, etorkinen inguruko gaia. Zenbaitek ez du begi onez ikusten kanpotik etorri den inork laguntza ekonomikorik zein bestelako laguntzarik jasotzea, ez behintzat egungoa bezalako egoera batean. Uste dute (nahiz eta hitz hauekin ez esan) bertan jaio garenoi eskubide bereziak dagozkigula; alegia, onartzen dute herrialde jakin batean jaio bazara herrialde horren menpe zaudela, eta, alderantziz, herrialde hori soilik dagokizula zuri... eta bai, barrena jaten dit, batez ere, “aberriaren salbatzaile” sentitzen direlako. Naziek gauza bera sentituko zuten, ziur, ezta? “Ez, guk ez dugu kanpotarrentzat ezer txarrik nahi!” Baina, kontuz, naziena erokeria hutsa zen... “Ez alderatu ni gero bihozkabe horiekin!”, diote. Ja. Hori dioenak, ordea, ez du ikusten gogoz kontra egin behar izaten duela alde etorkinak bere herrialdetik, ez dela kapritxozko erabakia; eta geurean merezi duten bezala hartzen ez baditugu ere, nahiago dutela mugitu. Atera kontuak.

Nire txanda, labur. Herrialdeekiko duten jabegoaren ideia atzerakoia da oso, krispaziora darama gizartea, eta agerian uzten ditu goian aipatutakoa defendatzen duenaren gabeziak. Gabezia horien artean enpatiarena aipatu nahiko nuke, gizarte bakezale batean zinez oinarrizkoa den balore baten gabezia. Horregatik, uste dut hezkuntza-sistemak duela korronte beldurgarri hori gelditzearen ardura: bizikidetzarako oinarri egokiak eraikiko dituen belaunaldi baten sorrera funtsezkoa da. Belaunaldi berri horrek (benetako arazo diren) ghettoak desegingo ditu, eta etorkinek ez dute ‘etiketa’ hori eraman behar izango mugitu diren tokira moldatzeko behar duten denbora baino luzeagoz.

Garai bateko nomadek hau irakurriko balute...

No hay comentarios: