2008/11/08

Guztiok bat?

Asperturik naukate, eta nazkaturik, aberriaren salbatzaileek. Narda sentitzen dut, super euskaldun sentitzen den batek, maila ustez baxuagoko beste batekin gurutzatzean sentitzen duen mespretxua sumatzean. Asko dira garuna txiki eta amorrua handi duten gazteak. Ez dakit beste herrialdeetan, baina geurean, tamalez, horrelako gazteek sasi-abertzaletasunean aurkitzen dute irteera. Ez diezadala inork gaizki uler, faborez. Anitzetan sentitzen dut amorrua, neuk ere, herri honen egoera politikoari begirada bat botatzean. Baina, bereiz ditzaket nire amorrua sortu, eta beraz, pairatuko dituztenak, gainontzeko guztiengandik. Ez dut ulertzen, aberkide abertzaleak mespretxatzean ekintza abertzale (hau da, “aberriaren aldeko”) bat egiten ari dela uste duen inor.

Ez al litzateke egokiagoa izango independentziaren alde gauden guztion indarrak batzea dependentzia egoera errepresibo hau eragiten duenaren aurka? Badirudi jendeak ez duela hain garbi ikusten. Herri bat ez du sortzen, ene ustetan, biztanle guztiek ideia bat konpartitzeak. Herri bat, hori baino zerbait gehiago badela uste dut. Herri bat, nortasunak egiten du, hizkuntzak, kulturak, aniztasunak, biztanleen aniztasunak.

Niri, esate baterako, ez zaizkit euskal dantzak gustatzen, pilota partidek aspertu egiten naute, trikitixak burukomina ematen dit eta ez ditut marradun kamisetak erabiltzen. Bestalde, capoeira ikasiko nuke gustura, patinarekin aritzen naiz, ska-punk eta heavy-a abesten ditut eta galtza nahiz zapatila zabalak jantzi ohi ditut. Ezagutzen nauen norbaitek euskalduna ez naizela uste badu, esan diezadala aurpegira.

Askori betetzen zaio ahoa sozialismo, tolerantzia, mestizaia eta abstraktutasun handiko beste hitzekin. Beno, neu, izatez, mestizoa naiz, eta harro nago, euskal kulturaz gain, kultura espainiarra ezagutzen baitut jende askok baino hobeto. Familiaren erdia kanpotik etorritakoa da, garai ekonomiko zailetan, lan bila. Egungo neure aberriak, besoak zabalik jaso zituen nire arbasoak, hauek gehien behar izan zutenean. Ez naiz batere lotsatzen, eta ez dut uste hala beharko nukeenik, aniztasuna baita, berriro diotsuet, ene ustez, Herri bat, eta kasu honetan pertsona bat, osatzen duena. Euren lurragatiko maitasuna mantentzen badute ere, errespetu handia diote dena eman dien herriari. Hauen seme-alabek, senar-emazte euskaldunak izan dituzte, eta, aldi berean, seme-alaba euskaldunak. Ni neu horietako bat. Ezagutzen nauen norbaitek euskalduna ez naizela uste badu, esan diezadala aurpegira.

Potrotaraino nauka gai honek.

Barkatu begi urdineko gazte ilehori garaia ez izateagatik… baina, hala ere, Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

"Denok eman behar dugu zerbait..."

1 comentario:

Anónimo dijo...

BONA NIT Bartzelona aldetik. Zmz?

Bueno egiya esan, nei de gai horrek sutan jartzeit ta dexentetan hitzein det hortaz.
Euskalduna izatian esterotipua izango litzateke izenburua. Euskalduna zer da kamiseta marraduna, salomonak, ternuako txaketa dakana?(Holako mila adibide). Netzat euskalduna izatia sentiendu bat da, eztijuana bat hainbat aspektukin, Adib.: jantzteko era, jatorria...
Zeatik ezin du errusiar jatorria dakan batek euskaldun sentitu??

Jugatx