Irailak 19 zituenean izan zen, atzo. Aita konbentzitu
nuen amaren familiak zeraingo herrian duen baserria eta honi dagozkion
lursailak zein egoeratan zeuden ikustera joateko. Elkarrekin joan ginen, autoz,
uda haietan bezala. Baina oraingo honetan ez genuen hilabete osoa emango han;
nahikoa eta soberan izango genuen egun bakarrarekin.
Kotxea
uzteko momentutik aurrerako guztiak iradoki izan zidan zerbait berezia, iragan
oso polit batekin erlazionaturikoa. Egurrezko ate zaharra ireki, leihoak
ireki... eta ataria zein utzita zegoen sufritu. “Hara sarriago joan behar da.”
Betiko leloaren betiko leloa.
Atzoko
helburua ordea ez zegoen eraikinean bertan. Mendian gora ibili behar izan
genuen ene amonaren izenean erregistratutako lursailen bila. Amona alarguna da;
aitona zenarekin ezkondu zen Garro baserrira. Nik lau urte nituela hil zen
aitona Lukas. Ez dut indar nahikoko oroitzapenik bere inguruan. Oso zaharra zen
amona Karmenekin ezkondu zenerako. Amak beti esan izan du “aita-aiton” bat izan
zuela. Aitonak ehun urtetik gora izango lituzke gaur, biziko balitz. Garai
zailak bizi izan zituela esatea afirmazio delikatua da gaur egun. Garai
ezberdinak bizi izan zituela esango dugu.
Antza, nire
amak esanda, aitona ez zen jakinduria politiko handiko gizona. Etxeko ekonomia
menperatzen saiatzen zen eta gertukoenei zuzenean eragiten zizkieten gauzetan
ziharduen. Ordurako, ordea, espainiako Guda Zibilaren zama zuen bizkarrean.
Francoren bandoan borrokatu zuen, nire ustez hauek izan zirelako lehenak
baserrira heldu eta besteen (errepublikazaleen, besteak beste) aurka tiro egin
behar zuela esaten.
Paradoxa ondokoak
erakusten du: urte batzuk beranduago, Francoren erregimen faxistak zirauen
bitartean, Lukasek, nire aitonak, ura eta jatekoa igotzen zizkien mendian zuen
txabola batean ezkutaturik zeuden ETAkideei; erreferentzia izanik, ETA, aipaturiko
erregimen totalitario haren aurkako borrokan. Atzo, txabola zegoen tokira begiratzen
genuela (gaur egun arrastoak besterik ez dira geratzen) kontatu zidan aitak
handik pasa izan naizen oro errepikatutakoa. Espero dut egunen batean
azaldutakoa nire seme-alabei kontatu ahal izatea. Testuinguru
historiko-politikoa ahalik ondoen azaltzen saiatuko naiz, bai jauna! Ez dut
ezagutzen militante haiek handik aurrera izandako ibilbidea.
Edonork
pentsa lezake gaurko egunean preso hartzen dituzten ETAkideek zorte hobea
dutela orduko haiek baino; izan ere, orain egun gutxi ibilbide luzeko mediku
forentse batek esandakoaren arabera, hasi zenean, atxilotutako euskal presoen
ehuneko ehunak tratu txarrak jasaten zituen. Orain egoera bestelakoa da, bai,
baina ez benetako gaizkileei gupidaren zentzua piztu zaielako, euren
interbentzioak kontrolatuago daudelako. Eta hala ere jakin nahiko nuke...
Mendekuaren
beharra ordea ez zaie apaldu. Estrasburgoko auzitegiak dio espainian tortura-kasuak
izaten direla, eta Estatuak giza eskubide oinarrizkoenak urratzen dizkiela
euskal presoei. Eta ez dira lotsagorritzen. Are gehiago: orain gutxi (eta gaur
arte, ziur) gure herrian preso politikorik izan badenik ere ukatu egiten zuten.
Ikustagun: Euskal Estatua eraikitzea helburu duen erakunderen bateko kide
bazara eta ezkerreko politika sozialistaren militante aktiboa bazara, delituren
bat leporatuko dizute eta espainiako kartzelaren batera bidaliko zaituzte,
urrun, ez dezazun eduki aukerarik zure jardunarekin edo pentsatzeko moduarekin
gazte “deseroso” gehiago sortzeko. Alegia, aurretik aipaturiko baldintza horiek
betez gero, xehetasunean diseñaturiko estrategia bati jarraiki eraikitako patua
oparituko dizute zuri eta zure familiari, “ohiko preso”-ei ez bezala. Hori bai,
“ez eskatu amnistia osorik; hori erokeria bat da!” Bada, gauza bat esango
dizuet: amnistia osoaren aukera aztertu ere ez egiteak agerian uzten du
iraganean bizitzeko duzuen joera tristea, eta agerian uzten du, baita ere,
larriagoa dena, defendatzen duzuen kartzela-sistemak ez duela xede presoak
bergizarteratzea; izan ere, zuen legeak kanpoan uzten duen erakunde armatu
aktiborik gabeko eszenario honetan, ziurra da preso ohi batek ez duela bertan
parte hartuko kartzelatik irteten denean. Zuen beldurra ez da hori; zuena
mendekua da, gorrotoa. Ez saldu bestelako ipuinik. Gaizkileak zeuok zarete,
espainiako egungo espetxe-politika defendatzen duzuen horiek.
Azken lerro bat Iosu eta gainerakoei.

1 comentario:
Apa hi!
Gustora irakurri diat hire hausnarketa.
Egia da: bizitza honetan gauza batek beti dakar bestea, ibili nahi duenarentzat behintzat (mendian gora edo kalean behera). Garai gogorra dirudi aipatzen duzun mendeku hori jasan behar dutenentzat, orain artekoa ere hala izan den bezala, batzuentzat zein besteentzat (batzuentzat besteentzat baino gehiago agian, nondik begiratzen duan). Hala ere, nire esperantza da "etsaiaren" aurkako politika mendeku hutsean oinarritzen duena, epe motzean besteari min handiagoa egin arren, epe luzera bere burua gero eta horma lodiagoetan preso hartzen ari dela. Hain justu, mendeku politika horretan ezkutatzen da historikoki indarkeriarekin estali duten arazo politikoa. Hitzez, halakorik badenik ere ukatzen duten arren. Modu batera edo bestera, sinetsi nahi dut ez dagoela pertsona eta herri guztien errespetua, aukera berdintasuna eta erabakitzeko ahalmen erreala mendeku itsuarekin konponduko dituen botererik. Hori bai, epe luzerako esperantza politikoak, arrazoiak, duintasunak... ez dute Iosu eta gainerakoen mina (eta politikoki, haiekin dagoen herriarena) desagerrarazten.
Horregatik jarraituko dugu amnistia osoa aldarrikatzen; egungo errepresaliatuentzako amnistiak etorkizunerako Euskal Herriarentzako ere balioko duelako. Eta hori lortu bitartean, sufrimendu hori goxatzen ahaleginduko gara, elkartasun keinu xumeekin bada ere. Bitartean, idazten, muxuak bidaltzen, kantatzen, bertsotan, begirada batekin dena esaten... jarraituko dugu, mendekuzaleek ulertzen ez duten hizkuntzan. Mendekuaren aurrean, maitasuna da "gure territorio libre bakarra".
Segi horrela!
Publicar un comentario